2006ko irailean OHZk egindako jardunaldien materiala.

Argazkiak eskuragarri: hemen

Gehiago jakiteko…

II. Errepublika Ondarroan

MONARKIAREN ERORKETA

II. Karlistaldiaren ostean alderdi kontserbadoreak eta liberalak ezarri zuten sistema bipartidista sasi-demokrata XX. mendearen hasiera arte egonkor mantendu bazen ere, garai berean hasitako industrializazio prozesuak klase harreman berria sortarazi zuen. Honekin batera mugimendu politiko berriak sortu ziren: sozialismoa, anarkismoa, abertzaletasuna… Gerra kolonialetan –Kuba, Maroko- jasandako porrotek mugimendu hauek indartu zituzten, eta Canovas eta Sagastak eratu zuten gobernu txandakatze sistema krisian sartu zen. Egoera aurre iraultzaile honetan (kontutan hartzekoa da 1917an sobieten iraultza nagusitu zela Errusian), Alfontso XIII.ak José Miguel Primo de Rivera generalak gidaturiko estatu kolpea onartu zuen 1923an.

Diktadura honen helburuak batasun nazionala bermatzea zen “… aceptando un sano regionalismo”, eta langile mugimendua apaltzea, estatu korporatibistaren zantzuak zituen eredu sozio-politikoa eskainiz.  Obra publiko erraldoiak burutu zituen, helburu ezberdinekin: estatua modernizatu, langabeziari aurre egin eta batez ere goi burgesiaren gutizia asetzea. Hau da, izan ere, klase honen urrezko aroa.

Ondarroak ere antzerako ibilbidea jarraitu zuen. Mendearen lehen hamarkadatik abertzaleak ziren herriko indar politiko nagusia, eta kolokan jarri zuten estatuaren txandakatze sistemarekin kolaboratzen zuten herriko jauntxoen boterea. Diktadurak abertzaleak udaletik egotzi zituen, boterea eskuineko oligarkiari itzuliz. Udal berri honek espainiar abertzaletasuna goratzeaz batera, herri-lanak bultzatu zituen herritarrak erakartzeko. Hondartzako zubia, esaterako, ordukoa dugu, beste berrikuntza batzuekin batera:, gero eta kotxe gehiago, telefonoa… Herritarren ohiturak ere aldatzen zihoazen: Aurrera Kirol Taldea orduan sortu zen, egunerokotasunean kirola hartzen ari zen indarraren seinale. Futbola ere urte hauetan indartu zen, eta herriko lehen zinema garaikoa dugu. Txarlestona eta jazzbanak ere ez ziren urruti ibiliko, moralisten kezkarako.

Edonola ere, Primo de Riveraren diktadurak ez zituen arazo sozial eta politikoak konpondu eta 1929ko krisi ekonomikoak jota utzi zuen. Erori zenean, behin-behineko gobernuak hauteskundeetara deitu zuen. Baina bozak udal hauteskundeetarako ziren, ez gobernua aukeratzeko, ordurako argi baitzegoen hurrengo hauteskundeak monarkiaren plebizitu bihurtu zirela. Eta halaxe izan zen. Hiriburu guztietan errepublikarrek irabazi zuten eta Alfontso XIII.ak abdikatu egin zuen. Errepublikak aurrerakoien sarrera ahalbidetu zuen Madrileko gorteetan, eta hauek hainbat erreformari ekin zioten: emakumeen botoa, kultu askatasuna, ezkontza zibila eta dibortzioa, eskubidea, autonomia estatutuen tramitazioa, armadaren erreforma, nekazal erreforma eta eskubide zibilen berrezartzea (sindikatuak, adierazpenerako, biltzeko eta prentsa askatasuna).

ONDARROAKO UDALA ERREPUBLIKA GARAIAN

1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan, Ondarroan inork ez zuen botorik eman. Izan ere, hauteskunde legearen 29. artikuluaren bidez, jeltzaleek, tradiziozaleek eta arrantzaleen kofradiak zinegotzi aulkiak banatu zituzten, bakoitzaren ustezko indarraren  arabera: jeltzaleek zazpi, tradiziozaleek hiru eta kofradiak beste hiru. Alkatetzan José María Solabarrieta jarri zuten, abertzaleen artean posizio sozial eta ospe gehien zuenetariko bat. Osasun arrazoiak zirela eta Felipe Egigureni egokitu zitzaion herriko makila eskuetan hartzea 1933ko apirileko udal hauteskundeen ostean. Nahiz eta jeltzaleak eta tradiziozaleak aurkari politikoak sutsuak izan, lehen urteetan bi indar politiko hauek hala moduzko elkarbizitza bat mantentzen saiatu ziren, ustez autonomia erlijiosoa bermatzen zuen Lizarrako estatutuaren inguruan.

Estatutu honek Hego Euskal Herriko udal gehienen sostengua lortu arren, Madrileko gorteek atzera bota zuten, euskal lurraldeek Vaticanoarekin harreman zuzenak mantentzea ezinezkoa zela argudiatuz. Eskari hau ez onartzean, tradiziozaleek estatutu nahiak alboratu zituzten eta Nafarroa euren feudoa zenez proiektutik kanpo gelditu zen. Jeltzaleek jarrera pragmatikoagoa aurkeztuz, estatuaren menpe zeuden diputazioek diseinatu behar zuten estatutuaren zain gelditu ziren.

1933ko urtarrilaren 27an estatuak bertan behera utzi zituen 29. artikuluaren bidez izendaturiko udalak. Ondarroan, hiru kideko batzorde kudeatzaile bat eratu zen, bi partaide errepublikarrak zirelarik (Angel Hidalgo eta Isidor Ibaibarriaga) eta hirugarrena jeltzalea (Kepa Larrañaga) Tostartekoen Bazkunako kidea. Hiru hilabete beranduago udal hauteskundeak burutu ziren eta abertzaleek bederatzi zinegotzi eskuratu zituzten (1.278 boto), tradiziozaleek lau (737 boto) eta errepublikarrek bat ere ez (162 boto). Ondarroan zinegotzi izateko aurkeztu zen lehen emakumea errepublikarren zerrendan zegoen: Julia Amilibia Bikandi, 21 urteko gaztea. Hauteskunde hauetan, lehen aldiz emakumeek bozkatzeko eskubidea izan zuten, eta leku askotan mapa elektorala irauli zuten. Ezkertiar batzuk haserretu ere egin ziren, emakume hauetariko asko eskuinari bozkatzen ikustean. Besteak beste, hara zer zioen “El Liberal” egunkariak: “En Ondarroa las mujeres, sacando a muchos hombres de sus propias casas a votar, inclinaron la balanza del lado nacionalista, sin perjuicio de que sean los republicanos quienes procuren por su mejoramiento”

