You are currently browsing the category archive for the ‘1’ category.

2009ko urrian OHZk baxurako arrantzari buruzko jardunaldiak antolatu ditu.

 

Jardunaldi hauek lantzeko, aurretiaz arrantza mota horretan aritutakoekin elkarrizketak egin zituzten OHZko kideek.

P1000709

P1000805

Hemen dauzkazu erakusketan irakurri ahal izan ziren paneletako testu batzuk.

SANTA KLARA ARRANTZALEEN KOFRADIA

Euskal Herrian eta Kantauriko kostaldean orohar, Erdi Aroan arrantzaleak euren interes amankomunak babesteko elkarteak eratzen hasi ziren, kofradiak deiturikoak. Arrantzaleen patroi nagusia San Pedro denez, ohikoa bere izena hartzea zen, baina Ondarroan arrantzaleak Santa Klara aukeratu zuten euren patroi bezala. Kofradien erakundetze prozesua hau bi boladatan burutu zen: lehenengoa XIV. gizaldian (Lekeitio, Bermeo, Hondarribia…) eta bigarrena XVI.tik aurrera (Orio, Pasai-Donibane, Getaria…). Orain arte ezagutzen denez, Santa Klara Kofradiaren lehen araudia 1593koa da, eta horrek bigarren txandan kokatzen gaitu. Hala ere, kofradia askoz aurretik sortu zela esateko zantzuak egon badaude.

(Pedro Gimonen kofradia zaharra)

1541eko udal agiri batean zera esaten da: “Auto de Lizencia que se da a Domenja de Ibiri por beata de la Cofradia de Santa Clara”. Eta 1487ko Bizkaiko lurmuturren zerrendan “Santa Clara o la Peña Mayor, punta a la margen izquierda”. Ordura arte, “Peña mayor” -edo seguruago “Haitx-handi” edo “Harri-handi”- deituriko gune horrek Santa Clara izena hartzeko, ermita eraikita egongo zen. Nork ordainduta? 1593ko araudiak eta hurrengoek behintzat, argi uzten dute ardura hau kofradiarena zela. Perez Rubioren ustez, kofradiaren erakundetzea XVI. mendeko krisialdi ekonomikoan kokatu behar bada ere, bere hastapenak XIV. egon daitezke. Lekuonaren ere garai berdinera garamatza, Santa Klararen ereserkiaren doinuak gotikoa dela baieztatuz. Bitxikeria bezala, serorak, ermita garbitu eta mantentzeaz arduratzeaz gain, suak egin behar zituen ekaitzak gertatzen zirenean txalupei porturatzen laguntzeko.

Erakundetze prozesua aurrera eramateko oztopo latzak egongo ziren gainera, Espainiako Errege Katolikoek debekatu egin baitzituzten arrantzaleen kofradia guztiak. Ordura arte eratuta zeudenak erdi ezkutuan funtzionatzen jarraituko zuten, eta gainontzekoak eurena atzeratu. 1593ko araudiak eta 1638ko berrituak, Santa Klara kofradiaren funtzionamendua ezagutzeko datuak eskaintzen dizkigu. Garai hartako kofradiarik gehienen batzarretan udalerriko alkateak egotea derrigorrezkoa zen. Baina Erkorekak dioenez “… el grado ínfimo de intromisión concejil lo hallamos en Ondárroa”, eta alkatearen presentzia urtean behingo kontuak hartzera mugatzen. Erabakiak txalupa jabeek hartzen zituzten, ez arrantzale guztiek. Bilerak Ospittal Zaharrean edota Txurrukakuan burutzen zituzten, ermita urrutiegi baitzegoen bertara hurbiltzeko. Kofradiako agintari nagusia maiordomoa zen, eta txalupa jabeek urtero aukeratzen zuten. Hasiera batean bi zeuden baina 1638an bakarra aukeratzea erabaki zuten, kontu liburuak eta diruak gordetzen zituen giltza biren artean gorde behar bazuten ere.

Arrantzaleen kofradiak eginkizun hauekin sortu ziren:

  • Lanerako ezinduta gelditutako arrantzaleei eta euren familiei laguntza gutxiengo bat eskaintzea
  • Arrain gutxi zebilenean, arrantzaleei dirua aurreratzea, gero bueltatzekotan.
  • Atzerriko espetxeetan preso hartutako arrantzaleen erreskateak ordaintzea; 1878tik aurrera soldaduzkarako ordezkoak ere kofradiak ordaintzen zituen.
  • Itsas istripuak gertatzen zirenean, txalupa konpondu edo berriz egin behar zuen jabeari dirua uztea, fondo galdura edo pixkanaka itzultzekotan.

