You are currently browsing the tag archive for the ‘ondarroa’ tag.
2009ko urrian OHZk baxurako arrantzari buruzko jardunaldiak antolatu ditu.
Jardunaldi hauek lantzeko, aurretiaz arrantza mota horretan aritutakoekin elkarrizketak egin zituzten OHZko kideek.
Hemen dauzkazu erakusketan irakurri ahal izan ziren paneletako testu batzuk.
SANTA KLARA ARRANTZALEEN KOFRADIA
Euskal Herrian eta Kantauriko kostaldean orohar, Erdi Aroan arrantzaleak euren interes amankomunak babesteko elkarteak eratzen hasi ziren, kofradiak deiturikoak. Arrantzaleen patroi nagusia San Pedro denez, ohikoa bere izena hartzea zen, baina Ondarroan arrantzaleak Santa Klara aukeratu zuten euren patroi bezala. Kofradien erakundetze prozesua hau bi boladatan burutu zen: lehenengoa XIV. gizaldian (Lekeitio, Bermeo, Hondarribia…) eta bigarrena XVI.tik aurrera (Orio, Pasai-Donibane, Getaria…). Orain arte ezagutzen denez, Santa Klara Kofradiaren lehen araudia 1593koa da, eta horrek bigarren txandan kokatzen gaitu. Hala ere, kofradia askoz aurretik sortu zela esateko zantzuak egon badaude.
(Pedro Gimonen kofradia zaharra)
1541eko udal agiri batean zera esaten da: “Auto de Lizencia que se da a Domenja de Ibiri por beata de la Cofradia de Santa Clara”. Eta 1487ko Bizkaiko lurmuturren zerrendan “Santa Clara o la Peña Mayor, punta a la margen izquierda”. Ordura arte, “Peña mayor” -edo seguruago “Haitx-handi” edo “Harri-handi”- deituriko gune horrek Santa Clara izena hartzeko, ermita eraikita egongo zen. Nork ordainduta? 1593ko araudiak eta hurrengoek behintzat, argi uzten dute ardura hau kofradiarena zela. Perez Rubioren ustez, kofradiaren erakundetzea XVI. mendeko krisialdi ekonomikoan kokatu behar bada ere, bere hastapenak XIV. egon daitezke. Lekuonaren ere garai berdinera garamatza, Santa Klararen ereserkiaren doinuak gotikoa dela baieztatuz. Bitxikeria bezala, serorak, ermita garbitu eta mantentzeaz arduratzeaz gain, suak egin behar zituen ekaitzak gertatzen zirenean txalupei porturatzen laguntzeko.
Erakundetze prozesua aurrera eramateko oztopo latzak egongo ziren gainera, Espainiako Errege Katolikoek debekatu egin baitzituzten arrantzaleen kofradia guztiak. Ordura arte eratuta zeudenak erdi ezkutuan funtzionatzen jarraituko zuten, eta gainontzekoak eurena atzeratu. 1593ko araudiak eta 1638ko berrituak, Santa Klara kofradiaren funtzionamendua ezagutzeko datuak eskaintzen dizkigu. Garai hartako kofradiarik gehienen batzarretan udalerriko alkateak egotea derrigorrezkoa zen. Baina Erkorekak dioenez “… el grado ínfimo de intromisión concejil lo hallamos en Ondárroa”, eta alkatearen presentzia urtean behingo kontuak hartzera mugatzen. Erabakiak txalupa jabeek hartzen zituzten, ez arrantzale guztiek. Bilerak Ospittal Zaharrean edota Txurrukakuan burutzen zituzten, ermita urrutiegi baitzegoen bertara hurbiltzeko. Kofradiako agintari nagusia maiordomoa zen, eta txalupa jabeek urtero aukeratzen zuten. Hasiera batean bi zeuden baina 1638an bakarra aukeratzea erabaki zuten, kontu liburuak eta diruak gordetzen zituen giltza biren artean gorde behar bazuten ere.
Arrantzaleen kofradiak eginkizun hauekin sortu ziren:
- Lanerako ezinduta gelditutako arrantzaleei eta euren familiei laguntza gutxiengo bat eskaintzea
- Arrain gutxi zebilenean, arrantzaleei dirua aurreratzea, gero bueltatzekotan.
- Atzerriko espetxeetan preso hartutako arrantzaleen erreskateak ordaintzea; 1878tik aurrera soldaduzkarako ordezkoak ere kofradiak ordaintzen zituen.
- Itsas istripuak gertatzen zirenean, txalupa konpondu edo berriz egin behar zuen jabeari dirua uztea, fondo galdura edo pixkanaka itzultzekotan.
Ondarroako kasuan, Santa Klara ermitako kultuaren, seroraren eta konponketa gastuak ere kofradiak ordaintzen zituen. Ez zen konturik txikiena izango hilero meza bat ospatzen zen eta. Honez gain, beste herri batzuetako arrantzaleekin auziak sortzen zirenean, ordezkari nagusia kofradiako maiordomoa zen eta gastuak erakunde honek ordaintzen zituen.
Gastu hauei aurre egiteko, txalupa bakoitzak arrantzatutakoaren zati baten balioa kofradiaren eskuetan utzi behar zuen (gehienetan laurdena, gutxi batzutan erdi eta noizbait osoa). Prozesu hau kontrolatzeko arrain salmenta kofradiak berak bideratzen zuen, eta Ondarroatik kanpoko ontziek debekatuta zeukaten Ondarroan saltzea, kofradiaren baimenarekin ez bazen behintzat, eta beti ere herriko txalupen arrain guztia saldu eta gero. Arrain kontserba edo gertuketaren –eskabetxea, garai hartan- monopolioa ere kofradiak zuen, eta eskubide horren alokairuak ere dirua ematen zuen. Astean behin txalupa jabeak batzen ziren, eta astean zehar txalupa bakoitzak arrantzatutakoaren araberako etekin garbia jasotzen zuen; honen ostean partilla egiten zen: txalupako arrantzale guztien arteko diru banaketa.
XIX. mendean, sistema liberalaren hedapenarekin batera, arrainen merkatua zabaldu egin zen, eta kofradiak ordura arte izandako eskuduntza batzuk galdu zituen, kontserba monopolioarena besteak beste. 1909an, kofradia bitan banatu eta San Pedro kofradia sortu zen. 1909-1926 bitartean bi kofradia egon ziren Ondarroan: San Pedro eta Santa Klara. 1930eko hamarkadan Tostartekoen Elkartea sortu zen Ondarroan, eta testuinguru horretan, Arrantzaleen Kofradiako lehen lehendakari “tostartekoa” izendatu zuten: Pedro Larrañaga.
(San Pedro kofradia)
Kofradia Zaharra Pedro Gimon arkitektuak egin zuen, 1920an. Arrain salmentak lehen solairuan burutzen ziren, bolatokian:“… zeiñek saka eitten’ban, haretxen bolik urtete’ban, lumeruk”. Hau da, bolatxoak zeukan zenbakiak argitzen zuen zein erosleri zegokion erosteko lehentasuna. Mekanismo konplexu zein bitxi honen bidez, kutxan sartzen zen lehen bolatxoa kirtenari inork baino lehen sakatu zion eroslearena zela ziurtatzea zen nolabait, eta honek bazuen bere garrantzia, enkante sistema goitik beherakoa baitzen. “…tantas cajas de berdel, va la venta, rrrrra, hasten’ban prezixo baten haste’ban, kantaten, iual ba hogei pezeta hasten zan … handik hasten zan ba, diecinueve noventa, diecinueve ochenta, diecinuebe setenta (…) Boli solta … batek hartzen baban dana, kanpoa; eta zatike baixun eon ein bihir, dana salduarte”, kontatzen digu krixara ohi batek.
(bolalekua)
EMAKUMEEN LANA ARRANTZA MUNDUAN
Arrantza munduari buruz hitz egiten dugunean, normalean bururatzen zaigun lehen irudia gizon batena da. Gizon bat arraunean, gizon bat kainabera bat eusten, gizon bat sarea jasotzen, gizon bat arraina kaxetan gordetzen… Emakumearen irudia, gero agertzen da, seme alaba txikiekin, gizonaren zain itsasoari so… Baina arrantza iharduera azaltzea eta ulertzea ezinezkoa izango litzateke, lan banaketan emakumeek jokatu duten eta jokatzen duten papera aintzat hartu gabe. Ekoizpen egituraren ezinbesteko oinarria izateaz gain, emakume batzuk ardura garrantzitsuak bete dituzte zuzendaritza lanetan. Adibidez, 1820-1821 bitartean, Ondarroako Santa Klara Arrantzaleen Kofradiako maiordomoa –gaurko lehendakariaren parekoa- Ana Maria Etxebarria izan zen.
Arrantza iharduerarekin lotuta dauden aktibitateetan lan egin duten emakumeak lau esparru nagusitan sailka ditzakegu: baxurako txalupetako “krixarak”, arrain saltzaileak, sare konpontzaileak eta arrain kontserba fabriketan lan egin duten emakumeak. Lau arlo hauez gain, emakumeek beste hainbat lan egiten zituzten, arrantza iharduerarekin lotura zuzena eduki arren, ezin ditzakegunak ogibidetzat hartu: hala nola, despixka, tretzak egitea, amuak enkarnatzea eta malutak egitea, otzaren mailegua, txirla bilketa eta abar.
XIX. mendeko erroldetan kostaldeko herrietako emakumeek arrantza sektorean betetzen zuten eginkizuna islatzen ez bada ere, beste agiri eta testigantza batzuei esker jakin badakigu emakumeek paper garrantzitsua jokatzen zutela arrantzaren inguruko ekonomia suspertzeko orduan. Gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea bazen behin lehorrean arrainaren deskarga, prestaketa, garraioa eta salmentaren ardura emakumeena zen, ia oso-osorik. Ez hori bakarrik: zenbait kasutan itsasora irteteko arrantzaleak deitzea ere –esnatzea, azken finean- emakumeen eginkizuna izaten zen; baita euren senar, aita, seme edo nebentzat, itsasorako janariak prestatzea eta jaki potoetan gordetzea edota euren arropak garbitzea.
Arrantzaleen emazteek gainera, bikotearen lan arriskutsuak eragiten duen urduritasuna jasan eta bere presentziarik gabe erabaki behar izaten dituzte seme alabak hezteak dakartzan konturik gehienak. Erabaki batzuk momentuan hartu behar izaten dira, eta ezin dira bikotea itzuli arte atzeratu. Ordurako, jada konponduta edo konponbidean dauden arazoak ez kontatzeko joera ere badago, eta zenbait egoeren larritasuna txikitzekoa; beste gauza batzuk ahaztu egiten dira. Etxean sortu daitezkeen arazo edota. Horietako batek bigarren umea erditu, eta egun batzuetara gizona mare luze bat egitera joan zitzaion, lehen aldiz: “… umi jaixo zan (…) eta bera jun zan itxosa hillin bixin, berrotabost eguneako. Ni ume biaz etxin: txikixe eun buzti near te near te near te near, kolikukin”.
Senarra atzerrian lehorreratzen zen astero, eta hutsik egin gabe deitzen zion, gauzak nola zihoazen galdetzeko: “– Zelanik eta? – Ondo… Z’esan bihi’netsan ba? Txarto? Zetako? (…) Zea ein bihi’stan berak handixek”. Egoera hauetan emakumeen artean elkartasuna garatzen da: “… beti topate’zu baten bat” dio batek, “… baiñe andrazku” zehazten du besteak, ohikoena familiako norbait, ama, ahizpa edo koinata, eta beste batzuetan auzokoren bat, etxe barrukoa.
Nahitaez, egunerokotasunean kezkarik gehienak norberak pilatu behar horrek, zama astuna bihurtzen da, arlo fisiko zein psikologikoan. Gaur egun, txalupen teknologiaren garapenari esker, itsas hondamendiak ez dira hain ohikoak, baina mendeetan zehar ustekabean sortutako galarrena bat nahikoa zen dozena erdi batel ondoratu eta berrogei arrantzaleri bizia kentzeko. Horrelako zorigaizto kolektiboak gertatzen zirenean, txaluparik gehienak etxekoak zirenez, ekaitz batean familia bereko hiruzpalau lagun hiltzea gertatzen zen.
Emakume hauetariko batzuk, arazoei aurre egiteko, -senarraren heriotza, gaixotasuna, alkoholismoa…- familia beste oinarri batzuen gainean berrantolatu behar izan dute, rol familiarren inbertsioarekin. Emakumeetariko batek dioskunez, gizonak edariari uztea lortu zuenean. Etxearen karguan gizona utzi eta hilerokoa irabazteko ardura beregain hartu zuen: “… neuk esan neban, bueno, ba ni neu kapaz na biximodu atateko; nik Ondarrun jende asko ezautzen dot, ta niri ondo erantzungo’ste, eta arriesga eingo na. Ein neban hoixe tabernioi hartu! Ta ein neban gizona itxosutik kendu (…) gero úmin kargu bera eitten zan”.
Zentzu honetan, inolako zalantzarik gabe baieztatu dezakegu emakumeen parte hartzerik gabe arrantza iharduerak ez zuela aurrera egingo, ez Ondarroan, ezta ziurrenik kostaldeko gainontzeko herrietan ere.
KRIXAREN LANA BAXURAKO ARRANTZAN
Ondarroan, sasoirik hoberenetan, 150-200 bat emakume arituko ziren krixaratzan, eta euren ekarpena funtsezkoa izan zen arrantzaren ekonomian. Italiarren kontserba fabrikak ailegatu zirenean, txalupa jabeek ez zuten begi onez ikusten emakumeak fabrika horietan lan egitea “… ain zuzen be emakumeak txalopen arduretako faltako ziran bildurrez”, A. Zubikaraik dioenez.