1933ko azaroaren 5ean gobernuak izendatutako diputazioek diseinaturiko estatutuaren erreferenduma burutu zen. Ondarroan 1.866 aldeko boto lortu behar zituzten baiezkoa lortzeko, baina horiek boto asko ziren tradiziozaleak estatutu berriaren aurka zeudela jakinda. Hau honela, estatutuaren aldekoek aukeratutako bidea ez zen oso txukuna izan, leku askotan izugarrizko tongoak egon baitziren. Elixopeko hauteskunde mahaian, ez zen hain erraza izan, Doña Anita eskuindarra zelako mahai-buru. José María Etxabururen esanetan, “… aukera eltzean edo eldutean, bolillak edo autarki paltsoak pilloka sartzeko prest egozan maiko arduradunak (…) ordu erdi inguru palta zala, gehiago ezin eutsi ta jagi ta korrika komunera joan zan Doña Anita. Ta orduan bixkor mutillak autarki paltsoak sartzen”.

Madrileko gobernua eskuindarren eskuetara igarota zegoen (1933ko azaroaren 19an), eta gobernu honek udalei ardoaren zerga jasotzeko eskumena kendu nahi zien. Zerga hau udalen diru iturri nagusia zen, eta gobernuaren helburua udalen autonomia ekonomikoa moztea zen. Jeltzaleen eta ezkertiarrek lege honen kontra egin zuten eta Ondarroan 1934ko irailaren 7an zinegotzi jeltzaleek dimisioa aurkeztu zuten, eta udalaren kudeaketa tradizio zaleen eskuetan gelditu zen. 1936ko otsailaren 23an jeltzaleak udalera itzuli ziren, Fronte Popularraren  garaipenarekin batera.

ABERTZALETASUNAREN URREZKO AROA

Abertzaletasunak mende hasieratik zuen nagusigoa Ondarroan. Baina diktadurak eten egin zuen hazkunde prozesu hau. Errepublika aldarrikatuta, Alderdi Jeltzaleak laster ekin zion bere erakundeak eta taldeak berrantolatzeari.

Talde ugarik osatzen zuten mundu jeltzalea eta euren iharduera etengabea zen, eta arlo anitzetara bideratua. Uri Buru Batzarra erakundearen organo politikoa zen, hauteskundeak-eta planifikatzen zituena. Euzkeltzale Bazkuna talde kulturala zen, eta bere helburu nagusia euskararen aldeko ekimenak burutzea zen. Emakume Abertzaleen Batza bazkideak lortzen ahalegintzen zen familia behartsuetako umeei izen euskaldunak ipintzearen truk arropak eta janari-otzarak oparituz. Irrintzi Mendigoizale taldeak abertzaletasuna bezalako ideologia urbanoa landa mundura zabaltzen zuen “Euzkadi” bertako partaideek modu bukoliko batean berreraikitzen zuten bitartean. Eta beharbada gazteak ziren ekintza ausartenak burutzen zituztenak (kartelak ipini, pintadak egin…), hiruzpalauk kartzelan bukatu izanak aditzera ematen digun bezalaxe. Arazo sozialei zegokienez, ELA sindikatuak Tostartekoen Bazkuna sortu zuen, arrantzaleen artean gero eta nabarmenagoak ziren desberdintasun sozialak leundu nahian. Bide batez, arrantzaleak mundu jeltzalera erakartzen zituzten. Gazte Abertzaleen Taldeak etxez etxe banatu izan zuten Poxpolin deituriko aldizkaria eta baita beste agerkari batzuk ere. Sare honen bitartez, EAJ masa alderdi bat bezala eratu zen.

Batzokia zen talde hauen topagune nagusia. Antiguako Ama kalean kokatzen zen, egungo Vega Hoteleko ondoko eraikinean. Uste baino beranduago zabaldu zuten, 1932an. Baina Batzokiaren inaugurazio ofiziala eta EABren banderaren bedeinkapen jaia 1933ko ekainaren 25ean egin zuten. Bertara inguruko jeltzale asko hurbildu ziren besteak beste Jose Antonio Agirre Lekubek botatako mitina entzutera. Izan ere jai asko ospatzen zituzten jeltzaleek. Baina jai hauetan mitinak ez ziren ohikoenak. Gehiagotan ikusten ziren ekitaldi folklorikoak: ezpatadantzari eta poxpolinen saioak edota erromeriak, mezak eta abesbatzak, edota pilota partidak eta estropadak. Aipagarria da, ekintza hauek guztiak euskararen erabilpenean oinarritzen zirela.

Beste batzutan herriko jeltzaleak izaten ziren herritik kanpora ateratzen zirenak beste herrietako ekitaldi jendetsuetan parte hartu eta “euzkotar” gehiago ezagutzera. Besteak beste, Aberri Egunetara autobuskadak joaten ziren, eta batzuetan txalupaz ere hurbiltzen ziren jai hauetara. Bilbora 150 pertsona joan ziren 1932an, hurrengo urtean beste horrenbeste Gasteizera, Mendigoixaleren batzuk mendiz mendi ere joan ziren ostiralean irtenda. Eta txirrinduan heldu zenik ere egon zen. 1934an Bermeoko Batzokiaren inaugurazio jai jendetsura 4 autobus eta txalupak ere joan ziren. Eta 1932an Durangora 6 autobus eta beste asko kotxez joan ziren!

ONDARROAKO ERREPUBLIKARRAK

1932. urtearen hasierarako Ondarroako errepublikarrak elkartzen hasiak ziren Sabino Arana kaleko “Loiola” tabernan, geroago “Centro Republicano” deituko zena. “Txebito” zen bertoko arduraduna. Pentsaera eta izaera arras desberdineko herritarrek osatzen zuten elkarte politiko hura: EAE-ANVko abertzaleek, Marcelino Domingoren “Radical Socialista” delakoek, Prietoren jarraitzaileek, UGTeko sindikalistek, komunista bakana… Ideia eta jarrera politiko hain desberdinak -kontrajarriak ere batzuetan- izan arren, Errepublikaren defentsa sutsuak elkartzen zituen guztiak. Elkarte politikoari jarri zioten izena bera, “Unión Republicana Ondarresa” (URON) dugu adierazlerik onena. Santi Meabe zen elkarte berri honen “bihotz eta arima”.

