Munduari lehen bira eman zion Nao Victoriaren erreplikak Ondarroa bisitatu zuen 2015eko urrian. Ikerketa baten arabera, Nao hori ondarrutar batena zen.

LA 'NAO VICTORIA' EN EL PUERTO DE ONDARROA. 21-10-15. FOTO: MAIKA SALGUERO

Nao Victoria Ondarroako pertsona batena zela demostratzen duen ikerketa: naovictoria_ondarroan1

Albiste bat, Bizkaiko Hitzan:

Victoria, izatez Ondarroako

Nerea Bedialauneta | Bizkaiko Hitza

Joan Sebastian Elkanok 1522an munduari bira emateko erabili zuen lehen itsasontzia, jatorriz, ondarroar batena izan zen. Fernando Agirre Aramaio Hondarroa 2014 urtekariko idazle eta Ondarroako Historia Zaleak taldeko kideak egin duen ikerketaren arabera, Domingo Apalluarena izan zen Victoria itsasontzia. “Historia asko gustatzen zaion Bilboko lagun batek Sevillako fitxategi protokoloetan Victoria itsasontzia Ondarroako armadore batena izan zitekeen dokumentuak zeudela esan zidan”. Kasua ikertzen hasi zen duela zortzi hilabete.

Azken hilabeteotan hainbat agiri eta liburu ikuskatu behar izan ditu, eta horietan guztietan lagungarriena Juan Gilek idatzitako El exilio portugués en Sevilla. De los Braganzas a Magallanes liburua izan dela azpimarratu du. “Liburuan, beharbada, ez dio gauza handirik, baina ikerketagaz aurrera jarraitzeko beste argibide garrantzitsu bat eman zidan. Elkanok munduari bira eman zion itsasontzia aurretik Santa Maria deitzen zela zioen, eta jabea ondarroarra zela”.

Gilek idatzitako liburuan aurkitutako ideiaren inguruan sakontzen hasi zen. Horretarako, Sevillako fitxategi protokoloko arduradunekin harremanetan ipini zen, garai hartako agiria aurkitzen laguntzeko. “Kopia bidali zidaten, eta bertan idatzita zegoenaren zati bat ulertzea lortu nuen. Garai hartako idazkeran dago, baina berba garrantzitsuenak identifikatu nituen. Hondarroa, Pedro de Arizmendi eta Domingo de Apallua modukoak ondo bereizten ziren. Hala ere, testua interpretatzeko, laguntza behar izan nuen”.

Sevillatik bidalitako agiri osoa itzuliko zion norbaiten bila hasi zen. Azkenean, paleografiako —antzinako idazkera zaharren zientzia— aditu biren laguntza izan zuen. Itzulpenak jaso ostean, orain arte sekula esan eta aipatu ez diren hainbat datu eta baieztapen bitxiren berri jakin zuen. “Dokumentuak dio, besteak beste, Pedro Arizmendi, Domingo Apallua bere aitaren izenean, Santa Maria izeneko itsasontzia koroari saltzera derrigortu zutela, familiaren gogoz kontra. Agiriaren arabera, gainera, itsasontzia erosi zuten momentuan, Sevillako portuan zegoen, zamarekin Londres aldera irteteko prest”.

Agirian bada beste datu bat: itsasontziak berez balio zuena baino diru gutxiago jaso zuela Santa Maria-ren truke Apallua familiak. Koroak 800 urrezko dukat eman zizkien.

Karlos I.a Espainiako erregeak bidaia egiteko bost itsasontzi behar zituen, eta horietako bat Apalluatarrei desjabetuz lortu zuen. Beste ikerketa batzuei esker jakin duenez, Santa Maria modura eraikia izan zen ontziari Fernando de Magallanesek berak aldatu zion izena. Errege espedizioa egiteko Victoria izena hartu zuen, izen bereko Ama Birjinaren omenez.

Victoria, Trinidad, San Antonio, Concepción eta Santiago itsasontziak 1519ko abuztuaren 10ean irten ziren Sanlucar de Barramedatik (Cadiz, Espainia), 239 pertsona barruan. Handik hiru urtera bueltatu zen espedizioa. Victoria itzuli zen bakarrik, gainontzeko lau ontziak bidean hondoratu edo galdu zirelako. 1522ko irailaren 6an porturatu zen, hamazortzi laguneko eskifaia bategaz. Itsasontzian joan ziren beste 24 lagunak, berriz, zeharkaldian hil ziren, Fernando de Magallanes almirante portugaldarra barne. Munduari bira eman eta gero, Victoria denbora luzez Sevillako portuan baztertuta egon zen. “Inork ez zuen erosi nahi, eta, azkenean, oso merke saldu zuten; 285 dukat inguru ordaindu zuen erosleak. Desagertu zen arte, Sevilla eta Amerika bitarteko zama bidaiak egin zituen”.

Ondarroako ontzioletan

Baieztatzeko dokumentuen faltan, gainera, historiazaleak susmoa du Ondarroan egin zela 28 metroko luzera eta 7,5 metroko erruna zituen itsasontzia. “Hori egia izateko aukera handiak daude. Garai hartan, ontziola garrantzitsuak zeuden Artibai itsasadarreko alde bietan. Hainbat ikerketaren arabera, oso itsasontzi sendoak egiten ziren gure ontzioletan; Ternuara bakailaotara joaten ziren ontziak, adibidez”.

Beste teoria batzuek, ostera, Elkanok espresuki eskatuta Victoria itsasontzia Zarautzen (Gipuzkoa) egin zela diote, baina Fernando Agirre ez dago batere ados datu horiekin. “Victoria ontzia 1515ean Zarautzen egin bazuten, ez du zentzu handirik gerokoan egin zioten izen aldaketak. Dokumentuen arabera, argi geratzen da gerokoan aldatu ziotela izena. Horrez gain, itsasontzia Elkanok eskatuta egin bazuten, arraroa da hiru urte geroago ondarroar bat haren jabe modura agertzea. Azkenik, Elkanok espedizioaren gehiengoa Concepción ontzian egin zuen. Victoria-ren jabea bazen, normalena bidaia bere ontzian erabiltzea zen”.

Itsasontziaren jabearen inguruan ere, hainbat datu bildu ditu. “Orain bost mendeko erroldetan abizen horretako hainbat biztanle agertzen dira”. 1511ko errolda baten arabera, gainera, Ondarroan bertan bizi izan zela agertzen da. “Kaleandikoa zen, eta negozio ugari eduki zituen. 1514an egin zen beste errolda batean, ordea, ez da agertzen. Sevillan egongo zela pentsatzen dut. Hain zuzen, hori frogatzen duten agiriak daude. Nire ustez, Sevillan hil zen, baina ez dut aurkitu horren agiririk. Katedralean gerora hasi ziren hiletak artxibatzen”.

Advertisements