Txalupek atrakatzen zutenean krixaren lehen lana arrain mota eta kopurua jakin eta kofradian horren berri ematea izaten zen. Honen ostean “… maiñeruk arraiñe ataten haste’zin, andrak be laundu eitte’otsen baforetik moilla gaiñea maiñerúai, ta gerokun lihorrin moilla gaiñea altzatakun, harek benta eruti, (…) eskuko karrun te eskutan ekarte’ben krixarak, maiñeron batek laundute bebai, eta ekarten’ben kofraixa”, eta han idazkariak txalupa bakoitzeko krixarak zekarrena apuntatzen zuen.
Kofradiako beheko solairuan, arraina kopaletetan erakusten zuten. Muestra horietan oinarrituz, aurrikusten zuten erosleek salmentan eskainiko zuten prezioa. Prezio hau hiru faktorek baldintzaten zuten: arrain kopuruak, kalitateak eta tamainak. Arraina saldu ostean, krixarek arraina pisatzen zuten, erosle bakoitzari bere kaxak banatzeko. Gero erosleek eramandako “… otzarak jauetu, garbittu eta gerokun bodega erun”, edo txalupa ondoan sikatzen utzi behar zituzten. Premia zegoenean zortzi ordu baino gehiago egoten ziren arrainaren salmenta prozesuak zekarren lanetaz arduratzen, eta antxoa sasoian gehiago.
Neguan papardoetarako eta bisigutarako garnata legez erabiltzen zen antxoa txikia udazkenean arrantzatzen zenez, barriletan sartu eta gatza emanda kontserbatzen zen. Hotzak “… ure konjelate’ban”. Barriletan izoztutako garnata banatzeko, “… esate’ban iual bodegan emon bihi zanak ze: – Etorri zaitteze danok batea. Iá sartutakun emon bakoitxai, baldan emote’tsen ba raziñoi, (…) zemat tretza ba haetxenbeste (…) Ta gero bestik etorten zinin osteabe atzamarrak konjelata ta osteabe sartu ein bihir. Ta ongo moduku ez euan ee, katxarru sartu edo, keba, eskuaz eee ein bihi’zendun”.
“Krixaratza”k zekarren esfortzu fisikoaz gain, aipagarria da emakume hauek jasaten zuten presio psikologiko etengabea. Arrain erosleek baldintzatutako salmentaren testuinguru ezegonkorrean, “zemat eta arraiñe ariñaua pixa eta zemat eta moilla gaiñin gitxiaua euki arraiñe hobeto, ze kamioi gitxi euan. Ordun gu ibiltten giñan (…) zeure arraiñe saltzen zaneako kamioneruai diar eiñ: – Zu laroi kaja dakat honentzako, edo ehun te berrotamar kaja akat, bentan dakat: danok ibiltten giñan alkarrei kamioneruk ohosten, alkarrei sakadaka, alkarrei burrunbadaka”.
Zein zen lan honen guztiaren ordaina? Ba krixara bien artean arrantzale baten soldataren hiru laurdenak kobratzen zuten. Hau da, krixara bakoitzak tostarteko baten soldataren 3/8 kobratzen zituen! Gainera batzuen kasuan lanaren ordainsaria ez zuen patrikerarako, bere soldata ekonomia familiarrean txertatzen baitzen: “… etxeako, gurasuntzako. A ver! Amak laako’tsun zeuri hartzen, gitxi baeukan diru”. Lehentasuna bizirautea zenean, familiak osatzen zuen unitate ekonomikoaren interesa, norbanakoen premien gainetik jartzen ziren “…gu gaztik giñan, eta ordun ba: – Zuek baakazue paateko e denpori te halaku te holaku te bestelaku te, ez gendun ordaindu, ez gendun kotizaten, bakarrik kotizaten gendun, azidenti ixe pasaten bagazkun”
ARRAIN SALTZEN
Ondarroako arrain saltzaileen artean hiru talde bereiz ditzakegu: arrantzaleen emazteak, azokan postu bat zeukatenak eta herritik kanpo saltzen zutenak. Arrantzaleen emazteen edota alaben kasuan, etxeko gizonek ekarritako arraina saltzen zuten. Normalean ez zuten genero askorik edukitzen eta eurek zuzenean saltzen zuten, salmenta beste baten eskuetan uzteari baino etekin gehiago ateratzen zioten eta. Ez zeukaten postu bat arraina saltzeko, baina bai gutxi gorabehera leku finko bat.
Normalean postuaren ardura biren artean zeramaten, eta bata arraina saltzen zegoela, bestea sartzen ziren txalupengana hurbiltzen zen, arraina erostera: “.. mahaixe ipini bihi’zan, barra jun, arraiñe erosi, gero karretillan ekarri, eta saldu harei; (…) Gerokun, plazaku amaitzen zanin, ke trasto guztik hara, kalea pasa ostea be, han be ipini … eta egun guztin hantxe. Barra, illuntzin de, arraiñe ekarri, bestin ekarten ez gendunin, goixin ama jun dala ta ni geatu; eta holantxenik eitten gendun bat jun eta bat etorri”.
Beste arrain saltzaile bat hamalau urterekin hasi zen kokotxa eta tripaki salmentan: “… “Txapero”neko karretilli hartu (…) barra arte jun, harek lehenako kajak, zuek ez dozue ezautu be ein, kaja oholezku, holako totuerako kajak ixate’zin, kaji jauste’zanin, bum, eitte’ban. Holakoxe kajak hartu arraiñin, ee horrek e, tripa barruk, et’ekarri plaza, plazan pixo txiki bateaz saldu, eta ezin baneban dana saldu, hartu autobuse ta Mutrikure. Nekuan gixónan beste partilla haretxeaz. Osea gixónai tokaten baakoen hamar hoberleko, neuri be hamar hoberleko”.
Langostak jada egosita saltzen ziren. Hankak egoki tolestu eta subilarekin lotzen zituzten, soka fin bat, egosterakoan ez apurtzeko: “… gogor hori ein baik, eh? Patak ez eskapateko. Ze pata bat edo apurtzen bazan, iual handixek urtete’tsan dana ta (…) hutsittu eitten zan euran barruko ee, hori, mamiñe”. Behin egosita Urberuagako bainuetxean saltzen zituzten, udara aldean turistaz gainezka egoten zenean.
Beste emakume batzuek zuzenean Ondarroatik kanpoan saltzeko erosten zuten, hauek ere txikikari legez. Oinez joaten ziren Bolibar eta Iruzubieta inguruko baserrietaraino. Baita Itziar bidean “Aitzmotz” bidelapur famatuarekin topo egin zuenik ere. Autobusak hasi zirenean, Elgoibar eta Eibarrera hurbiltzea erraztu zen, kutxak autobuseko gordelekuetan sartuta.
SARE KONPONTZAILEAK
“Beti sarik irabazi eitte’tsa pertsoniai” Derrigorraren eta bokazioaren artean
Txalupa jabeak ziren etxeetan, beti prestatzen zituzten familiako pare bat edo hiru emakume sare konpontzen ikasteko. Saregile batek azaltzen duenez, “eskolatik urtenda be beti ama euan parajea juten nitxan, ta beti hantxe eoten nitxan. T’etxin be eitten neban iual, danak lota jun te gero, zati bat hartu, ebai neuk artazixakin te neu hasi konpontzen ta (…) Osea, berez ikasi neban edo, haiñ asko gusta ixan gazta sari konpontzi, nik pentsaten dot berez ikasi nebanela. Gero ama ixan neban maistri famau…”.
Txalupa jabeen familietakoak ez ziren emakumeek, “alogerin” lan egiten zuten, “… etorteko, hamar andra bihi’ttule harek eta, alogerea”, hau da, txalupa jabeen premiaren arabera, soldata baten truke. Baita txalupa jabeak ziren familietako emakumeak ere, eurenean lanik ez zutenean: “… lehelengo zeure txalopa juten ziñan, baiñe gero beste txalopeta”. Egon bazeuden txalupa edukita ere, etxean saregilerik ez zuten familiak, ez zekitelako edo ez zutelako horretara jarri nahi. Hauek saregileak kontratatu behar izaten zituzten.
Kotoizko sareetatik niloizko trainetara
Lehorrekoentzat guztia sarea bada ere, sarea eta trainaren gauza ezberdinak dira. Bolintxean zebiltzan txalupek erabiltzen zituzten sareak kotoizkoak ziren, trainekin alderatuz askoz txikiagoak, ahulagoak eta teknikoki sinpleagoak. Niloiaren aplikazioak trainak handiagoak, gogorragoak eta teknikoki konplexuagoak bihurtu ditu. Niloia Italiatik etorri zen; kotoiarekin alderatuz saskarragoa zen, berehala korapilatzen zen eta gogorragoa zen lanerako, saregileen atzamarren kalterako. Trainaren mekanismoa ezberdina da lehenako sareekin alderatuz, konplexuagoa: tranpillak, zirri-zarri, arrain-boltsi edo txikota…. Niloiaren sarreran trainen neurriak handitzeko aukera eman zuen. Gaur egun gutxienez 350 metrotako luzera daukate, eskatzen dituen beste kankamo guztiekin.
Trainen luzera handitzean, papuak josteko modua aldatu behar izan zen. Ohituraz beti papuak goitik behera josi izan dira, bat ezkerretik eskuinera josi behar zirela konturatu zen arte. Hasiera batean gutxik aplikatu zuten bere teoria, baina denborarekin bere intuizioa zuzena zela frogatu da: “… esan netsan: – Zeuk ze ideate’zu? Treiñe, hau goittik behera (…) botaten bada hau mailliau eitten da txikittu, itto, itto eitten da. Baiñe hau trabes eitten badakazu mailli eitten da zabaldu (…) harek ez ekixen. Nahibeste urtin patroi, ez ekixen”. Saregileak etengabe egon behar izan dira egokitzen arrantza arloan burutzen aldakuntza teknologikoetara.
Sarea apurtzen denean, gizonek soka zuriarekin erdi konpontzen dute, itsasoan bertan. Gero bilatzeko ere errazagoa da saregileentzat. Apurketa txikia bada traina lehorreratu beharrik ez da egoten, emakumeak eurak sartzen baitira txalupan. Txalupak katean lotzen ziren garaietan gainera, saregileak bateletan joan behar izaten ziren bertara, eta han gelditzen ziren, isolatuta eta eguraldiaren menpe. Marenek dioenez tingloian eta bodegetan lekurik bazegoen, han josten zituzten, aterpean. Bestela, kofradia berriko nasan josten zituzten, inolako aterperik ez zegoenean. Euri zaparrada botatzen bazuen lana uzten zuten, baina zirimiria hasten bazen, esku tartean zeukatena amaitzen ahalegintzen ziren.
Apurketa tarratara hutsa bada, konponketa errazagoa da, eta “a lo Clementina” deituriko teknikaren erabilpenak, lana arintzen du. Luzaketara barik, traina norabide ezberdinetan zehar triskatzen denean, beste modutako arazoak sortzen dira; trainak papuren bat galtzen badu, zer esanik ez. Aberixa zailak gertatzen direnean, nabaritzen da maistraren jakituria, apurketaren jatorria eta konponbidea identifikatzen ez duen bitartean gainontzeko saregileak ezin direlako lanean hasi. Aberixa baten aurrean, maistrak esku tartean dituen sare puxketekin eta begirada hutsarekin –esan bezala, traina ezin da oso-osorik zabaldu- apurketa aztertu eta kalkulu zehatza eginez, saregile bakoitza norabide jakin batean josten jarri behar du. Norabide hau ondo zehaztea funtsezkoa da, bestela lana bukaezina bihurtzen da. Arantzaren esanetan, “mailla erdika batek, oker hartu eta ezin bete treiñik”.
1960ko hamarkadan saregileek estuasunak izaten zituzten txalupa guztien eskakizunei erantzuteko: “Presiñoi, presiñoi handixe. Ta zapatutan biharra eitten gendun” Antxoatean lan asko egiten da jai egunetan, hain zuzen txalupak gelditu egiten direlako. Asteburuetan, arrantzaleak eta gainontzeko herritarrak atseden hartzen ari diren bitartean, saregileak lanez gainezka aurkitzen ziren sarri. Gaur egun, jada hasitako konponketa batekin jarraitzea ez bada, goizeko zortziak arte ez dute jakiten egun horretan lan egingo duten ala ez. Eguraldi txarrarekin apurtuta badatoz, ez da inoiz txalupa bakarra etortzen, bi edo hiru baizik. Beraz, egun batean lanik ez eduki arren biharamonean lanez gainezka egotea gertatzen da, guztiek ere trainak lehenbailehen konpontzea nahi izaten baitute.
Paradoxa hutsa da, autonomoak izanda, saregileak lanera deitzen dietenean joaten direla, hau da, jabeen premien arabera, soldatapeko langileak bezalaxe. Baxurako arrantzaren beherakadak bi esparru hauek zuzenean kolpatu ditu, eta familiari lotutako ogibide bat izatetik, kanpoko txalupen eskariaren menpe bizitzera pasatu dira saregileak.
1936ko gerraren aurretik saregile kopurua 200 ingurukoa zela kalkulatu dezakegu. Gaur egun, ordea, zazpi saregile baino ez dira gelditzen, horietatik bi maistrak. Gazteenak 49 urte izango ditu. Gazterik ez da apuntatzearen arrazoi nagusia finkotasun gabezia da. Erakunde ofizialen aldetik ez da ahalegin handirik egin ogibide hau mantendu eta zabaltzeko, eta ondorioz: “… desagertu eingo da. Harek bixak desagertzen dizenin, ba guk ez dou jakingo biharrai agarraten”.