1933ko apirilean, portuko lanen hasierako lehen harria jartzea zela-ta, Manuel Azaña, Errepublikaren Gobernuburuak eta Indalecio Prieto eta Marcelino Domingo ministroek Ondarroara egin zuten bisitaren inguruan, izugarri suspertu zen URON elkartea. Bisitaldi hura hauteskunde garaian burutu zen eta jeltzaleekin hika-mika iturri bihurtu zen, Azañari oparitutako liburuan zenbait ondarrutarrek euren sinadura ezabatu nahi izanak adierazten digun bezalaxe. Mugimendu errepublikarra aurrera zihoan. “El Liberal” egunkari sozialistak zioenez: “Es indudable que Ondárroa ha comenzado, como los demás pueblos, a rectificar sus viejas e inservibles ideas”. Jeltzaleek iraindu egiten zituzten URONeko kideak, espainiar zaletzat jotzen zituztelako, eta hortaz kexatzen ziren alkate jeltzalearen aurrean: “… pues con verdadero  dolor y con irritante frecuencia venimos escuchando cantos en vascuence contra los despectivamente llamados maketos, belarrimotzas, etc.”. Are gehiago, goardia zibilen koartela Ondarroara ekartzea eskatzera ailegatu ziren.

1934ko ekainaren 30ean, “Unión Republicana Ondarresa” hura “Izquierda Republicana Ondarresa” (IRO) bilakatu zen eta “Izquierda Republicana” alderdi politikoaren idearioa onartu zuen. Eskuinaren sarrerak Madrileko gobernuan (1933ko azaroa) erabat asaldatu zituen alderdi ezkertiarrak, sozialistak batez ere. Langileek ere hainbat greba egin zituzten. Entzutetsuena “Urriko iraultza” delakoa. Asturiasen indarrik handiena lortu bazuen ere, Bizkaian eta Gipuzkoan ere izan zuen eragina. Baita Ondarroan ere. Orduantxe gauzatu zen Ondarroako lehen greba orokorra, bi egun iraun zituena.

Itxura denez grebaren bultzatzaile nagusia Federico Llano portugaletetarra izan zen, “Euskal-Erria” dragako makinista. IRO eta UGTko kideez gain (Beristain autobus enpresako langileak, gehienbat), Tostartekoen Bazkunako A. Lersundik ere parte hartu zuen, EAJren haserrerako. Izan ere, Ondarroako Uri Buru Batzarrak (UBB) ez zuen bat egin greba ekimenarekin, “… por descabellada, ya que la misma no contaba con apoyo popular, pues era tipicamente de sentido marxista y opuesta a los postulados de Jaungoikoa eta Lagi Zarra”, Felipe Egiguren UBBko idazkariaren esanetan.

Iraultza saiakera honek eskuindarrak beldurtu zituen eta UBB grebaren aurka agertu bazen ere, ordutik aurrera jeltzaleei ezkertiarrekin batera joatea egotzi zieten. Ikusten denez, UGT sindikatua ere sortuta zegoen jada Ondarroan, URONen magalpean. Grebaren ondorioz Ondarroako zenbait errepublikar gartzelaratu zituzten, “Altuna-Mendi” itsasontzi gartzelan. Euren artean Santi Meabe, Markos Gabika-Etxebarria, Esteban Urkiola “Potxeri”, Nazario Bakeriza “Zaz” eta Eugenio Aranbarri “Kaltzandi”. Merkatal baporontzi zaharkitu haren bodega ilun eta zikinetan pilaturik egoteaz gain, neguko hotza gehitzen zitzaion presoen sufrimenduari, 1935eko urtarrilean Markinako espetxera ekarri zituzten arte. Hurrengo astean baldintzatutako askatasuna lortu zuten, fidantza gogorren truk. Maiatzean “Centro Republicano”a berriz zabaltzea lortu zuten, eta uztailean Barakaldon Azañak eman zuen mitinera 40 errepublikar hurbildu ziren Ondarroatik. Ezin aipa gabe utzi emakumeen presentzia errepublikarren mugimenduan: Julia Amilibiaz zinegotzi hautagaiaz gain, Dolores Landaribar “Ongi Etorri” IROko batzordeko eleduna izendatu zuten 1934an. “Circulo Femenino” delako mugimenduak urte osoan zehar eraman zuen aurrera presoei laguntzeko diru-bilketa kanpaina.

TRADIZIOZALEEN KOMUNIOA

Ondarroako erregezaleak “Comunión Tradicionalista” deituriko alderdian biltzen ziren. Alderdi honetan karlistak ziren nagusi, baina koalizioan beste elementu monarkiko batzuk ere parte hartzen zuten. Eskuin indarren bateratze prozesua Errestaurazio garaian hasi zen (batez ere abertzaleen aurka egindako kanpainen ondorioz), Primo de Riveraren diktadura garaian sendotu (“Unión Patriótica” deituriko alderdian) eta II. Errepublikan zehar ezinbesteko baldintza bihurtu zen, ezkertiar eta abertzale mugimenduari aurre egiteko. “Círculo Tradicionalista”n biltzen ziren, gaur egungo Cafe Marinan. Alderdiak emakumeen taldea zuen (“Margaritak”), gazte taldea eta baita ezpata-dantzariak ere.

II. Errepublikan zehar burutu ziren udal hauteskundeetan 700-900 boto bitarte eskuratzen zituzten, boto emaileen herena baino gehiago. Ideologia alderditik karlistak alfontsotarrak baino sutsuagoak ziren eztabaidetan, muturrekoagoak. Jokamolde politikoei dagokionez, Ondarroako Komunio Tradizionalistari kostatu egiten zitzaion garai berrietara egokitzea. Euren iharduera, harreman pertsonaletan oinarritzen ziren eredu prepolitikoetara mugatzen zen ia-ia, ahoz ahozko propagandan, eta neurri handi batean, klientelismoan. Jauntxokeria modu askotara mantentzen zen. Itxura denez, irabazleak bere bozkatzaileak saritzeko ohitura zuen: adibidez, Orexa Elosegik Ondarroako tradizionalistei makailua oparitu omen zien gabonetan.

Ondarroan, tradiziozaleen artean eragin berezia izan zuen Luis Arriola osagileak. Bere ogibideak, herritarrekin harreman berezia edukitzea ahalbidetzen zion. Beharbada, bere inguruan osaturiko sarea hau zela eta deitzen zioten jeltzaleek “Capitan Araña”. Euzkadiko egunkariko Ondarroako kronikariak, Gorozika auzoan egiten ari zen kanpaina hala salatzen zuen: “Sabemos de dirigente de un partido político, y que además pasa éste por llamarse de orden, volviendo a procederes muy en boga en tiempos de la monarquía, pero por lo visto no pueden curarse de sus vicios anteriores, ha empezado a recorrer los barrios rurales haciendo propaganda electoral basada en mentiras y engaños”.

Jeltzaleek pare bat urte lehenago egin bezala, 1934an tradiziozaleek Txomin Agirreri omenaldia egin ziotenean, Luis Arriola bera ere omentzeko baliatu ziren, bera zelako alderdiko propagandista nagusienetarikoa. Txomin Agirreren omenaldiaren inguruan idatzi zuen artikulu batean zera zioen idazleari buruz: “… en vida fue vasco por los cuatro costados, tenía de vasco como tenía de español, fue el prototipo vasco-español”.

Eskuineko alderdientzat, jeltzaleak Errepublikarekin bat eginda zeuden. Izan ere, urte gehienetan udalean eurak egon zirenez, eta Errepublikaren legedia ere eurek bete arazi behar zutenez, tradiziozaleek Errepublikaren erruak jeltzaleei egozten zizkieten. 1933ko irailaren 17ko gertakariak honen adibide dira. Tradizionalistek “Margariten” banderaren bedeinkapena egin nahi zuten, tartean mitin eta guzti. Udalera bideratu zuten eskariak alkate jeltzalearen oniritzia jaso bazuen ere, Gobernu Zibilak debekatu egin zuen. Baina eskuindarrek alkateari bota zioten debekuaren ardura. Jokintxo idazle jeltzale ondarrutarrak “Euzkadi” egunkarian zioenez, “… todos son improperios e insultos soeces, burdas calumnias y exabruptos contra nuestra primera autoridad, lanzadas por las huestes carlo-liberal-alfonsinas”.

Herrian bizi izan zen giro zakar eta iskanbilatsua hurbil-hurbiletik ezagutu zuen Felipe Egigurenek: “… me encontré al tomar posesión de la Alcaldía, con un pueblo en ebullición y con más que ganas de polémica callejera, desorbitados los ánimos entre nacionalistas y monárquicos-carlistas. En tres meses y medio (…) me ví obligado a poner más multas que las que impusieron todos los Alcaldes juntos desde 1923 a 1931”.

ERLIJIOA ETA MORALITATEA II. ERREPUBLIKAN

Ondarrutar gehienak eliztarrak ziren. Ginés Aretxaga Etxebarria bikario jaunak zuzentzen zuen herriko kristau komunitatea. Segundo Urkiza, Eugenio Usobiaga, Eustaquio Uriarte Zarandona eta José Ramón Zenarruzabeitia ziren apaizak eta organu-jolea Angel Urzelai. Herritarren moralitatea zaintzeko luistarren eta Mariaren Alaben erakundeez baliatzen zen eliza. Azken honek arau zorrotzak zituen, mutilekin dantza lotuan –baltsiuan- ikusten zituzten alabak elkartetik kanporatzeraino. Antzerkietan gizonekin parte hartzea ere debekatu zieten.

Gizonen eta emakumeen arteko bereizketa muturreraino eramateko gai ziren, Iñazio Santa Kruz dantza irakasleak bere taldeko neska-mutilak pilota partida bat ikusteko elkarrekin korretara eraman zituenean zer-nolako polemika piztu zen ikusita. Moraltasun hau babesteko gogo jardunak egiten zituzten urtero, jesuitek gidatuta. 1932an Sorkunde Garbiaren liburutegia sortu zuten Iparkaletik parrokiaraino doan aldatzean, 658 libururekin. Han ere, neska eta mutilak ordutegi ezberdinak zituzten: neskak 5etatik 6etara, eta mutilek 6etatik 10etara. Behintzat Mariaren Alabek euren liburutegi propioa ireki zuten handik gutxira.

Errepublika iritzi eta hilabete gutxira handikiro ospatu zen Antiguako Amaren irudiaren jaitsiera. Valentziako gotzain Javier Lauzirika ere berton egon zen. Herria goitik behera apainduta agertu zen, aste luzeetan emakume askok hartutako lan eskergari esker. Ez dirudi kasualitate hutsa noizean behin egiten zen jaitsiera hau Errepublika proklamatu eta hilabete gutxitara buru izana.

Izan ere, Errepublikaren gobernuak harturiko erabakiek laikotasunaren alde egiten zuten: eskoletan erlijio ikasgaia kendu, otoitzak debekatu eta gurutzeak gorde arazi zituzten. 1931ko abenduan onartu zen konstituzio berriak ezkontza eta hileta zibilak legeztatzen zituen, dibortzio eta kultu askatasun eskubideak bermatuz. Honen aurrean eliza ez zen geldirik egon, eta jendearen kristau fedea kitzikatzeko ekitaldiak ugaritu zituen: parrokiko korupean zegoen Kristo gurutziltzatua bedeinkatzeko izugarrizko ekitaldia antolatu zuen parrokiak, eta jendeari paparrean gurutzea ipinita irteten hasi zen. 1932an gobernuak jesuiten elkartea debekatzea erabaki zuenean, Ondarroan aurkitu zuen babesa aita Roque Iriarte jesuitak. Barau izango luistarren eliz elkartearen sustatzaileetariko bat. Hau honela, ez da harritzekoa Euzkadi egunkariko kronika egileek urtetik urtera Aste Santuetako prozesioak geroz eta jendetsuagoak zirela aipatzea. Ama Birjinaren agerpenak zirela eta, herritar batzuk Ezkiora hurbildu izanak kristauen artean zegoen egonezina adierazten du.

Euskal Unibertsitatea sortzeko Deustuko unibertsitatea erabiltzeko proposamena udalera heldu zenean (1932ko otsailean), jeltzaleen kontraesanak azaleratu ziren. Udal batzak proposamen hau onartu bazuen ere, Isidro Etxebarria zinegotzi jeltzalea erabaki honen aurka azaldu zen, eraikina jesuitei kendutako zela argudiatuz. Irakaskuntzaren inguruko eztabaidak ez ziren hemen bukatu; 1933an gobernuak erlijiosoen ikastetxeak galarazteko ateratako legeari ahal beste oztopo ipini zizkion udalak.

HERRI ARRANTZALE BATEKO ARAZO SOZIALAK

Ondarroa arrantzatik bizi zen oso-osorik. Arrantza zen iharduera ekonomiko nagusia –bakarra ez esateagatik. Arrainik ez bazegoen ez zegoen lanik kontserba fabriketan, familia arrantzaleak diru gabe gelditzen ziren eta herriko dendetan zorrik ezin ordainduta. Beraz, Ondarroa arrantzatik zintzilik bizi zela esan dezakegu. Nahiz eta arrantza herriko zutabe nagusia izan, herriak ez zuen iharduera hau burutzeko azpiegitura egokirik. Arrantzale asko portuko sarreran itotzen ziren, eta neguan, bisiguaren kanpainan, Pasaiara joaten ziren arrastean lan egitera.