KONTSERBAGINTZA
XIX. gizaldian kontserbagintza sustatu zuten hainbat faktore bildu ziren: 1851ean, Mutriku eta Ondarroaren arteko bidea egin zen, eta urte gutxitara Zubi Berria eraiki zen; horri esker, Deba Arrotik zehar Araba eta Gaztelarantz zihoan bidea zabalik gelditu zen Ondarroako arrainkientzat; ojalata edo burdin zuriaren asmakuntza ere funtsezkoa gertatu zen; arlo politikoan, liberalismoak arrantzaleen kofradiek mantentzen zuten monopolioa kendu, eta ekimen pribatuari ateak zabaldu zizkion kontserbagintzari. Ondarroako lehen fabrikaren aipamena 1863koa dugu, Jose Zelaiarena, eta bigarrena 1868koa, Eduardo Nafarraterena.
Antxoa gazitzearen teknika garatu zuten lehenak italiarrak izan ziren, batez ere siziliarrak. Ohituta zeuden euren itsasertzean harrapatzen zuten antxoa gazitzera, eta horrela prestatuta hainbat janariren osagarri lez erabiltzera. Baina XIX. gizaldiko azkenetan antxoaren arrantza gutxitu egin zen Mediterraneo aldean eta Kantauriko kostaldera hurbiltzen hasi ziren, lehengai preziatu honen bila. Hasiera batean antxoak gazitu eta barriletan sartuta zuzenean Italiara bidaltzen bazituzten ere, gero berton zabaldu zituzten zenbait fabrika. A. Zubikaraik dioenez “Ezin ukatu bizitasun barria emon eutsanik antxoa gaziketari eta geroago antxoa gazitua filetetan zabaldu eta gertatzeari”.
Antxoa gazitzeko fabrikek “emakumeentzako lana ekarren, ordurarte ez egoalako antxoak filetetan gertuteko oiturarik. Eta emakumien lan ugari eskatzen eban. Eta orduko giza egoera da errudun, bai eskoletan ibili bear eben neska mutil txikien eskulana be. Berez filetetan gertuten dan antxoa ez da besterik antxoa gazitua, arrantzatu eta alik ariñen gazitutakoa, buru eta sakatzak atarata, eta iru-lau illabetetan “osatzen” euki eta gero garbitu, gatza kendu, paparreko azurtxoak ebagi, zati bitan banatu erdiko azurra osorik kenduaz eta gero antxoa tira orreik banan-banan latetan sartu eta orioz estaldu eta gertutea baiño. Dana da emakumeen esku biarra, geroago lata itxi eta sarratzea izan ezik”, dio A. Zubikaraik.
Antxoa fabriketako otzarak, hiru arrokoak izaten ziren, hau da, 37’5 kilokoak. Kamioira altxatzeko, gizon birek hegaletatik eutsi eta hirugarren baten laguntza behar izaten zen, azpitik lagunduta kamiora altxatzeko. Gainera arraina zimeltzen zenean otzarak pisu gehiago hartzen zuen. Horri sangratako –odol-hustutako- deitzen zitzaion, eta gehiago preziatzen zen. Sareetan gelditutako antxoa izaten zen normalean, despixkatzerakoan apurtu eta aparteko otzaretara botatakoa. Otzara hark gehiago pisatzen zuen, antxoa apurtuta, zapalduta, prentsatuta zetorrelako. Garestiago ere bazen, esaten zenez odol-hustatutako antxoa hobea baitzen latarako.
Hozkailurik ez zegoen garaietan, antxoarik gehiena freskoan gazitu eta zuzenean latontzietan sartzen zen, “eun batetik bestea eo, eun bixan”. Hemen ohiturarik ez izan arren Italian, eta orokorrean Mediterraneo inguruko herrietan, horrela kontsumitzen da. Garai haietan kamioi gutxi zegoen eta batzuk gurdian eramaten zuten antxoa fabrikara, estalita, eguzkitik babesteko, eta han egurrezko tina handietara botatzen zen, eta gatz askorekin nahasten zen, kontserbatzeko. Tina bakoitzean hiru arroko hamar bat otzara sartzen ziren, hau da, 375 kilo gutxi gorabehera. Tinak pixka bat zabalagoak ziren goitik, eta beherantz estutu egiten ziren. Neskek deskargatzen zituzten kutxak banaka banaka egurrezko tina borobiletara: emakume bi kamioia deskargatzen aritzen ziren eta beste bi antxoa tinara botatzen. Bien bitartean gizon batek gatza botatzen zuen.
Denbora bat uzten zuten eta bazkalondoan burua kentzen hasten ziren; beste batzuk burua kendutako antxoa beste tina batzuetara botatzen zituzten, gatzunetan garbitzeko. Gatzuna ura da, gatz lodiarekin nahastua. Harri txikiak bezalako gatza, otzaretan egoten zen.: “Hori iá laaten’ben denpora baten, eta bazkaldu te gero edo juten giñanin edo noix zan, hasten giñan iá ba buru kentzen. Batzuk eoten zin buru kentzen eta ha buru kendutako hori eruten zin beste tiña batzuta garbitzeko, odola kentzeko (…) salmueran”. Gatzuna antxoa tinetatik ateratzeko ere erabiltzen zen, bestela apurtu egiten zen ateratzerakoan. Tinetan parrila antzeko batzuk ezartzen ziren, antxoaren ezkatak behera joateko. Buru kentzaileak antxoa tamainaren arabera sailkatzen dute. Izan ere, ezin dira tamaina ezberdinetako antxoak sartu lata batean.
Antxoa burua kenduta, tamainaren arabera sailkatuta eta garbituta, enpakatzaileen eskuetara igarotzen da. Antxoak sartzen hasi baino lehen gatz geruza bat botatzen da latan, azpiko ilarako antxoak latan itsatsita ez gelditzeko. Ilara bakoitzeko beste gatz neurri bat botatzen zaio. Antxoa prentsatu edo trinkotu egin behar zen, ura ateratzeko. Zeregin horretarako harri borobil astunak erabiltzen ziren, lataren diametroa baino zertxobait estuagoak.
Fabrika batzuetan antxoa txikiena xerrak egiteko gordetzen zen, moñoak edo pelotak eginda, barriletan. Moñoak ukabilaren tamainako eskuko bonben formako antxoa multzoak ziren, gatzez blai. Pelota edo “moño” horiek barriletan sartzen ziren, bueltan bueltan, kanpotik barrurako espiral baten antzera. Haren gainean bigarren geruza jartzen zen, eta prozesu hau errepikatzen zen 300 kiloko barrila goraino betetzen zen arte. Lateroak tapa zarratzen zion eta kanporatu egiten ziren, balandretan Bilborantz, eta handik Italiara, moñoz betetako barrilak.
Hegaluzea bi eratara gertutzen zen: gatzunetan egosita edo oliotan frijituta. Burua eta tripak kendu eta bendreska moztutako hegaluzearekin, trontzoak egin, parrila batzuetan sartu, eta kate batekin eutsita parrila horiek galdaretan sartzen zituzten. Atuna xerretan mozten zen makinarekin, eta parriletan jartzen ziren. Hegaluzearen haragi zuria enpakatzen hasi aurretik kontutan hartu behar da zein neurritako ontzian sartu behar den, zerran lan egiten duenak lataren lodieraren araberako tatoak moztu behar baititu.
Despiskan
Sareen mailak zabalagoak zirenean arrain txikiak mailetan trabatuta gelditzen ziren, eta txalupa lehorreratzen zenean arrain horiek –antxoa nagusiki- apurtu gabe mailatik atera behar izaten zen. Sarean etortzen zen antxoa, manjuakoa esaten zena, saretik libre etortzen zen, eta zuzenean otzaretara botatzen zuten, baina sareetan sartuta gelditu zirenak askatu egin behar ziren otzaretara bota baiño lehen, eta maniobra hau ondo egin behar zen, arraina apurtu gabe, aprobetxatzeko zen eta. Marenek dioenez arraina “… saritan enpatxaten zan. Ta gero ba harek sarik ba libra ein bihi’zin. Hartu /// kapoti edo zeoze jantzi norberak, hartu holanik, eta dsa, dsa, dsa, otzareta. Solta ta otzareta, solta ta otzareta… Ta gaiñea ondo jakin bihi’zendun soltaten ze, alperrik galdu baik”. Maren baieztatzen duenez despixkarako ez zuen edozeinek balio, arintasunaz gain trebezia behar zelako, antxoari burua apurtu gabe saretik askatzeko. Bi otzaratan botatzen ziren, tamainaren arabera, gero handiagoak kutxetan gainean jartzeko.
Arraina aprobetxatzeaz gain operazio honen bigarren helburua sarea garbitzea zen, Josebaren amonak zioenez kentzen ez zen antxoa buru bakoitzeko, antxoa bat gehiago harrapatzeko aukera bat galtzen zenuelako, litekeena baitzen hurrengo antxoa zulo berdinean gertatzea, eta ez trabatzea aurrekoaren burua kendu gabe zegoelako.
“Despixkan” ez zegoen ordurik, gau eta egun lan egiten zen, premiaren arabera. Pilik ondo baino hobeto ezagutzen ditu despixkako kontuak, euren txalupak horren premia zuenean bera baitzen etxerik etxe joan eta zeregin horretan aritzen ziren emakumeei deitzearen arduraduna:
“Honek etorten zinin, despixkeruk, gure aittittak motorra zaatan ezautze’ban (…) hauntxe halakoxi ator ba tio Jose Mari, zan patroi, beran semi, geure tio, ontxe ator halakoxi: – Anda kontros, despixki, altza ein bihir despixka, despixkerúai diar eittea lehelengo. Ume moko bat nitxan ta jakiñ ein bihi’zan zeintzuk etorten zin despixka. Ta argirik bez on modun kalitan ta gauzetan ta…”
Ondarroako kale ilunetan barrena, etxez etxeko ibilalditxoa era honetara deskribatzen du: “Eta ni gazte, gazte, gazti dánai diar eittea juten nitxan: – Etorteko e tan tan tan tan tan, fulano! Etorteko despixka – Noa? – Koastenea – Bai, ondo da. Abante, bestea”. Ostera hauetan bizkor ibili beharra zegoen, sareak despixkatzeko premia zuten txalupa bat baino gehiago sartzen zirenean, euren arteko lehia egoten baitzen emakume trebeenak eskuratzeko. Hala, batzuetan, etxe batera heldu eta ordurako beste txalupa baterako hitza emanda edukitzea behin baino sarriago gertatzen baitzen. Gainera emakume hauek txalupa bat bukatzen zutenean beste batera joaten ziren, eskainitako alogeraren bila, “… hantxe irabazten gendun dirotxu bat ba”, Mirenen esanetan.
Despixka lanetan gizon zein emakume parte hartzen zuten arren, kontutan hartzekoa da emakume kopurua gizonena baino askoz altuagoa zela, gizonen kopurua txalupako arrantzaleetara mugatzen zen bitartean, emakumeak koadrilaka deitzen zituztelako. Trabatuta gelditutako arraina gutxi bazen despixka txalupan bertan burutzen zen, baina “… asko bazan ba ein bihi’zan altza moilla gaiñea, illaran jarri holanik, despixkan, hantxe eskiñan, moillan eskiñan ee moilla eskiñan jarri te, dale despixkan. Aa...”, kexatzen da Pili.
Despixka normalean gaur egungo Barazki Plazan burutzen zen, errio aldera zabalik zegoenean, “… ze dana libri zan, eta eskillarak bakarrik euazen”, Agurtzak dioenez. Plaza Gaina oraindik egin gabe bazegoen ere, plaza babesten zuen teilatutxoaren aterbean lan egiten zuten. Gizonek txalupetatik sarea Barazki Plazako moila gainera botatzen zuten, eta emakumeak arraina kendu ahala, sarea pasatzen joaten ziren. Sarea bustita egoten zenez, butxu-butxu eginda bukatzen zutela dio Mirenek:
“Eta han eskillaetatik altzate’ben txalopan ee sarik, eta altzate’oskuzen, ta gero guk e hartu, lau bost laun edo holan illaran jarten giñan, eta hartu e holan e hori, eta kendu te kendu… Hartu, kendutakun zati bat bota hona ostabe /// busti-busti-busti eindee…”
Barazki Plazaz gain Nasa Kaleko moila eta beranduago, Lesteko moila izan ziren despixkarako ohiko lekuak. Ordutegiei dagokionez, despixkara jaisteko abisua edozein unetan gertatu zitekeen, baina elkarrizketatuek gabeko lana gehiago gogoratzen dute. Agurtzak dioenez despixkan txandatan lan egiten zen, Mirenek zehazten duenez hiru txandatan, gaueko hamabietan hasita. Gauez hotz handia egiten zuenez Agurtzak kafesne beroa eta salda eramaten zizkion senarrari. Bere fabrikako nagusiari ez zitzaion gustatzen bere langileak despixkara joatea, nekatuago joaten zirelako bere fabrikara: “… ez gakon gustaten gure uazabai haraxe juti, ze esate’ban ze han biharra eindde, fabrikan bihir dan besteik ez dabela eingo”.
Arrantza mundutik bizi ziren familietako emazteen beste zereginetariko bat tretzetaz arduratzea zen. Hau da tretzak egitea, enkarnatzea –garnata ezartzea amuan- eta tretzak nahasten zirenean, askatzea. Baina azal dezagun lehenengo zer diren tretzak. Arraina sareekin harrapatu daiteke –antxoaren kasua-, edo kanaberarekin –atuna, esaterako-. Tretza, ordea, buiek eusten duten soka luze batean ezarritako amuen sistema da, normalean bisiguak eta lupiak harrapatzeko erabiltzen dena. Buia eta berunen bidez soka zein sakoneran luzatu nahi den neurtzen da, eta soka luze horretan, bost metrotik bost metrotara adibidez, beste soka meheagoak –subilak– ezartzen dira, eta hain puntan amua, garnatarekin. Tretzak luzatu eta denbora batez uzten dira. Zenbat eta arrain gehiagok irentsi amuak, tretzak pisu gehiago hartzen du, eta buiak gehiago ondoratzen dira. Hori izaten da tretzak batzeko seinalea. Baina ezer baino lehen tretzak egin egin behar dira, eta lan hori etxe barruan burutzen zen, emakume zein gizonek. Baina kontua da arrantzale bakoitza, hau da, familia bakoitza arduratzen zela bere tretzak egiteaz eta enkarnatzeaz, ez txaluparen jabea.
Tretzak egiterako orduan neurriak ondo hartzea funtsezkoa zen. Subilen luzera eta euren artean utzi behar zen tartearen arteko proportzioa gorde behar zen, subilak zenbat eta luzeagoak -edo tartea zenbat eta laburragoa- amuak elkarrekin nahasteko arriskua areagotzen baitzen. Zeregin horretarako mahaitxo berezi batzuk erabiltzen ziren. Jonek dioskunez bere aitak “… eukitze’ban, egurrezko mahai txikixak izaten zin, hamentxe eukitze’ban ultze bat, ta hamen holaxe ultzi, mahaixai sartute”. Amuak banan-banan iltze handi horretan trabatzen ziren, eta subilarekin orapiloa egin ostean, mahaiaren bukaerarainoko luzera ematen zioten, eta han moztu, subil guztiak neurri berdinekoak izateko. Jonek deskribapenarekin jarraituz:
“… hamen ultzin sartzen zan amu, sokiaz, amu josi sokiai, hamentxe, ta ha soki ekartzen gendun hona, ta ordun eitte’ban ebai, luzeri hartute eukitze’ban, hiruroi zentimetro, metro erdi eo… Ebai eitte’ban. Iual txorta baten berrotamar amo, ta gero harek amuk hartzen genduzen banan-banan, hola behetik agarrata, ta harek eitten gendun orapillu, harei danai. Soka guztiei, danai banan-banan-banan orapillu”.
Subil zati horiek buiek eusten zuten sokan lotzen ziren, elkarren artean bost bat metrotako tartea utziz. Garai hartako beste lan batzuekin alderatuz, ez zela lan gogorra diote elkarrizketatuek, batez ere etxe barruko epeletan burutzen zelako, baina bai astuna eta nekagarria. Bai behintzat tretza bakoitzak ehun amu inguru izaten zituela kontutan hartuta, eta familia bakoitzak bi edo hiru tretza egiteaz eta enkarnatzeaz arduratu behar zela.
Aurrerago aipatu denez, arrantzale familietako emakumeak lehenik eta behin txalupa jabearen arrain biltegira joan behar ziren, krixararen eskutik garnata jasotzeko. Emakumeak diogu eta ez emazteak, ezkonduta egon arren lan hori arrantzalearen amak betetzen zuen kasu bat baino gehiago aurkitu ditugulako. Arantzaren amak, adibidez, semearen tretzak enkarnatzen zituen, eta Arantzaren senarrarenak bere amak. Berak ez zuen lan hori maiz egin beharrik izan, baina tretzak enkarnatzeko prozesua ondo ezagutzen du:
“… bodega jun bihi’ziñan baldiaz bille ta emote’tsuen karnati, poto bi edo hiru poto edo, tretza bakoitxantzako ba honenbeste. Ta zuk ein bihi’zendun haxe, haxe ar haxe antxobi hantxe euana, hiru zati eitten gakon (…) beixe, beittik lehelengo sartze’zan amu, beixe, dobla ta buztena, holantxenik (…) eta abante ostabe, han zuz beste amuana. Ta amo batetik bestea iual eukiko’ban e metro bi edo metro bat edo (…) hantxe tablan ipinitte juten zin danak”.
Tretzak ondo enkarnatzen jakiteak bazuen garrantzia, eta emakume bakoitzak operazio horretan zuen trebetasuna edota kemena txalupan nabaritzen zen, tretzak luzatzerako orduan, ondo enkarnatuta ez zihoanaren garnata askatu egiten baitzen, tenik txikienarekin. Arantzaren esanetan “… hantxe be ondo enkarnata ixune ekarte’ban arrain gehixaua eta zeozelaik enkarnata ixune, bota antxoak juten zin ee, hara, kalatxoixakana, pir part, gorutz”.
Noizean behin tretzak nahastu egiten ziren, txalupatik luzatzeko operazioan: “Nahiku zan amo bat txarto, harek danak eruten zittuzen trabes. O obillu eindde jausten zin, eta harek alper alperrik euazen…”. Horrelakoetan askatu egin behar izaten ziren, soka moztu eta berriz lotzerik ez zutelako nahi. Arantzak dioenez: “… nahi ez ebai. Ze dana be ixango zan errezaua ebai te orapillu eitti, baiñe ebaitte be peni. Ta hareik ezin librata, luzera guztin ipiñi”. Nahastea oso handia zenean emakumeek kalera irteten zuten askatzera, gauzak artez egiteko lekua behar zelako. Emakumeen ardura izan arren, gizonek ere laguntzen omen zuten: “… etxin ezin bazan alameda ta bajaten zin, kofrai atzea ta kafeko atzea ta. Ta edozein gixonek laguntze’otsen. Ez nahi, apurtu nahi ez ta, ze apurtute gero orapillu, gero botateko ostabe txarto ba ta, libra nahi te hantxe”.
Pazientzia handia exigitzen zuen lana izaten zen: “Danak eukitte’ben amu te orapillu, amu te orapillu, gaitxe ixaten zan. Ta esakeri euan: – Zea. Mojak librako’tsue on hori e tretzioi, mojakana erun, haetxek dakarre pazientzixi ta”. Edonola ere, sasoi hartan telebistarik ez zegoenez, kaletik zebilen jende nagusiak eta umeek denbora izaten zuten, eta guztiek laguntzen zuten kalera ateratako tretzak askatzen. Arantzaren etxean trebeak ziren, baina hain trebeak ez ziren emakumeen oinazea aipatzen du, zeren “… derrigor ein bihi’zendun”.
ARRANTZALE FAMILIEN BIZIMODUA (I)
Hasteko, Ondarroako herritar gehienentzat arrantza ezinbesteko aukera zela aipatu behar da. Haurrek txikitatik zituzten lan ardurak (egurra biltzea, ur karriua, esnearen bila joatea…), eta behin nerabetasunera heltzen zirenean lanean hasten ziren, 11-12 urterekin komunio nagusia egin ostean. Haurra izatetik txo edo neskatila izatera behartzen zituen egoerak, bat-batean gainera. Praka luzeak itsasorako jazten zituzten estrainako.
Baldintza hauetan ez da harrigarria irakurtzen edota idazten ez zekitenak gehiengoa izatea. 1896an boto eskubidea zuten 763 ondarrutarretatik, 539 lagunek ez zekiten ez irakurtzen ezta idazten ere, eta horietatik 447 arrantzaleak ziren. Eskolaratze tasak hain baxuak izatearen arrazoiak, ekonomian txertatze goiztiarraz gain –umeak txikitatik hasten ziren despixkan, antxoari burua kentzen, anai-arreba txikiak zaintzen…-, eskolen euren baldintza eta egoera txarrean aurkitu behar ditugu. Bi eskola baino besterik ez zeuden, eta eurak erdaldunak eta higiene egoera kaxkarrean.
Familia guztiaren bizimodua itsasoari eta arrantzari lotuta zegoen. Eta familiarra zenez negozioa familia guztiak parte hartzen zuen, aiton amonengandik hasi eta bilobek arte. Haurren hilkortasun tasa oso altua zen eta bizi itxaropen tasa oso baxua.
Lana oso neketsua zen, gaurkoarekin alderatuz. Baporeen aurretik arraunean egin behar zen, edo haizearen menpe gelditu. Marea ere zaindu beharra zegoen, bai itsasoratzeko orduan, baita lehorrerakotan ere. Errioa “dragatzeaz” emakumeak arduratzen ziren, marea behean zegoela kopaletak hartu eta uxolak ekarritako basa eta harriak ateratzen. Mareaz gain, bat baino gehiagok Ondarroa kabran igaro behar izan du gaua, ilundu eta lehorreratu ezinik. Itsas hondamendiak gertatzen zirenean herriak haustura demografikoa jasaten zuen, sasoian zeuden gizonak galduz. Alargun berriak, horrenbeste umezurtzez kargutu ezin eta erbestera bidali beharrean aurkitzen ziren sarri. Umeengan deserrotzea beste arrisku bat zen.
Arrantza mundura itzuliz, lan ordu kopurua izugarria zen. Fogoneroak eta deitzaleak goizaldeko 3:30ean hasten zuten euren jarduna, goizeko lauretarako txalupa galdarak presio nahikoa eduki behar baitzuen, abante egiteko. Domeka eta jai egunak izan ezik, beste egun guztietan itsasora irten behar zen, eguraldiaren arabera. Atunetara joaten zirenean egunak igarotzen zituzten etxera etorri gabe; hasieran txalupek ez zuten kamañarik, eta arrantzaleek elkarren gainean lo egiten zuten. Dutxarik lehorrean ere ez zegoen, eta txalupan kaka, aberatsak zein pobreak atzeko latinetik egin behar. Atun kanpaina osoa Santander aldean igaro ostean, fogoneroek eta makinistek bertako erreketan garbitzeko ohitura omen zuten, azalean pilatutako ikatz eta kedar geruzak. Makina bat marinelek bizia erdia baino gehiago igaro dute etxeko ohean ez lo egin gabe, eta familiaren makina bat poz eta ospakizun ezin izan dituzte elkarrekin bizi. Horrek sortarazi omen du itsasoko emakumearen izaera indartsua.
ARRANTZALE FAMILIEN BIZIMODUA (II)
Jakia bakoitzak eramaten zuen bere jaki-potoetan; janari gorabeheran aukera handirik ere ez zegoen. Gehienetan eurek arrantzatutako arraina zen, sasoian sasoikoa. Txalupara edateko ura eramatea, txoaren ardura zen, eta ez edonongoa: batzuei soilik San Juan Txurrukoa gustatzen zitzaien. Ura ere neurtuta erabiltzen zen, galdarak ere ura behar zuen eta. Hainbat etxara eta eskuz ala ondoren, porturatu, deskarga, despixka egin eta gero sareak garbitu eta lehortzeko eskegi, batzuetan tindatu eta konpondu ere. Etxe batzuk bodega bihurtzen ziren,eta neguan etxeko gelarik onena treinkajarentzat gordetzeko erabiltzen, txalupak eta tresneria zirelako euren ondasun bakarrak.
Salmentak ez ziren beti onuragarriak gertatzen. Lehia bizia egoten zen bentara lehenen iristeko. Gainera, hondarrez blai zegoen itsasadarrean sartzerakoan, arrainaren pisuaz txalupek ondoa jotzen zuten sarri, eta arrantzale gajoak txalupatik jaitsi eta gerriraino uretan sartuta, bultzaka eta atoian, ahal zen moduan bentara lehenak ailegatzeko. Ikustekoa! Kanpaina eskasa gertatzen zenean familia asko zorretan bizi ziren, eta dendan zotzean utzi behar eguneroko ogia. Eguneroko dieta oso pobrea zen, eta hiruzpalau produktutan oinarritzen zen, inguruko baserrietan landutakoak: porru salda, berakatz zopa, baina patatak, indiabak, gaztainak, sagar erreak, taloa eta morokila.
Lan baldintza gogor hauetan, oreka emozionala gordetzea ez da batera erraza. Etxetik aparte, bizitza arriskuan, irabaziak txikiak eta ziurtasun gabekoak, atseden gutxi eta atun kanpainan familiaren berotasunik gabe… Baldintza hauetan ez da harritzekoa hainbat eta hainbat arrantzale ardoaren atzamarretan erori izana. Ordu gutxi daude lehorrean igarotzeko, eta neurri gabeko jan edanak kulturalak dira. Esaera batek dioenez: “Ardaun mozkorra txarra da, baiñe txarraua da urana”. 1925ean egindako inkesta batek aitortzen duenez, Ondarroako gaixotasunik arruntenak tuberkulosia eta alkoholismoa ziren.
Etxebizitzen egoerak ez zuen laguntzen osasuna mantentzen. Aipaturiko inkestak argitzen digunez Santa Klara kofradiako arrantzale guztiak alokairuan bizi ziren. Etxebizitzak txikiak ziren, argitasunik eta aireztapenik gabekoak, umelak… Familiak ugariak ziren, eta etxe barruan ez zegoen komunik ezta ur korronterik ere, berandu arte.
Bizimodu gogorra, baina era berean erakargarria. Bere xarma izango du itsasoak, jubilatu ostean ere makina bat arrantzale adintsu ikusten baita Ondarroako betiko itsasoak zaintzen.
1873ko urrian, Euskal Herrian II. karlistadak borrokatzen ziren bitartean, ondarroar batzuek, Andres Badiola buru zutela, itsasoan sua hartu eta abandonaturik zebilen karlisten “Ville de Bayonne” bapora Ondarroako portura ekarri zuen. Horren ondorioz Carlos VII.ak Ondarroari “muy esforzada” titulua eman zion, eta monumentu bat eraikitzea ere erabaki zuen. Gerra karlistek galdu zutenez monumentua proiektu hutsean geratu zen, baina proiektuaren maketa gure egunetaraino iritsi da.