Errepublika garaian arazo hauei irtenbide bat ematen saiatu ziren. Portuko sarrerari zegokionez, proiektu berri bat aurkeztu zuten, moila beheko kaletik atera, badia egokitu eta portu berria bertan egitekotan. Sebastian Bakeriza arrantzalea eta Indalecio Prieto lagun minak zirela aprobetxatuz (Bakerizak Prietori ihes egiten lagundu zion diktadura garaian), bere proiektuaren finantziaketa lortu zuen. Halaxe etorri zen Prieto Ondarroako portu berriaren lehen harria jartzera.

Udan herriak geldialdi ekonomikoa jasaten zuen, txaluparik gehienak Kantabriara joaten zirelako hegaluzearen atzetik, eta hango portuetan saldu arrantzatutakoa.  Arazo hau konpontzeko, herri komisio bat sortu zen eta txalupa bat alokatu zuten, Saander aldean harrapatutakoa herrira ekartzeko. Era honetara familien premia larriak leuntzen zituen, kofradiaren ogasuna txukuntzen, eta kontserba fabrikak martxan ipintzen ziren, familien biziraupenerako funtsezkoa zen emakumeen lana suspertuz.

Mende hasieratik arrantzaleen arteko desberdintasunak areagotzen joan ziren, arrastearen agerpenak eta bapor-ontzien garestitzearen ondorioz. Horrela, nabarmena zen kofradian ez zegoela aldarrikatzen zen berdintasunik, boterea txalupa jabeek monopolizatzen baitzuten, ezer ez zuten tostartekoen kalterako. Ondarroako ELA sindikatu jeltzaleak Tostartekoen Bazkuna sortu zuen, eta ehundaka arrantzale bildu kofradian indarra egiteko. Lortu ere lortu zuten zuzendaritza Kepa Larrañaga tostartekoak eskuratzea.

Arrasteari zegokionez, aipagarria da herriko sektore guztiak bere aurka batu izana. Arrastea, arrantza mota suntsitzailetzat zuten, eta arrantza eskasiaren eragile nagusitzat. Errepublikan zehar eta baita aurretik ere arrastearen kontrako biltzar ugari egin baziren ere, ezagun eta garrantzitsuenetariko bat 1936an Ondarroan burutu zena izan zen, bertan harturiko erabakiak kostaldean zehar barreiatu zirelako.

Gerra Zibila Ondarroan

MILITAR FAXISTAK ERREPUBLIKAREN AURKA

II. Errepublikaren proklamazioak militarren egonezina piztu zuten, hasiera hasieratik. 1932ko abuztuan, Sanjurjo jenerala Errepublikaren aurka altxatu zen Sevillan, baina bere saiakerak porrot egin zuen. 1936ko otsailean Fronte Popularrak hauteskunde orokorrak irabazi zituen, eta boto mailan eskuin alderdiekin paretsu ibili arren, gehiengo absolutua eskuratu zuen Madrileko gorteetan. Egun berean, Gil Robles CEDAko burua, Franco, Fanjul eta Goded jeneralekin batera estatu kolpea ematen saiatu zen, baina atzeratu egin behar izan zuten, beste zenbait politiko eta militar eskuindarren zalantzak zirela eta. Hauen ustez, ezkerraren gobernuak sortuko zuen “anabasak” altxamendua justifikatzeko abagune hobeak eskainiko zituen. Udaberri iraultzailearen ostean, Calvo Soteloren erailketa izan zen faxisten altxamendua piztu zuen txinparta.

1936ko otsaileko hauteskunde orokorrek emaitza hauek utzi zituzten Ondarroako udalean: jeltzaleek 1435 boto, fronte kontra-iraultzaileak 888 boto jaso zituen (tradiziozaleenak) eta Fronte Popularrak 232, IROko bozkei esker. Estatu mailan Fronte Popularrak nagusitasuna bazuen, Bizkaia eta Gipuzkoan hegemonia jeltzaleek mantentzen zuten; ez ordea, Araba eta Nafarroan, tradizio zaleen garaipena eman baitzen. Ordurako gizartea oso polarizatuta zegoen, eta Ondarroan bertan eskuindarrak jeltzaleei gorriekin bat eginda egotea leporatzen zieten, eta jeltzaleek berriz tradiziozaleei “faxista” deitzen hasiak ziren.

Uztailaren 18ko altxamenduaren hurrengo egunetan espainiar estatuko lurralde bi zatitan banatuta gelditu zen, eta Euskal Herria ere. Hemen ere tradiziozaleak matxinadarako prestatzen hasita zeuden, eta zeregin horretarako sortu zuten Erreketea. Erreketeak karlisten indar armatuak ziren. Izan ere karlismotik zetozen sektore hauetan altxamendurako joerak mantendu egiten ziren, belaunaldiz belaunaldi transmititutako istorio eta sentimenduek bizituta. Ondarroan erreketerik sortu zen hala ez ziurtatzerik ez dago, baina Jokintxoren salaketak horrela ematen zuen aditzera:

“… de una temporada a esta parte los elementos carlo-alfonsino-integroliberales de la localidad dedicanse con todo el afán a la practica de la instrucción militar (…) Dicen que es propósito de ellos el formar uno o varios “requetes” aguerridos que en momento dado láncense a la conquista guerrera de sus postulados (?) y exterminio de sus enemigos, gixajos abertzales”.

GERRAREN HASIERA ETA ONDARROAKO DEFENTSA KOMITEA

Gerraren eztandak egunerokotasun politikoa eten zuen, baina arrantzaleek ez zioten atunketari utzi. Faxisten lehen helburua euskal lurraldeetan mugako igarobidea moztea zen, Irun hartuta. Errepublikarrak ere, Irunek zuen garrantzi estrategikoaren jakitun, bertarantz jo zuten espontaneoki eratutako milizietan. Lehen momentu hauetan indar ezkertiarrak izan ziren eraso faxistari aurre egiteko grina aurkeztu zuten bakarrak, jeltzaleek jokabide zuhurragoa izan zutelarik. Dakigunez, Iruneko defentsan hogeitik gora ondarrutarrek parte hartu zuten, eta esanguratsua da horietatik erdiak behintzat EAE-ANVkoak (Eusko Abertzaleen Ekintza-Acción Nacionalista Vasca) izatea; komunistaren bat ere bazegoen tarteko. EAEkoek jeltzaleengandik banatutako alderdia ziren eta abertzaletasun laikoa aldarrikatzen zuten; Ondarroan IRO koalizioan integratuta zeuden.

Uztailaren 27an Ondarroako Defentsa Komitea -“Junta de Defensa”- eratu zen gobernadore zibilaren aginduz. Helburua erregimen errepublikarraren aldeko alderdi eta erakunde ezberdinen artean, herri gobernurako erakunde bateratu bat sortzea zen. Defentsa Komitean ordezkari bana zuten, kofradiak (S. Larrinaga), UGTk (José Zabaleta), IROk (Marcos Gabika-Etxebarria, “Centro Republicano”ko ordezkaria (Gonzalo Pereiro), Euzkeltzale Bazkunakoa (Felipe Egiguren), ELAkoa (Bonifacio Beristain), UBBkoa (Juan Urresti “Penta”) eta José Mari Solabarrieta alkatea. Beranduago Manuel Larrinaga komunista gehitu zitzaien. Markinako barrutian gobernadoreak Santi Meabe izendatu zuten bere delegatu. Ordurako EAE-ANVko kide ohia, sozialisten alderdira igarota zegoen, eta berak agindu zuen Ondarroako “Circulo Tradicionalista” zarratzea eta 28 tradiziozale atxilotu zituen –horien artean Luis Arriola- konspiratzen ari zirela leporatuz.

Gobernu ardurak batzorde ezberdinen artean banatu ostean, Defentsa Komitearen lehen erabakia tradizionalisten egoitza errepublikarren garraio bulego bihurtzea izan zen. Ordurako herriko kotxe eta kamioi guztiak errekisatuta zeuden, egun gutxitara beharrezkoak ez zirenak euren jabeei itzuli baziren ere. Honez gain, herritarrek etxeetan zituzten arma guztiak udalean entregatzea agindu zuen, ehizakoak gehien bat. Ordutik aurrera, armak erabiltzeko eskumena soilik udalak berak izendaturiko goardia zibikoak izango zuen. Bere helburu nagusia herriko bizitza normalizatzea zen, kontrolik gabeko ezkertiarrak erregistro eta atxiloketak burutzen hasi baitziren.

Edonola ere, egoera kontrolpean mantentzea geroz eta zailagoa zen. Elikagaien gabeziak gosea eragiten zuen alde batetik, eta jakien espekulazioa bestetik. Zilarrezko txanpon guztiak desagertu ziren, jendeak etxeetan gorde zituelako. Gipuzkoako frontearen porrotak, etorkinen uholdea eragin zuen, guztiak ere faxistengandik ihesi, hauen artean José Miguel Barandiaran eta Martín Ugalde. Emigrazio kaotiko honen ondorioz hornikuntzen egoerak okerrera egin zuen, eta Defentsa Komiteak erabaki drastikoa hartu behar izan zuen: 15 urtetik beherako mutilak euren jatorrizko herrietara igortzea. Bien bitartean, arrantzaleek euren lanean jarraitzen zuten, eta azken deskarga “Nuestra Señora del Carmen” txalupak burutu zuen, irailaren 21ean, faxistek Ondarroa hartu baino pare bat aste lehenago.

EUZKADIKO URREA ONDARROAKO TXALUPETAN

Euzkadiko behin-behineko gobernuak “Banco de España”n zituen ondasunak urretan eskuratzea lortu zuen, eta urre lingote horiek Frantziara eraman behar ziren, franko bihurtu eta armak erosteko. Operazio hau gidatzera Telesforo Montzon eta Heliodoro de la Torre jeltzaleak etorri ziren, txalupa hauen abiapuntua Ondarroa izan baitzen, eta garraiolariak Ondarroako marinelak. Bost urre kutxak lau txalupatan banatu ziren (“Itxaropena”, “Bedialauneta anaiak”, “Lauanaia” eta “Urtxorixa”), ziurtasun arrazoiengatik, eta goizeko lauetan itsasoratu. Iparraldera ailegatzeko 24 ordu baino gehiago behar izan zituzten, armada faxista saihesteko asmoz izugarrizko itzulia egin baitzuten. Lehorreratu aurretik urre kutxa guztiak txalupa bakarrean bildu zituzten, eta bakarrik haxe sartu zen Baionako portuan, susmo gutxiago pizteko.

Operazio guztia itsumustuan burutu zela dirudi, planifikazio handirik gabe, presaka. Garraiolarietako batek adierazi digunez larunbatean ailegatu ziren Baionara: “… bankuk itxitte dazela, (…) Etorri zan bera [Montzon] lihorrez ta: – Bueno, on kalea ez urten mesedez, espionaje handixe dabill hamen ta, hortik eta: eon astelehenearte”. Astelehenean, “…sartu genduzen kajak eta danok eta, jendarme bi aldin dizela, al Banco de Crédito Lionés erun genduzen ta, han sartu genduzenin, hango Montzon jaunak esa’ban ze: “Jaingoiko maitti! Entzun dostazu! Eskerrik asko”. Lekuko berberak gogoratzen duenez, txalupan zihoazela Irun sutan ikusi zuten; beraz irailaren lehen egunak ziren.

URRIAK 4: FRANKISTEN SARRERA ONDARROAN

Ondarroa faxisten eskuetan jausi aurreko egunetan herritarren benetako exodo bat burutu zen, gizonik gehienak herritik alde egin baitzuten, lurrez eta itsasoz. Bien bitartean, errepublikaren aldeko indarrek zubi zaharra eta berria suntsitu zituzten, faxisten aurrera egitea nolabait geldotu edo oztopatu nahian. Hala ere, hauek Mutriku hartu zuten irailaren 27an, eta borroka gogorren ostean.Urriaren 3an tiro zalaparta entzun zen Ondarroa eta inguruetan. “Gorriek”, Lekeitiorantz atzera egitean, hiru ondarrutar atxilotu zituzten, eskuindarrekin kolaboratzea leporatuz; biharamunean Atxazpin erail – Blas “Poto”, bere semea eta Urkiri abizeneko bat, faxistekin kolaboratzea leporatuz. Egun berean faxistek lau miliziar fusilatu zituzten Katei inguruetan. Itxura denez isolatuta gelditu ziren Pikupe inguruak babesteko ahaleginetan.