“Ville de Bayonne” itsasontziak zeramatzan armak ezinbestekoak izan ziren Jurramendiko guduan irabazteko. Txaluparen jabeak (Guffet armadore frantziarrak) diru-sari bat ere eskaini zuen, nahiz eta honen banaketan tira birak izan ziren. Azkenean, Andres de Badiolari 22 erreal baino ez zitzaizkion egokitu.
Ondarroa eta Mutriku artean dagoen Santa Kutzeko baselizaren ondoan frantziskotarrek komentu bat eduki zuten, Ondarroako Juan Goitinizek sortua. Bere helburua Kanariar Uharteak kristautuko zituztenak heztea zen.
Aita Santuaren 1484ko bulda batetan OHZko kide Fernando Agirrek egindako bilaketa bat da horren seinale:
“… entre las villas de Hondarroa y Motico hiciste edificar un convento bajo la advocación de la Santa Cruz (…) destinado a las Islas Canarias, para la conversión de aquellas gentes a la Fé Católica”.
2004ko maiatzean OHZk jardunaldi batzuk antolatu zituen, eta maiatzaren 1ean oroigarri txiki bat ipini zuen Santa Kutzen bertan.
2004ko abuztuan OHZk antolatutako erakusteka, hitzaldi sorta eta omenaldiaren argazkiak hemen dituzue ikusgai.
2006ko irailean OHZk egindako jardunaldien materiala.
Argazkiak eskuragarri: hemen
Gehiago jakiteko…
II. Errepublika Ondarroan
MONARKIAREN ERORKETA
II. Karlistaldiaren ostean alderdi kontserbadoreak eta liberalak ezarri zuten sistema bipartidista sasi-demokrata XX. mendearen hasiera arte egonkor mantendu bazen ere, garai berean hasitako industrializazio prozesuak klase harreman berria sortarazi zuen. Honekin batera mugimendu politiko berriak sortu ziren: sozialismoa, anarkismoa, abertzaletasuna… Gerra kolonialetan –Kuba, Maroko- jasandako porrotek mugimendu hauek indartu zituzten, eta Canovas eta Sagastak eratu zuten gobernu txandakatze sistema krisian sartu zen. Egoera aurre iraultzaile honetan (kontutan hartzekoa da 1917an sobieten iraultza nagusitu zela Errusian), Alfontso XIII.ak José Miguel Primo de Rivera generalak gidaturiko estatu kolpea onartu zuen 1923an.
Diktadura honen helburuak batasun nazionala bermatzea zen “… aceptando un sano regionalismo”, eta langile mugimendua apaltzea, estatu korporatibistaren zantzuak zituen eredu sozio-politikoa eskainiz. Obra publiko erraldoiak burutu zituen, helburu ezberdinekin: estatua modernizatu, langabeziari aurre egin eta batez ere goi burgesiaren gutizia asetzea. Hau da, izan ere, klase honen urrezko aroa.
Ondarroak ere antzerako ibilbidea jarraitu zuen. Mendearen lehen hamarkadatik abertzaleak ziren herriko indar politiko nagusia, eta kolokan jarri zuten estatuaren txandakatze sistemarekin kolaboratzen zuten herriko jauntxoen boterea. Diktadurak abertzaleak udaletik egotzi zituen, boterea eskuineko oligarkiari itzuliz. Udal berri honek espainiar abertzaletasuna goratzeaz batera, herri-lanak bultzatu zituen herritarrak erakartzeko. Hondartzako zubia, esaterako, ordukoa dugu, beste berrikuntza batzuekin batera:, gero eta kotxe gehiago, telefonoa… Herritarren ohiturak ere aldatzen zihoazen: Aurrera Kirol Taldea orduan sortu zen, egunerokotasunean kirola hartzen ari zen indarraren seinale. Futbola ere urte hauetan indartu zen, eta herriko lehen zinema garaikoa dugu. Txarlestona eta jazzbanak ere ez ziren urruti ibiliko, moralisten kezkarako.
Edonola ere, Primo de Riveraren diktadurak ez zituen arazo sozial eta politikoak konpondu eta 1929ko krisi ekonomikoak jota utzi zuen. Erori zenean, behin-behineko gobernuak hauteskundeetara deitu zuen. Baina bozak udal hauteskundeetarako ziren, ez gobernua aukeratzeko, ordurako argi baitzegoen hurrengo hauteskundeak monarkiaren plebizitu bihurtu zirela. Eta halaxe izan zen. Hiriburu guztietan errepublikarrek irabazi zuten eta Alfontso XIII.ak abdikatu egin zuen. Errepublikak aurrerakoien sarrera ahalbidetu zuen Madrileko gorteetan, eta hauek hainbat erreformari ekin zioten: emakumeen botoa, kultu askatasuna, ezkontza zibila eta dibortzioa, eskubidea, autonomia estatutuen tramitazioa, armadaren erreforma, nekazal erreforma eta eskubide zibilen berrezartzea (sindikatuak, adierazpenerako, biltzeko eta prentsa askatasuna).
ONDARROAKO UDALA ERREPUBLIKA GARAIAN
1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan, Ondarroan inork ez zuen botorik eman. Izan ere, hauteskunde legearen 29. artikuluaren bidez, jeltzaleek, tradiziozaleek eta arrantzaleen kofradiak zinegotzi aulkiak banatu zituzten, bakoitzaren ustezko indarraren arabera: jeltzaleek zazpi, tradiziozaleek hiru eta kofradiak beste hiru. Alkatetzan José María Solabarrieta jarri zuten, abertzaleen artean posizio sozial eta ospe gehien zuenetariko bat. Osasun arrazoiak zirela eta Felipe Egigureni egokitu zitzaion herriko makila eskuetan hartzea 1933ko apirileko udal hauteskundeen ostean. Nahiz eta jeltzaleak eta tradiziozaleak aurkari politikoak sutsuak izan, lehen urteetan bi indar politiko hauek hala moduzko elkarbizitza bat mantentzen saiatu ziren, ustez autonomia erlijiosoa bermatzen zuen Lizarrako estatutuaren inguruan.
Estatutu honek Hego Euskal Herriko udal gehienen sostengua lortu arren, Madrileko gorteek atzera bota zuten, euskal lurraldeek Vaticanoarekin harreman zuzenak mantentzea ezinezkoa zela argudiatuz. Eskari hau ez onartzean, tradiziozaleek estatutu nahiak alboratu zituzten eta Nafarroa euren feudoa zenez proiektutik kanpo gelditu zen. Jeltzaleek jarrera pragmatikoagoa aurkeztuz, estatuaren menpe zeuden diputazioek diseinatu behar zuten estatutuaren zain gelditu ziren.
1933ko urtarrilaren 27an estatuak bertan behera utzi zituen 29. artikuluaren bidez izendaturiko udalak. Ondarroan, hiru kideko batzorde kudeatzaile bat eratu zen, bi partaide errepublikarrak zirelarik (Angel Hidalgo eta Isidor Ibaibarriaga) eta hirugarrena jeltzalea (Kepa Larrañaga) Tostartekoen Bazkunako kidea. Hiru hilabete beranduago udal hauteskundeak burutu ziren eta abertzaleek bederatzi zinegotzi eskuratu zituzten (1.278 boto), tradiziozaleek lau (737 boto) eta errepublikarrek bat ere ez (162 boto). Ondarroan zinegotzi izateko aurkeztu zen lehen emakumea errepublikarren zerrendan zegoen: Julia Amilibia Bikandi, 21 urteko gaztea. Hauteskunde hauetan, lehen aldiz emakumeek bozkatzeko eskubidea izan zuten, eta leku askotan mapa elektorala irauli zuten. Ezkertiar batzuk haserretu ere egin ziren, emakume hauetariko asko eskuinari bozkatzen ikustean. Besteak beste, hara zer zioen “El Liberal” egunkariak: “En Ondarroa las mujeres, sacando a muchos hombres de sus propias casas a votar, inclinaron la balanza del lado nacionalista, sin perjuicio de que sean los republicanos quienes procuren por su mejoramiento”
1933ko azaroaren 5ean gobernuak izendatutako diputazioek diseinaturiko estatutuaren erreferenduma burutu zen. Ondarroan 1.866 aldeko boto lortu behar zituzten baiezkoa lortzeko, baina horiek boto asko ziren tradiziozaleak estatutu berriaren aurka zeudela jakinda. Hau honela, estatutuaren aldekoek aukeratutako bidea ez zen oso txukuna izan, leku askotan izugarrizko tongoak egon baitziren. Elixopeko hauteskunde mahaian, ez zen hain erraza izan, Doña Anita eskuindarra zelako mahai-buru. José María Etxabururen esanetan, “… aukera eltzean edo eldutean, bolillak edo autarki paltsoak pilloka sartzeko prest egozan maiko arduradunak (…) ordu erdi inguru palta zala, gehiago ezin eutsi ta jagi ta korrika komunera joan zan Doña Anita. Ta orduan bixkor mutillak autarki paltsoak sartzen”.
Madrileko gobernua eskuindarren eskuetara igarota zegoen (1933ko azaroaren 19an), eta gobernu honek udalei ardoaren zerga jasotzeko eskumena kendu nahi zien. Zerga hau udalen diru iturri nagusia zen, eta gobernuaren helburua udalen autonomia ekonomikoa moztea zen. Jeltzaleen eta ezkertiarrek lege honen kontra egin zuten eta Ondarroan 1934ko irailaren 7an zinegotzi jeltzaleek dimisioa aurkeztu zuten, eta udalaren kudeaketa tradizio zaleen eskuetan gelditu zen. 1936ko otsailaren 23an jeltzaleak udalera itzuli ziren, Fronte Popularraren garaipenarekin batera.
ABERTZALETASUNAREN URREZKO AROA Abertzaletasunak mende hasieratik zuen nagusigoa Ondarroan. Baina diktadurak eten egin zuen hazkunde prozesu hau. Errepublika aldarrikatuta, Alderdi Jeltzaleak laster ekin zion bere erakundeak eta taldeak berrantolatzeari.
Talde ugarik osatzen zuten mundu jeltzalea eta euren iharduera etengabea zen, eta arlo anitzetara bideratua. Uri Buru Batzarra erakundearen organo politikoa zen, hauteskundeak-eta planifikatzen zituena. Euzkeltzale Bazkuna talde kulturala zen, eta bere helburu nagusia euskararen aldeko ekimenak burutzea zen. Emakume Abertzaleen Batza bazkideak lortzen ahalegintzen zen familia behartsuetako umeei izen euskaldunak ipintzearen truk arropak eta janari-otzarak oparituz. Irrintzi Mendigoizale taldeak abertzaletasuna bezalako ideologia urbanoa landa mundura zabaltzen zuen “Euzkadi” bertako partaideek modu bukoliko batean berreraikitzen zuten bitartean. Eta beharbada gazteak ziren ekintza ausartenak burutzen zituztenak (kartelak ipini, pintadak egin…), hiruzpalauk kartzelan bukatu izanak aditzera ematen digun bezalaxe. Arazo sozialei zegokienez, ELA sindikatuak Tostartekoen Bazkuna sortu zuen, arrantzaleen artean gero eta nabarmenagoak ziren desberdintasun sozialak leundu nahian. Bide batez, arrantzaleak mundu jeltzalera erakartzen zituzten. Gazte Abertzaleen Taldeak etxez etxe banatu izan zuten Poxpolin deituriko aldizkaria eta baita beste agerkari batzuk ere. Sare honen bitartez, EAJ masa alderdi bat bezala eratu zen.
Batzokia zen talde hauen topagune nagusia. Antiguako Ama kalean kokatzen zen, egungo Vega Hoteleko ondoko eraikinean. Uste baino beranduago zabaldu zuten, 1932an. Baina Batzokiaren inaugurazio ofiziala eta EABren banderaren bedeinkapen jaia 1933ko ekainaren 25ean egin zuten. Bertara inguruko jeltzale asko hurbildu ziren besteak beste Jose Antonio Agirre Lekubek botatako mitina entzutera. Izan ere jai asko ospatzen zituzten jeltzaleek. Baina jai hauetan mitinak ez ziren ohikoenak. Gehiagotan ikusten ziren ekitaldi folklorikoak: ezpatadantzari eta poxpolinen saioak edota erromeriak, mezak eta abesbatzak, edota pilota partidak eta estropadak. Aipagarria da, ekintza hauek guztiak euskararen erabilpenean oinarritzen zirela.
Beste batzutan herriko jeltzaleak izaten ziren herritik kanpora ateratzen zirenak beste herrietako ekitaldi jendetsuetan parte hartu eta “euzkotar” gehiago ezagutzera. Besteak beste, Aberri Egunetara autobuskadak joaten ziren, eta batzuetan txalupaz ere hurbiltzen ziren jai hauetara. Bilbora 150 pertsona joan ziren 1932an, hurrengo urtean beste horrenbeste Gasteizera, Mendigoixaleren batzuk mendiz mendi ere joan ziren ostiralean irtenda. Eta txirrinduan heldu zenik ere egon zen. 1934an Bermeoko Batzokiaren inaugurazio jai jendetsura 4 autobus eta txalupak ere joan ziren. Eta 1932an Durangora 6 autobus eta beste asko kotxez joan ziren!
ONDARROAKO ERREPUBLIKARRAK
1932. urtearen hasierarako Ondarroako errepublikarrak elkartzen hasiak ziren Sabino Arana kaleko “Loiola” tabernan, geroago “Centro Republicano” deituko zena. “Txebito” zen bertoko arduraduna. Pentsaera eta izaera arras desberdineko herritarrek osatzen zuten elkarte politiko hura: EAE-ANVko abertzaleek, Marcelino Domingoren “Radical Socialista” delakoek, Prietoren jarraitzaileek, UGTeko sindikalistek, komunista bakana… Ideia eta jarrera politiko hain desberdinak -kontrajarriak ere batzuetan- izan arren, Errepublikaren defentsa sutsuak elkartzen zituen guztiak. Elkarte politikoari jarri zioten izena bera, “Unión Republicana Ondarresa” (URON) dugu adierazlerik onena. Santi Meabe zen elkarte berri honen “bihotz eta arima”.
1933ko apirilean, portuko lanen hasierako lehen harria jartzea zela-ta, Manuel Azaña, Errepublikaren Gobernuburuak eta Indalecio Prieto eta Marcelino Domingo ministroek Ondarroara egin zuten bisitaren inguruan, izugarri suspertu zen URON elkartea. Bisitaldi hura hauteskunde garaian burutu zen eta jeltzaleekin hika-mika iturri bihurtu zen, Azañari oparitutako liburuan zenbait ondarrutarrek euren sinadura ezabatu nahi izanak adierazten digun bezalaxe. Mugimendu errepublikarra aurrera zihoan. “El Liberal” egunkari sozialistak zioenez: “Es indudable que Ondárroa ha comenzado, como los demás pueblos, a rectificar sus viejas e inservibles ideas”. Jeltzaleek iraindu egiten zituzten URONeko kideak, espainiar zaletzat jotzen zituztelako, eta hortaz kexatzen ziren alkate jeltzalearen aurrean: “… pues con verdadero dolor y con irritante frecuencia venimos escuchando cantos en vascuence contra los despectivamente llamados maketos, belarrimotzas, etc.”. Are gehiago, goardia zibilen koartela Ondarroara ekartzea eskatzera ailegatu ziren.
1934ko ekainaren 30ean, “Unión Republicana Ondarresa” hura “Izquierda Republicana Ondarresa” (IRO) bilakatu zen eta “Izquierda Republicana” alderdi politikoaren idearioa onartu zuen. Eskuinaren sarrerak Madrileko gobernuan (1933ko azaroa) erabat asaldatu zituen alderdi ezkertiarrak, sozialistak batez ere. Langileek ere hainbat greba egin zituzten. Entzutetsuena “Urriko iraultza” delakoa. Asturiasen indarrik handiena lortu bazuen ere, Bizkaian eta Gipuzkoan ere izan zuen eragina. Baita Ondarroan ere. Orduantxe gauzatu zen Ondarroako lehen greba orokorra, bi egun iraun zituena.
Itxura denez grebaren bultzatzaile nagusia Federico Llano portugaletetarra izan zen, “Euskal-Erria” dragako makinista. IRO eta UGTko kideez gain (Beristain autobus enpresako langileak, gehienbat), Tostartekoen Bazkunako A. Lersundik ere parte hartu zuen, EAJren haserrerako. Izan ere, Ondarroako Uri Buru Batzarrak (UBB) ez zuen bat egin greba ekimenarekin, “… por descabellada, ya que la misma no contaba con apoyo popular, pues era tipicamente de sentido marxista y opuesta a los postulados de Jaungoikoa eta Lagi Zarra”, Felipe Egiguren UBBko idazkariaren esanetan.
Iraultza saiakera honek eskuindarrak beldurtu zituen eta UBB grebaren aurka agertu bazen ere, ordutik aurrera jeltzaleei ezkertiarrekin batera joatea egotzi zieten. Ikusten denez, UGT sindikatua ere sortuta zegoen jada Ondarroan, URONen magalpean. Grebaren ondorioz Ondarroako zenbait errepublikar gartzelaratu zituzten, “Altuna-Mendi” itsasontzi gartzelan. Euren artean Santi Meabe, Markos Gabika-Etxebarria, Esteban Urkiola “Potxeri”, Nazario Bakeriza “Zaz” eta Eugenio Aranbarri “Kaltzandi”. Merkatal baporontzi zaharkitu haren bodega ilun eta zikinetan pilaturik egoteaz gain, neguko hotza gehitzen zitzaion presoen sufrimenduari, 1935eko urtarrilean Markinako espetxera ekarri zituzten arte. Hurrengo astean baldintzatutako askatasuna lortu zuten, fidantza gogorren truk. Maiatzean “Centro Republicano”a berriz zabaltzea lortu zuten, eta uztailean Barakaldon Azañak eman zuen mitinera 40 errepublikar hurbildu ziren Ondarroatik. Ezin aipa gabe utzi emakumeen presentzia errepublikarren mugimenduan: Julia Amilibiaz zinegotzi hautagaiaz gain, Dolores Landaribar “Ongi Etorri” IROko batzordeko eleduna izendatu zuten 1934an. “Circulo Femenino” delako mugimenduak urte osoan zehar eraman zuen aurrera presoei laguntzeko diru-bilketa kanpaina.
TRADIZIOZALEEN KOMUNIOA
Ondarroako erregezaleak “Comunión Tradicionalista” deituriko alderdian biltzen ziren. Alderdi honetan karlistak ziren nagusi, baina koalizioan beste elementu monarkiko batzuk ere parte hartzen zuten. Eskuin indarren bateratze prozesua Errestaurazio garaian hasi zen (batez ere abertzaleen aurka egindako kanpainen ondorioz), Primo de Riveraren diktadura garaian sendotu (“Unión Patriótica” deituriko alderdian) eta II. Errepublikan zehar ezinbesteko baldintza bihurtu zen, ezkertiar eta abertzale mugimenduari aurre egiteko. “Círculo Tradicionalista”n biltzen ziren, gaur egungo Cafe Marinan. Alderdiak emakumeen taldea zuen (“Margaritak”), gazte taldea eta baita ezpata-dantzariak ere.
II. Errepublikan zehar burutu ziren udal hauteskundeetan 700-900 boto bitarte eskuratzen zituzten, boto emaileen herena baino gehiago. Ideologia alderditik karlistak alfontsotarrak baino sutsuagoak ziren eztabaidetan, muturrekoagoak. Jokamolde politikoei dagokionez, Ondarroako Komunio Tradizionalistari kostatu egiten zitzaion garai berrietara egokitzea. Euren iharduera, harreman pertsonaletan oinarritzen ziren eredu prepolitikoetara mugatzen zen ia-ia, ahoz ahozko propagandan, eta neurri handi batean, klientelismoan. Jauntxokeria modu askotara mantentzen zen. Itxura denez, irabazleak bere bozkatzaileak saritzeko ohitura zuen: adibidez, Orexa Elosegik Ondarroako tradizionalistei makailua oparitu omen zien gabonetan.
Ondarroan, tradiziozaleen artean eragin berezia izan zuen Luis Arriola osagileak. Bere ogibideak, herritarrekin harreman berezia edukitzea ahalbidetzen zion. Beharbada, bere inguruan osaturiko sarea hau zela eta deitzen zioten jeltzaleek “Capitan Araña”. Euzkadiko egunkariko Ondarroako kronikariak, Gorozika auzoan egiten ari zen kanpaina hala salatzen zuen: “Sabemos de dirigente de un partido político, y que además pasa éste por llamarse de orden, volviendo a procederes muy en boga en tiempos de la monarquía, pero por lo visto no pueden curarse de sus vicios anteriores, ha empezado a recorrer los barrios rurales haciendo propaganda electoral basada en mentiras y engaños”.
Jeltzaleek pare bat urte lehenago egin bezala, 1934an tradiziozaleek Txomin Agirreri omenaldia egin ziotenean, Luis Arriola bera ere omentzeko baliatu ziren, bera zelako alderdiko propagandista nagusienetarikoa. Txomin Agirreren omenaldiaren inguruan idatzi zuen artikulu batean zera zioen idazleari buruz: “… en vida fue vasco por los cuatro costados, tenía de vasco como tenía de español, fue el prototipo vasco-español”.
Eskuineko alderdientzat, jeltzaleak Errepublikarekin bat eginda zeuden. Izan ere, urte gehienetan udalean eurak egon zirenez, eta Errepublikaren legedia ere eurek bete arazi behar zutenez, tradiziozaleek Errepublikaren erruak jeltzaleei egozten zizkieten. 1933ko irailaren 17ko gertakariak honen adibide dira. Tradizionalistek “Margariten” banderaren bedeinkapena egin nahi zuten, tartean mitin eta guzti. Udalera bideratu zuten eskariak alkate jeltzalearen oniritzia jaso bazuen ere, Gobernu Zibilak debekatu egin zuen. Baina eskuindarrek alkateari bota zioten debekuaren ardura. Jokintxo idazle jeltzale ondarrutarrak “Euzkadi” egunkarian zioenez, “… todos son improperios e insultos soeces, burdas calumnias y exabruptos contra nuestra primera autoridad, lanzadas por las huestes carlo-liberal-alfonsinas”.
Herrian bizi izan zen giro zakar eta iskanbilatsua hurbil-hurbiletik ezagutu zuen Felipe Egigurenek: “… me encontré al tomar posesión de la Alcaldía, con un pueblo en ebullición y con más que ganas de polémica callejera, desorbitados los ánimos entre nacionalistas y monárquicos-carlistas. En tres meses y medio (…) me ví obligado a poner más multas que las que impusieron todos los Alcaldes juntos desde 1923 a 1931”.
ERLIJIOA ETA MORALITATEA II. ERREPUBLIKAN
Ondarrutar gehienak eliztarrak ziren. Ginés Aretxaga Etxebarria bikario jaunak zuzentzen zuen herriko kristau komunitatea. Segundo Urkiza, Eugenio Usobiaga, Eustaquio Uriarte Zarandona eta José Ramón Zenarruzabeitia ziren apaizak eta organu-jolea Angel Urzelai. Herritarren moralitatea zaintzeko luistarren eta Mariaren Alaben erakundeez baliatzen zen eliza. Azken honek arau zorrotzak zituen, mutilekin dantza lotuan –baltsiuan- ikusten zituzten alabak elkartetik kanporatzeraino. Antzerkietan gizonekin parte hartzea ere debekatu zieten.
Gizonen eta emakumeen arteko bereizketa muturreraino eramateko gai ziren, Iñazio Santa Kruz dantza irakasleak bere taldeko neska-mutilak pilota partida bat ikusteko elkarrekin korretara eraman zituenean zer-nolako polemika piztu zen ikusita. Moraltasun hau babesteko gogo jardunak egiten zituzten urtero, jesuitek gidatuta. 1932an Sorkunde Garbiaren liburutegia sortu zuten Iparkaletik parrokiaraino doan aldatzean, 658 libururekin. Han ere, neska eta mutilak ordutegi ezberdinak zituzten: neskak 5etatik 6etara, eta mutilek 6etatik 10etara. Behintzat Mariaren Alabek euren liburutegi propioa ireki zuten handik gutxira.
Errepublika iritzi eta hilabete gutxira handikiro ospatu zen Antiguako Amaren irudiaren jaitsiera. Valentziako gotzain Javier Lauzirika ere berton egon zen. Herria goitik behera apainduta agertu zen, aste luzeetan emakume askok hartutako lan eskergari esker. Ez dirudi kasualitate hutsa noizean behin egiten zen jaitsiera hau Errepublika proklamatu eta hilabete gutxitara buru izana.
Izan ere, Errepublikaren gobernuak harturiko erabakiek laikotasunaren alde egiten zuten: eskoletan erlijio ikasgaia kendu, otoitzak debekatu eta gurutzeak gorde arazi zituzten. 1931ko abenduan onartu zen konstituzio berriak ezkontza eta hileta zibilak legeztatzen zituen, dibortzio eta kultu askatasun eskubideak bermatuz. Honen aurrean eliza ez zen geldirik egon, eta jendearen kristau fedea kitzikatzeko ekitaldiak ugaritu zituen: parrokiko korupean zegoen Kristo gurutziltzatua bedeinkatzeko izugarrizko ekitaldia antolatu zuen parrokiak, eta jendeari paparrean gurutzea ipinita irteten hasi zen. 1932an gobernuak jesuiten elkartea debekatzea erabaki zuenean, Ondarroan aurkitu zuen babesa aita Roque Iriarte jesuitak. Barau izango luistarren eliz elkartearen sustatzaileetariko bat. Hau honela, ez da harritzekoa Euzkadi egunkariko kronika egileek urtetik urtera Aste Santuetako prozesioak geroz eta jendetsuagoak zirela aipatzea. Ama Birjinaren agerpenak zirela eta, herritar batzuk Ezkiora hurbildu izanak kristauen artean zegoen egonezina adierazten du.
Euskal Unibertsitatea sortzeko Deustuko unibertsitatea erabiltzeko proposamena udalera heldu zenean (1932ko otsailean), jeltzaleen kontraesanak azaleratu ziren. Udal batzak proposamen hau onartu bazuen ere, Isidro Etxebarria zinegotzi jeltzalea erabaki honen aurka azaldu zen, eraikina jesuitei kendutako zela argudiatuz. Irakaskuntzaren inguruko eztabaidak ez ziren hemen bukatu; 1933an gobernuak erlijiosoen ikastetxeak galarazteko ateratako legeari ahal beste oztopo ipini zizkion udalak.
HERRI ARRANTZALE BATEKO ARAZO SOZIALAK
Ondarroa arrantzatik bizi zen oso-osorik. Arrantza zen iharduera ekonomiko nagusia –bakarra ez esateagatik. Arrainik ez bazegoen ez zegoen lanik kontserba fabriketan, familia arrantzaleak diru gabe gelditzen ziren eta herriko dendetan zorrik ezin ordainduta. Beraz, Ondarroa arrantzatik zintzilik bizi zela esan dezakegu. Nahiz eta arrantza herriko zutabe nagusia izan, herriak ez zuen iharduera hau burutzeko azpiegitura egokirik. Arrantzale asko portuko sarreran itotzen ziren, eta neguan, bisiguaren kanpainan, Pasaiara joaten ziren arrastean lan egitera.