Ordurako artileria martxan zegoen. Gorriek Asterrikatik eta faxistek Santa Kutzetik, Ondarroa kanoikadapean gelditu zen. Bien bitartean, erreketeak Santa Kutzetik San Juan Txurrura jaitsi ziren. Aitte Pireriko eskaileretatik behera ibaiko basatzan sartu zuten monarkikoen bandera hori-gorria , “Viva Vizcaya Española” oihukatuz. Goizeko hamaikak ziren. Ihes egiten ari ziren azken ondarrutarrak Artan gora zihoazen petrilari itsatsita. Petrilik gabeko lekuetan tatarrez joan ziren Santa Klarako eskaileretaraino, eta handik Lekeitioko bidea hartu zuten. Elizako kanpaien hotsak herrian barreiatu ziren, faxisten etorrera agurtuz. Hirigunea defendatu ezinean, azken miliziarrek Antiguako bidea hartu zuten, Kalandiko eskaileretan gora. Hurrengo zazpi hilabeteetan frontea Ondarroa eta Lekeitioren artean egonkortu zen, “Ikatza” baserritik “Etxano” . Izan ere, faxistek beste fronte batzuetan jarri zituzten indarrak, eta errepublikarrek ezin Ondarroa berreskuratu, arma egokirik ezean. Frontea Asterrika eta Ikatza baserriaren artean finkatu zen.

UDAL FRANKISTAREN ERREPRESIOA

Solabarrieta alkateak ordezkatzen zuen udala Plentzian babestu zen lehenengo, eta Bilbon beranduago. Aipatzekoa da udal honetako kideak, Bilbon atxilotuta zeuden ondarrutar eskuindarrak babesten saiatu zela, jokabide zintzoko herritarrak zirela egiaztatzen zuten agiriak aurkeztuz. Beraz garai batean, Ondarroako herriak bi udal izan zituen: bata, errepublikaren zilegitasuna defendatzen zuena, eta bestea militar frankisten magalpean sortutakoa.  Urriaren 7an herriko tradiziozaleek hamar partaideko udal berria eratu zuten, Juan Beitia zinegotzia alkate izendatuz. Baina aste bete beranduago gobernadore militar frankistak udal hori desegin eta beste bat izendatu zuen, Vicente Ocañaren lehendakaritzapean. Udalean lan egiten zuten abertzale eta ezkertiarren depurazioa burutu zen, Jon Izeta eta Joseba Koldobika Arrasate, besteak beste. Arrazoi berberagatik egotzi zituzten kofradiatik Gotzon Elu, Luki Urkiri eta Bedita Gatzagaetxebarria.

Baina errepresioa zabalagoa izan zen. Neskatilei ilea moztu, abertzale eta ezkertiarrei janari ukatu, abertzaleen dendak, hustu, kartzelaratuak… Ume guztiak “flechas” erakundera sartu zituzten eta errekete jantzita desfilatzera derrigortu, euskaraz hitz egitea debekatu zen, eta euskal izena zuten umeen gurasoak gaztelerazkoa jartzera behartu zituzten. Kalera zeinu tradiziozaleekin atera behar zen, isunik ez jasotzeko edota jai egunetan leihoetan zapi tradizionalistak ipini. Beldurra nagusi zen, falangisten taldeak nahi zuena egiten baitzuen. Gauetan hauetako 30ek zaintzen zituzten kaleak, euren alkandora eta guzti. Gorozika auzoa hustera heldu ziren, bertan salatariren bat omen zebilelako.

Zetorrena ikusita abertzale eta ezkertiarrekin lotura zuten gizonik gehienak herritik alde egin zuten, eta herrian emakumeak, agureak eta umeak gelditu ziren gehien bat. Eta faxistek ez zuten errukirik izan, eta buruzagi politikoen emazteak zigortu eta atxilotu zituzten. Mugimendu politikoetan zuzenean inplikatutakoak are gehiago. “Eguna” egunkariak salatzen zuenez “… len abertzale lez agertuten ziran emakume asko gudarien jantziak garbitzen darabilez. E.A.B.’ko lendakari ixan zan Iturrioz’tar Karmele euretariko bat”. Herrian gelditu ziren adineko gizonak zubiak berreraikitzen jarri zituzten, eta kalejira iraingarrietan desfilatzera derrigortu.

Gogorrena etortzeko zegoen. 1937ko otsailaren 11, 13 eta 14an frankistek herritik 167 pertsona kanporatu zituzten, gehienak emakumeak euren seme alabekin. Orohar, herritik kanpo ihes eginda zeuden abertzale ezagunen familiakoak zirela eta: zaharrenak 99 urte zituen eta gazteenak hilabete. Kostako bidetik, oinez heldu ziren Lekeitioraino, gerra lerroa Atxazpi baino pixka bat lehenago zeharkatuz. Debatik 8 pertsona egotzi zituztela kontutan hartuta, eta Azpeititik 10, harrigarria da Ondarroatik kanporatuen kopuru handia. Ziurrenik arrazoi estrategikoak ere izango ziren tarteko: abertzaleen senideak arriskutsuak ziren, Asterrika gainean eta Berriatua inguruetan zeuden indar errepublikarrekin kontaktuan jartzea ez zelako hain zaila. Kanporaketa hauekin frankistek Ondarroa “erretako lurralde” bihurtu nahi izan zuten.

GERNIKATIK SANTOÑARA

1936ko martxoaren bukaeran, Madrileko frontean jasandako porrotaren ostean, Francok iparraldeko frontean jarri zituen begiak. Hurrengo astean zehar matxinatuen hegazkinek Molaren esku-orriak barreiatu zituzten, Bizkaia errenditzen ez bazen goitik behera suntsituko zuela mehatxatuz. Ez zebilen txantxetan. Lehen bonbak Durangon erori ziren, eta haren ostean Bilbon, Galdakaon eta Zornotzan, Eibarren eta Gernikan. Apirilean zehar faxisten bonbek 2.437 pertsona hil zituzten (horietatik 1.654 Gernikan); guztira Bizkaiko 32 hiriguneko biztanleek pairatu zuten “Condor” legioaren bonba zaparrada. Frankisten zifra ofizialek ziotenez, 81 eguneko kanpainan 162.000 bonba jaurti zituzten, hau da, 2.000 bonba eguneko!

Apirilaren bukaeran faxistek Gernika hartu zuten, eta maiatzaren hasieran italiar Gezi Beltzak Bermeon sartu ziren. Errepublikarren kontraerasoaren aurrean berriz atzera egin bazuten ere, hurrengo bi asteetan faxistek Sollube eta Bizkargi tontor gainak hartu zituzten. Borrokak oso latzak izan ziren inguru hauetan, eta oraingoan ere erabakigarria izan zen alemaniar hegazkinen eskuhartzea. Sollubetik, euskal miliziarren batailoi txikituak Jata mendiraino erretiratu ziren, Bilboko Gerrikoa bertatik bertara eta begi-bistan zutela jada. Ordurako, desmoralizazioa nagusi zen Euzko Gudarostean, eta desertzioak ugaritu egin ziren; jeltzaleak matxinatuekin hitz egiten ari ziren, errendizioari baldintza gutxiengo batzuk ezarri nahian. Francok ez zituen onartu, are gutxiago, Bilboko Gerrikoaren diseinatu zuen injinerua  euren aldera igaro zenean, plano guztiekin.