Errepublika garaian arazo hauei irtenbide bat ematen saiatu ziren. Portuko sarrerari zegokionez, proiektu berri bat aurkeztu zuten, moila beheko kaletik atera, badia egokitu eta portu berria bertan egitekotan. Sebastian Bakeriza arrantzalea eta Indalecio Prieto lagun minak zirela aprobetxatuz (Bakerizak Prietori ihes egiten lagundu zion diktadura garaian), bere proiektuaren finantziaketa lortu zuen. Halaxe etorri zen Prieto Ondarroako portu berriaren lehen harria jartzera.
Udan herriak geldialdi ekonomikoa jasaten zuen, txaluparik gehienak Kantabriara joaten zirelako hegaluzearen atzetik, eta hango portuetan saldu arrantzatutakoa. Arazo hau konpontzeko, herri komisio bat sortu zen eta txalupa bat alokatu zuten, Saander aldean harrapatutakoa herrira ekartzeko. Era honetara familien premia larriak leuntzen zituen, kofradiaren ogasuna txukuntzen, eta kontserba fabrikak martxan ipintzen ziren, familien biziraupenerako funtsezkoa zen emakumeen lana suspertuz.
Mende hasieratik arrantzaleen arteko desberdintasunak areagotzen joan ziren, arrastearen agerpenak eta bapor-ontzien garestitzearen ondorioz. Horrela, nabarmena zen kofradian ez zegoela aldarrikatzen zen berdintasunik, boterea txalupa jabeek monopolizatzen baitzuten, ezer ez zuten tostartekoen kalterako. Ondarroako ELA sindikatu jeltzaleak Tostartekoen Bazkuna sortu zuen, eta ehundaka arrantzale bildu kofradian indarra egiteko. Lortu ere lortu zuten zuzendaritza Kepa Larrañaga tostartekoak eskuratzea.
Arrasteari zegokionez, aipagarria da herriko sektore guztiak bere aurka batu izana. Arrastea, arrantza mota suntsitzailetzat zuten, eta arrantza eskasiaren eragile nagusitzat. Errepublikan zehar eta baita aurretik ere arrastearen kontrako biltzar ugari egin baziren ere, ezagun eta garrantzitsuenetariko bat 1936an Ondarroan burutu zena izan zen, bertan harturiko erabakiak kostaldean zehar barreiatu zirelako.
Gerra Zibila Ondarroan
MILITAR FAXISTAK ERREPUBLIKAREN AURKA
II. Errepublikaren proklamazioak militarren egonezina piztu zuten, hasiera hasieratik. 1932ko abuztuan, Sanjurjo jenerala Errepublikaren aurka altxatu zen Sevillan, baina bere saiakerak porrot egin zuen. 1936ko otsailean Fronte Popularrak hauteskunde orokorrak irabazi zituen, eta boto mailan eskuin alderdiekin paretsu ibili arren, gehiengo absolutua eskuratu zuen Madrileko gorteetan. Egun berean, Gil Robles CEDAko burua, Franco, Fanjul eta Goded jeneralekin batera estatu kolpea ematen saiatu zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, beste zenbait politiko eta militar eskuindarren zalantzak zirela eta. Hauen ustez, ezkerraren gobernuak sortuko zuen “anabasak” altxamendua justifikatzeko abagune hobeak eskainiko zituen. Udaberri iraultzailearen ostean, Calvo Soteloren erailketa izan zen faxisten altxamendua piztu zuen txinparta.
1936ko otsaileko hauteskunde orokorrek emaitza hauek utzi zituzten Ondarroako udalean: jeltzaleek 1435 boto, fronte kontra-iraultzaileak 888 boto jaso zituen (tradiziozaleenak) eta Fronte Popularrak 232, IROko bozkei esker. Estatu mailan Fronte Popularrak nagusitasuna bazuen, Bizkaia eta Gipuzkoan hegemonia jeltzaleek mantentzen zuten; ez ordea, Araba eta Nafarroan, tradizio zaleen garaipena eman baitzen. Ordurako gizartea oso polarizatuta zegoen, eta Ondarroan bertan eskuindarrak jeltzaleei gorriekin bat eginda egotea leporatzen zieten, eta jeltzaleek berriz tradiziozaleei “faxista” deitzen hasiak ziren.
Uztailaren 18ko altxamenduaren hurrengo egunetan espainiar estatuko lurralde bi zatitan banatuta gelditu zen, eta Euskal Herria ere. Hemen ere tradiziozaleak matxinadarako prestatzen hasita zeuden, eta zeregin horretarako sortu zuten Erreketea. Erreketeak karlisten indar armatuak ziren. Izan ere karlismotik zetozen sektore hauetan altxamendurako joerak mantendu egiten ziren, belaunaldiz belaunaldi transmititutako istorio eta sentimenduek bizituta. Ondarroan erreketerik sortu zen hala ez ziurtatzerik ez dago, baina Jokintxoren salaketak horrela ematen zuen aditzera:
“… de una temporada a esta parte los elementos carlo-alfonsino-integroliberales de la localidad dedicanse con todo el afán a la practica de la instrucción militar (…) Dicen que es propósito de ellos el formar uno o varios “requetes” aguerridos que en momento dado láncense a la conquista guerrera de sus postulados (?) y exterminio de sus enemigos, gixajos abertzales”.
GERRAREN HASIERA ETA ONDARROAKO DEFENTSA KOMITEA
Gerraren eztandak egunerokotasun politikoa eten zuen, baina arrantzaleek ez zioten atunketari utzi. Faxisten lehen helburua euskal lurraldeetan mugako igarobidea moztea zen, Irun hartuta. Errepublikarrak ere, Irunek zuen garrantzi estrategikoaren jakitun, bertarantz jo zuten espontaneoki eratutako milizietan. Lehen momentu hauetan indar ezkertiarrak izan ziren eraso faxistari aurre egiteko grina aurkeztu zuten bakarrak, jeltzaleek jokabide zuhurragoa izan zutelarik. Dakigunez, Iruneko defentsan hogeitik gora ondarrutarrek parte hartu zuten, eta esanguratsua da horietatik erdiak behintzat EAE-ANVkoak (Eusko Abertzaleen Ekintza-Acción Nacionalista Vasca) izatea; komunistaren bat ere bazegoen tarteko. EAEkoek jeltzaleengandik banatutako alderdia ziren eta abertzaletasun laikoa aldarrikatzen zuten; Ondarroan IRO koalizioan integratuta zeuden.
Uztailaren 27an Ondarroako Defentsa Komitea -“Junta de Defensa”- eratu zen gobernadore zibilaren aginduz. Helburua erregimen errepublikarraren aldeko alderdi eta erakunde ezberdinen artean, herri gobernurako erakunde bateratu bat sortzea zen. Defentsa Komitean ordezkari bana zuten, kofradiak (S. Larrinaga), UGTk (José Zabaleta), IROk (Marcos Gabika-Etxebarria, “Centro Republicano”ko ordezkaria (Gonzalo Pereiro), Euzkeltzale Bazkunakoa (Felipe Egiguren), ELAkoa (Bonifacio Beristain), UBBkoa (Juan Urresti “Penta”) eta José Mari Solabarrieta alkatea. Beranduago Manuel Larrinaga komunista gehitu zitzaien. Markinako barrutian gobernadoreak Santi Meabe izendatu zuten bere delegatu. Ordurako EAE-ANVko kide ohia, sozialisten alderdira igarota zegoen, eta berak agindu zuen Ondarroako “Circulo Tradicionalista” zarratzea eta 28 tradiziozale atxilotu zituen –horien artean Luis Arriola- konspiratzen ari zirela leporatuz.
Gobernu ardurak batzorde ezberdinen artean banatu ostean, Defentsa Komitearen lehen erabakia tradizionalisten egoitza errepublikarren garraio bulego bihurtzea izan zen. Ordurako herriko kotxe eta kamioi guztiak errekisatuta zeuden, egun gutxitara beharrezkoak ez zirenak euren jabeei itzuli baziren ere. Honez gain, herritarrek etxeetan zituzten arma guztiak udalean entregatzea agindu zuen, ehizakoak gehien bat. Ordutik aurrera, armak erabiltzeko eskumena soilik udalak berak izendaturiko goardia zibikoak izango zuen. Bere helburu nagusia herriko bizitza normalizatzea zen, kontrolik gabeko ezkertiarrak erregistro eta atxiloketak burutzen hasi baitziren.
Edonola ere, egoera kontrolpean mantentzea geroz eta zailagoa zen. Elikagaien gabeziak gosea eragiten zuen alde batetik, eta jakien espekulazioa bestetik. Zilarrezko txanpon guztiak desagertu ziren, jendeak etxeetan gorde zituelako. Gipuzkoako frontearen porrotak, etorkinen uholdea eragin zuen, guztiak ere faxistengandik ihesi, hauen artean José Miguel Barandiaran eta Martín Ugalde. Emigrazio kaotiko honen ondorioz hornikuntzen egoerak okerrera egin zuen, eta Defentsa Komiteak erabaki drastikoa hartu behar izan zuen: 15 urtetik beherako mutilak euren jatorrizko herrietara igortzea. Bien bitartean, arrantzaleek euren lanean jarraitzen zuten, eta azken deskarga “Nuestra Señora del Carmen” txalupak burutu zuen, irailaren 21ean, faxistek Ondarroa hartu baino pare bat aste lehenago.
EUZKADIKO URREA ONDARROAKO TXALUPETAN
Euzkadiko behin-behineko gobernuak “Banco de España”n zituen ondasunak urretan eskuratzea lortu zuen, eta urre lingote horiek Frantziara eraman behar ziren, franko bihurtu eta armak erosteko. Operazio hau gidatzera Telesforo Montzon eta Heliodoro de la Torre jeltzaleak etorri ziren, txalupa hauen abiapuntua Ondarroa izan baitzen, eta garraiolariak Ondarroako marinelak. Bost urre kutxak lau txalupatan banatu ziren (“Itxaropena”, “Bedialauneta anaiak”, “Lauanaia” eta “Urtxorixa”), ziurtasun arrazoiengatik, eta goizeko lauetan itsasoratu. Iparraldera ailegatzeko 24 ordu baino gehiago behar izan zituzten, armada faxista saihesteko asmoz izugarrizko itzulia egin baitzuten. Lehorreratu aurretik urre kutxa guztiak txalupa bakarrean bildu zituzten, eta bakarrik haxe sartu zen Baionako portuan, susmo gutxiago pizteko.
Operazio guztia itsumustuan burutu zela dirudi, planifikazio handirik gabe, presaka. Garraiolarietako batek adierazi digunez larunbatean ailegatu ziren Baionara: “… bankuk itxitte dazela, (…) Etorri zan bera [Montzon] lihorrez ta: – Bueno, on kalea ez urten mesedez, espionaje handixe dabill hamen ta, hortik eta: eon astelehenearte”. Astelehenean, “…sartu genduzen kajak eta danok eta, jendarme bi aldin dizela, al Banco de Crédito Lionés erun genduzen ta, han sartu genduzenin, hango Montzon jaunak esa’ban ze: “Jaingoiko maitti! Entzun dostazu! Eskerrik asko”. Lekuko berberak gogoratzen duenez, txalupan zihoazela Irun sutan ikusi zuten; beraz irailaren lehen egunak ziren.
URRIAK 4: FRANKISTEN SARRERA ONDARROAN
Ondarroa faxisten eskuetan jausi aurreko egunetan herritarren benetako exodo bat burutu zen, gizonik gehienak herritik alde egin baitzuten, lurrez eta itsasoz. Bien bitartean, errepublikaren aldeko indarrek zubi zaharra eta berria suntsitu zituzten, faxisten aurrera egitea nolabait geldotu edo oztopatu nahian. Hala ere, hauek Mutriku hartu zuten irailaren 27an, eta borroka gogorren ostean.Urriaren 3an tiro zalaparta entzun zen Ondarroa eta inguruetan. “Gorriek”, Lekeitiorantz atzera egitean, hiru ondarrutar atxilotu zituzten, eskuindarrekin kolaboratzea leporatuz; biharamunean Atxazpin erail – Blas “Poto”, bere semea eta Urkiri abizeneko bat, faxistekin kolaboratzea leporatuz. Egun berean faxistek lau miliziar fusilatu zituzten Katei inguruetan. Itxura denez isolatuta gelditu ziren Pikupe inguruak babesteko ahaleginetan.
Ordurako artileria martxan zegoen. Gorriek Asterrikatik eta faxistek Santa Kutzetik, Ondarroa kanoikadapean gelditu zen. Bien bitartean, erreketeak Santa Kutzetik San Juan Txurrura jaitsi ziren. Aitte Pireriko eskaileretatik behera ibaiko basatzan sartu zuten monarkikoen bandera hori-gorria , “Viva Vizcaya Española” oihukatuz. Goizeko hamaikak ziren. Ihes egiten ari ziren azken ondarrutarrak Artan gora zihoazen petrilari itsatsita. Petrilik gabeko lekuetan tatarrez joan ziren Santa Klarako eskaileretaraino, eta handik Lekeitioko bidea hartu zuten. Elizako kanpaien hotsak herrian barreiatu ziren, faxisten etorrera agurtuz. Hirigunea defendatu ezinean, azken miliziarrek Antiguako bidea hartu zuten, Kalandiko eskaileretan gora. Hurrengo zazpi hilabeteetan frontea Ondarroa eta Lekeitioren artean egonkortu zen, “Ikatza” baserritik “Etxano” . Izan ere, faxistek beste fronte batzuetan jarri zituzten indarrak, eta errepublikarrek ezin Ondarroa berreskuratu, arma egokirik ezean. Frontea Asterrika eta Ikatza baserriaren artean finkatu zen.
UDAL FRANKISTAREN ERREPRESIOA
Solabarrieta alkateak ordezkatzen zuen udala Plentzian babestu zen lehenengo, eta Bilbon beranduago. Aipatzekoa da udal honetako kideak, Bilbon atxilotuta zeuden ondarrutar eskuindarrak babesten saiatu zela, jokabide zintzoko herritarrak zirela egiaztatzen zuten agiriak aurkeztuz. Beraz garai batean, Ondarroako herriak bi udal izan zituen: bata, errepublikaren zilegitasuna defendatzen zuena, eta bestea militar frankisten magalpean sortutakoa. Urriaren 7an herriko tradiziozaleek hamar partaideko udal berria eratu zuten, Juan Beitia zinegotzia alkate izendatuz. Baina aste bete beranduago gobernadore militar frankistak udal hori desegin eta beste bat izendatu zuen, Vicente Ocañaren lehendakaritzapean. Udalean lan egiten zuten abertzale eta ezkertiarren depurazioa burutu zen, Jon Izeta eta Joseba Koldobika Arrasate, besteak beste. Arrazoi berberagatik egotzi zituzten kofradiatik Gotzon Elu, Luki Urkiri eta Bedita Gatzagaetxebarria.
Baina errepresioa zabalagoa izan zen. Neskatilei ilea moztu, abertzale eta ezkertiarrei janari ukatu, abertzaleen dendak, hustu, kartzelaratuak… Ume guztiak “flechas” erakundera sartu zituzten eta errekete jantzita desfilatzera derrigortu, euskaraz hitz egitea debekatu zen, eta euskal izena zuten umeen gurasoak gaztelerazkoa jartzera behartu zituzten. Kalera zeinu tradiziozaleekin atera behar zen, isunik ez jasotzeko edota jai egunetan leihoetan zapi tradizionalistak ipini. Beldurra nagusi zen, falangisten taldeak nahi zuena egiten baitzuen. Gauetan hauetako 30ek zaintzen zituzten kaleak, euren alkandora eta guzti. Gorozika auzoa hustera heldu ziren, bertan salatariren bat omen zebilelako.
Zetorrena ikusita abertzale eta ezkertiarrekin lotura zuten gizonik gehienak herritik alde egin zuten, eta herrian emakumeak, agureak eta umeak gelditu ziren gehien bat. Eta faxistek ez zuten errukirik izan, eta buruzagi politikoen emazteak zigortu eta atxilotu zituzten. Mugimendu politikoetan zuzenean inplikatutakoak are gehiago. “Eguna” egunkariak salatzen zuenez “… len abertzale lez agertuten ziran emakume asko gudarien jantziak garbitzen darabilez. E.A.B.’ko lendakari ixan zan Iturrioz’tar Karmele euretariko bat”. Herrian gelditu ziren adineko gizonak zubiak berreraikitzen jarri zituzten, eta kalejira iraingarrietan desfilatzera derrigortu.
Gogorrena etortzeko zegoen. 1937ko otsailaren 11, 13 eta 14an frankistek herritik 167 pertsona kanporatu zituzten, gehienak emakumeak euren seme alabekin. Orohar, herritik kanpo ihes eginda zeuden abertzale ezagunen familiakoak zirela eta: zaharrenak 99 urte zituen eta gazteenak hilabete. Kostako bidetik, oinez heldu ziren Lekeitioraino, gerra lerroa Atxazpi baino pixka bat lehenago zeharkatuz. Debatik 8 pertsona egotzi zituztela kontutan hartuta, eta Azpeititik 10, harrigarria da Ondarroatik kanporatuen kopuru handia. Ziurrenik arrazoi estrategikoak ere izango ziren tarteko: abertzaleen senideak arriskutsuak ziren, Asterrika gainean eta Berriatua inguruetan zeuden indar errepublikarrekin kontaktuan jartzea ez zelako hain zaila. Kanporaketa hauekin frankistek Ondarroa “erretako lurralde” bihurtu nahi izan zuten.
GERNIKATIK SANTOÑARA
1936ko martxoaren bukaeran, Madrileko frontean jasandako porrotaren ostean, Francok iparraldeko frontean jarri zituen begiak. Hurrengo astean zehar matxinatuen hegazkinek Molaren esku-orriak barreiatu zituzten, Bizkaia errenditzen ez bazen goitik behera suntsituko zuela mehatxatuz. Ez zebilen txantxetan. Lehen bonbak Durangon erori ziren, eta haren ostean Bilbon, Galdakaon eta Zornotzan, Eibarren eta Gernikan. Apirilean zehar faxisten bonbek 2.437 pertsona hil zituzten (horietatik 1.654 Gernikan); guztira Bizkaiko 32 hiriguneko biztanleek pairatu zuten “Condor” legioaren bonba zaparrada. Frankisten zifra ofizialek ziotenez, 81 eguneko kanpainan 162.000 bonba jaurti zituzten, hau da, 2.000 bonba eguneko!
Apirilaren bukaeran faxistek Gernika hartu zuten, eta maiatzaren hasieran italiar Gezi Beltzak Bermeon sartu ziren. Errepublikarren kontraerasoaren aurrean berriz atzera egin bazuten ere, hurrengo bi asteetan faxistek Sollube eta Bizkargi tontor gainak hartu zituzten. Borrokak oso latzak izan ziren inguru hauetan, eta oraingoan ere erabakigarria izan zen alemaniar hegazkinen eskuhartzea. Sollubetik, euskal miliziarren batailoi txikituak Jata mendiraino erretiratu ziren, Bilboko Gerrikoa bertatik bertara eta begi-bistan zutela jada. Ordurako, desmoralizazioa nagusi zen Euzko Gudarostean, eta desertzioak ugaritu egin ziren; jeltzaleak matxinatuekin hitz egiten ari ziren, errendizioari baldintza gutxiengo batzuk ezarri nahian. Francok ez zituen onartu, are gutxiago, Bilboko Gerrikoaren diseinatu zuen injinerua euren aldera igaro zenean, plano guztiekin.
Ezkertiarrak borrokan jarraitzeko prest zeuden; jeltzaleak ez, ordea. Eusko Jaurlaritzak ezker aldeko industria estrategikoa suntsitzeko agindua jaso bazuen ere, ez zuen bete, eta errendizioaren ostean matxinatuen eskuetan gelditu zen. Ekainaren bukaeran 12.000 gudari Laredon eta Santoñan bildu zituzten, italiar tropen aurrean errenditzeko, horien artean ondarrutar ugari. Haietariko batek gogoratzen zuenez, italiarrak Laredora heldu zirenean, gudariei gauzak lapurtzen zizkieten (jantziak, dirua, oinetakoak…). Laredoko hondartzan zeuden, eta gordeta zuen pistola bat uretara bota zuen. Ez ordea EAE-ANVko karneta: hondartzan zulo bat egin eta markak hartuta, gudariak bisitatzera joandako neska ondarrutar bati bere gordelekuaren berri eman zion, eta karneta berreskuratzeko eskatu. Neska honek gudariaren mandatua bete, eta trabajadoreetan preso ostean eta Ondarroara itzuli zenean, -lau urte beranduago- neskak karneta bueltatu zion.
Beste ondarrutar askok erbesteko bidea hartu zuten. Gehienak, Iparraldean babestu ziren eta II. Gerra Mundiala hasi zenean Ondarroara itzuli; Felipe Egiguren eta beste batzuk Kataluniarantz abiatu ziren, errepublikarrek kontrolatzen zuten lurraldean, erresistentziarekin jarraitzeko asmoz; eta Hego Ameriketan babestu zirenak ere ez ziren gutxi izan, José María Solabarrieta alkatea, tarteko.
SATURRARANGO EMAKUMEEN KARTZELA
Saturrarango emakumeen kartzela 1938ko urtarrilean ireki zuten, gerra zibila oraindik bukatu gabe zegoela. Aurretik apaizen seminarioa izan zen, eta oraindik kartzela gabe egokitu gabe zegoela ailegatu ziren lehen emakume presoak, Asturiasetik hain zuzen. Emakume hauek lur heze eta hotzean jan eta lo egiten zuten negu hartan. Urte bereko irailaren 5ean moja mertzedariak izendatu zituzten emakumeen kartzelez arduratzeko, zaintza eta zuzendaritza ardura espetxe funtzionarien eskuetan mantendu bazen ere. Mojen tratua oso gogorra zen, eta hauetariko batek behintzat mojatza utzi egin zuen, jainkoaren izenean burutzen ziren gehiegikeriak jasan ezinean. Urteak beranduago preso ohi bati azalarazi zionez: “Aquello no era para mi, allí había muchas injusticias. Yo no puedo maltratar a una persona sin motivo”.
Motiborik, emakume hauek kartzelan sartzeko ere ez zegoen. Gehienak, militante errepublikarren senideak (emazteak, alabak, amak, arrebak…) izateagatik atxilotu zituzten. Helburua ezkertiarren emakumeak zigortzea zen, familiaren hezitzaile legez, euren baloreen transmisioa ekiditeko. 1938-1944 bitartean milaka emakume pasatu ziren Saturrarango kartzelatik, eta gutxienez 112 bertan hil ziren, horietatik 62 umeak eta haurrak. Elikadura oso eskasa zen, hutsalkeria. Orduan umea zen emakume batek kontatzen duenez: “Nos peleabamos por los tronchos de las coliflores y de los repollos que tiraban a la basura, porque coger aquello significaba comer y yo se lo llevaba a mi madre. A ella le daban un trozo de pan y un poco de leche, y cambiaba su pan por otro poco de leche, porque ya no tenía pecho para darme”.
Desnutrizioak gaixotasunen areagotzea zekarren, batez ere, frankistek gerra irabazi ostean, Asturiaseko emakume presoak hego-ekialderantz sakabanatu, eta penintsulako hegoaldekoak ekartzean izurriteak zabaltzen zirenean: “… una enfermedad se desarrolló que murieron lo menos treinta niños… era un sarampión”, itxura denez Madriletik ekarritako presoen umeek zekartena. Tifus eta neumoniaz hildakoak ere egon ziren. Bizirik irauten zuten umeek hiru urte betetzen zituztenean euren amei kendu, eta umezurtz etxeetara eramaten zituzten. Edota frankisten familietara. Saturrarandik atera zituzten ume haietariko batek gogoratzen duenez: “… sin que las madres lo supieran, nos metieron a todos los niños que estabamos en la cárcel de Saturraran en un tren (…) tenía unos cuatro años. Luego, por lo que me contó mi madre, a ella le dieron una paliza muy fuerte y tuvieron que encerrarla porque se puso a gritar como una loca, porque le habían quitado a su hija. Bueno, a ella y a otras madres”. Beste ume batek 14 urterekin Madriletik ihes egin zuen, eta trenetan ezkutatuta Saturraraneraino ailegatu zen bere amaren bila.
Diziplina gogorraren pean egon arren, injustizien aurrean erantzuteko gaitasuna izan zuten. Behin, preso bat zigortuta zeramaten, eta “… y callando allí, se pusieron todas de pie, porque vieron que (la monja) no tenía razón”. Mojek ezarritako arauak hausten zituztenak zigor ziegara eramaten zituzten, eta bertan hil zenik egon zen: “… estaba todo mojado y allí es donde se quedaban tuberculosas, porque como había tanta humedad, pues las metían allí e igual estaban tres meses allí, hasta que no, ya no…”. Andereño bat zen. Bere neba hilotzaren bila agertu zen kartzelara baina ezin izan zuen eraman, zeren “… hacían una fosa común y las metían a todas, y había tantas (…) ¿Entierros? ¡Qué va! ¡Las llevaban en el carro de la basura”. Bizi-baldintza gogor hauei aurre egiteko funtsezkoa izan zen Ondarroako, Mutrikuko eta Debako emakumeen elkartasuna, batez ere janarien arloan. Xaboia ere eramaten zieten, higieneaz gain, kartzela barruan duintasuna mantentzeko. Eta sarri, kanpotik agur egite edota begirada hutsa nahikoa izaten zen, hezi batez banatuta egon arren, gerraren galtzaileen arteko adiskidetasun konplizea adierazteko.
OHZren lanetariko bat Herri Artxiboa osatzea da. Artxibo horretan herritarren sortutako edozein dokumentu gordetzen da: idatziak, ahots grabazioak, irudi grabazioak… eta nola ez, argazkiak.
Herritarrek ekarritako argazkiak digitalizatu eta Erretratuen Otzaran katalogatzen ditugu. Kopia orijinala ahalik eta arinen itzultzen zaio jabeari. Zure argazkiak gure esku utzi nahi badituzu, laga itzazu Ondarroako Liburutegian, zure telefono zenbakiarekin batera. Egun gutxiren buruan itzuliko dizkizugu.
Erretratuen Otzarako argazki asko Ondarroa urtekarian argitaratzen ditugu.
Argazki horietako batzuk hemen azpian dituzu ikusgai.
Herritarrek ekarritako edota artxibo desberdinetan dauden grabazioak ere kopiatzen, digitalizatzen eta sailkatzen ditugu. Grabazio hauetako bat ikusteko egin klik hemen.
Urtekariren bat lortu nahi baduzu idatzi helbide honetara: ohzaleak@hotmail.com
Bestela jaitsi urtekariak zure ordenagailura PDF formatuan!
2006ko urtekaria
2005eko urtekaria
2004ko urtekaria
2003ko urtekaria
2002ko urtekaria
2001eko urtekaria