Ezkertiarrak borrokan jarraitzeko prest zeuden; jeltzaleak ez, ordea. Eusko Jaurlaritzak ezker aldeko industria estrategikoa suntsitzeko agindua jaso bazuen ere, ez zuen bete, eta errendizioaren ostean matxinatuen eskuetan gelditu zen. Ekainaren bukaeran 12.000 gudari Laredon eta Santoñan bildu zituzten, italiar tropen aurrean errenditzeko, horien artean ondarrutar ugari. Haietariko batek gogoratzen zuenez, italiarrak Laredora heldu zirenean, gudariei gauzak lapurtzen zizkieten (jantziak, dirua, oinetakoak…). Laredoko hondartzan zeuden, eta gordeta zuen pistola bat uretara bota zuen. Ez ordea EAE-ANVko karneta: hondartzan zulo bat egin eta markak hartuta, gudariak bisitatzera joandako neska ondarrutar bati bere gordelekuaren berri eman zion, eta karneta berreskuratzeko eskatu. Neska honek gudariaren mandatua bete, eta trabajadoreetan preso ostean eta Ondarroara itzuli zenean, -lau urte beranduago- neskak karneta bueltatu zion.

Beste ondarrutar askok erbesteko bidea hartu zuten. Gehienak, Iparraldean babestu ziren eta II. Gerra Mundiala hasi zenean Ondarroara itzuli; Felipe Egiguren eta beste batzuk Kataluniarantz abiatu ziren, errepublikarrek kontrolatzen zuten lurraldean, erresistentziarekin jarraitzeko asmoz; eta Hego Ameriketan babestu zirenak ere ez ziren gutxi izan, José María Solabarrieta alkatea, tarteko.

SATURRARANGO EMAKUMEEN KARTZELA

Saturrarango emakumeen kartzela 1938ko urtarrilean ireki zuten, gerra zibila oraindik bukatu gabe zegoela. Aurretik apaizen seminarioa izan zen, eta oraindik kartzela gabe egokitu gabe zegoela ailegatu ziren lehen emakume presoak, Asturiasetik hain zuzen. Emakume hauek lur heze eta hotzean jan eta lo egiten zuten negu hartan. Urte bereko irailaren 5ean moja mertzedariak izendatu zituzten emakumeen kartzelez arduratzeko, zaintza eta zuzendaritza ardura espetxe funtzionarien eskuetan mantendu bazen ere. Mojen tratua oso gogorra zen, eta hauetariko batek behintzat mojatza utzi egin zuen, jainkoaren izenean burutzen ziren gehiegikeriak jasan ezinean. Urteak beranduago preso ohi bati azalarazi zionez: “Aquello no era para mi, allí había muchas injusticias. Yo no puedo maltratar a una persona sin motivo”.

Motiborik, emakume hauek kartzelan sartzeko ere ez zegoen. Gehienak, militante errepublikarren senideak (emazteak, alabak, amak, arrebak…) izateagatik atxilotu zituzten. Helburua ezkertiarren emakumeak zigortzea zen, familiaren hezitzaile legez, euren baloreen transmisioa ekiditeko. 1938-1944 bitartean milaka emakume pasatu ziren Saturrarango kartzelatik, eta gutxienez 112 bertan hil ziren, horietatik 62 umeak eta haurrak.  Elikadura oso eskasa zen, hutsalkeria. Orduan umea zen emakume batek kontatzen duenez: “Nos peleabamos por los tronchos de las coliflores y de los repollos que tiraban a la basura, porque coger aquello significaba comer y yo se lo llevaba a mi madre. A ella le daban un trozo de pan y un poco de leche, y cambiaba su pan por otro poco de leche, porque ya no tenía pecho para darme”.

Desnutrizioak gaixotasunen areagotzea zekarren, batez ere, frankistek gerra irabazi ostean, Asturiaseko emakume presoak hego-ekialderantz sakabanatu, eta penintsulako hegoaldekoak ekartzean izurriteak zabaltzen zirenean: “… una enfermedad se desarrolló que murieron lo menos treinta niños… era un sarampión”, itxura denez Madriletik ekarritako presoen umeek zekartena. Tifus eta neumoniaz hildakoak ere egon ziren. Bizirik irauten zuten umeek hiru urte betetzen zituztenean euren amei kendu, eta umezurtz etxeetara eramaten zituzten. Edota frankisten familietara. Saturrarandik atera zituzten ume haietariko batek gogoratzen duenez: “… sin que las madres lo supieran, nos metieron a todos los niños que estabamos en la cárcel de Saturraran en un tren (…) tenía unos cuatro años. Luego, por lo que me contó mi madre, a ella le dieron una paliza muy fuerte y tuvieron que encerrarla porque se puso a gritar como una loca, porque le habían quitado a su hija. Bueno, a ella y a otras madres”. Beste ume batek 14 urterekin Madriletik ihes egin zuen, eta trenetan ezkutatuta Saturraraneraino ailegatu zen bere amaren bila.

Diziplina gogorraren pean egon arren, injustizien aurrean erantzuteko gaitasuna izan zuten. Behin, preso bat zigortuta zeramaten, eta “… y callando allí, se pusieron todas de pie, porque vieron que (la monja) no tenía razón”. Mojek ezarritako arauak hausten zituztenak zigor ziegara eramaten zituzten, eta bertan hil zenik egon zen: “… estaba todo mojado y allí es donde se quedaban tuberculosas, porque como había tanta humedad, pues las metían allí e igual estaban tres meses allí, hasta que no, ya no…”. Andereño bat zen.  Bere neba hilotzaren bila agertu zen kartzelara baina ezin izan zuen eraman, zeren “… hacían una fosa común y las metían a todas, y había tantas (…) ¿Entierros? ¡Qué va! ¡Las llevaban en el carro de la basura”. Bizi-baldintza gogor hauei aurre egiteko funtsezkoa izan zen Ondarroako, Mutrikuko eta Debako emakumeen elkartasuna, batez ere janarien arloan. Xaboia ere eramaten zieten, higieneaz gain, kartzela barruan duintasuna mantentzeko. Eta sarri, kanpotik agur egite edota begirada hutsa nahikoa izaten zen, hezi batez banatuta egon arren, gerraren galtzaileen arteko adiskidetasun konplizea adierazteko.