Ondarroako kasuan, Santa Klara ermitako kultuaren, seroraren eta konponketa gastuak ere kofradiak ordaintzen zituen. Ez zen konturik txikiena izango hilero meza bat ospatzen zen eta. Honez gain, beste herri batzuetako arrantzaleekin auziak sortzen zirenean, ordezkari nagusia kofradiako maiordomoa zen eta gastuak erakunde honek ordaintzen zituen.

Gastu hauei aurre egiteko, txalupa bakoitzak arrantzatutakoaren zati baten balioa kofradiaren eskuetan utzi behar zuen (gehienetan laurdena, gutxi batzutan erdi eta noizbait osoa). Prozesu hau kontrolatzeko arrain salmenta kofradiak berak bideratzen zuen, eta Ondarroatik kanpoko ontziek debekatuta zeukaten Ondarroan saltzea, kofradiaren baimenarekin ez bazen behintzat, eta beti ere herriko txalupen arrain guztia saldu eta gero. Arrain kontserba edo gertuketaren –eskabetxea, garai hartan- monopolioa ere kofradiak zuen, eta eskubide horren alokairuak ere dirua ematen zuen. Astean behin txalupa jabeak batzen ziren, eta astean zehar txalupa bakoitzak arrantzatutakoaren araberako etekin garbia jasotzen zuen; honen ostean partilla egiten zen: txalupako arrantzale guztien arteko diru banaketa.

XIX. mendean, sistema liberalaren hedapenarekin batera, arrainen merkatua zabaldu egin zen, eta kofradiak ordura arte izandako eskuduntza batzuk galdu zituen, kontserba monopolioarena besteak beste. 1909an, kofradia bitan banatu eta San Pedro kofradia sortu zen. 1909-1926 bitartean bi kofradia egon ziren Ondarroan: San Pedro eta Santa Klara. 1930eko hamarkadan Tostartekoen Elkartea sortu zen Ondarroan, eta testuinguru horretan, Arrantzaleen Kofradiako lehen lehendakari “tostartekoa” izendatu zuten: Pedro Larrañaga.

(San Pedro kofradia)

Kofradia Zaharra Pedro Gimon arkitektuak egin zuen, 1920an. Arrain salmentak lehen solairuan burutzen ziren, bolatokian:“… zeiñek saka eitten’ban, haretxen bolik urtete’ban, lumeruk”. Hau da, bolatxoak zeukan zenbakiak argitzen zuen zein erosleri zegokion erosteko lehentasuna. Mekanismo konplexu zein bitxi honen bidez, kutxan sartzen zen lehen bolatxoa kirtenari inork baino lehen sakatu zion eroslearena zela ziurtatzea zen nolabait, eta honek bazuen bere garrantzia, enkante sistema goitik beherakoa baitzen. “…tantas cajas de berdel, va la venta, rrrrra, hasten’ban prezixo baten haste’ban, kantaten, iual ba hogei pezeta hasten zan … handik hasten zan ba, diecinueve noventa, diecinueve ochenta, diecinuebe setenta (…) Boli soltabatek hartzen baban dana, kanpoa; eta zatike baixun eon ein bihir, dana salduarte”, kontatzen digu krixara ohi batek.

(bolalekua)

EMAKUMEEN LANA ARRANTZA MUNDUAN

Arrantza munduari buruz hitz egiten dugunean, normalean bururatzen zaigun lehen irudia gizon batena da. Gizon bat arraunean, gizon bat kainabera bat eusten, gizon bat sarea jasotzen, gizon bat arraina kaxetan gordetzen… Emakumearen irudia, gero agertzen da, seme alaba txikiekin, gizonaren zain itsasoari so… Baina arrantza iharduera azaltzea eta ulertzea ezinezkoa izango litzateke, lan banaketan emakumeek jokatu duten eta jokatzen duten papera aintzat hartu gabe. Ekoizpen egituraren ezinbesteko oinarria izateaz gain, emakume batzuk ardura garrantzitsuak bete dituzte zuzendaritza lanetan. Adibidez, 1820-1821 bitartean, Ondarroako Santa Klara Arrantzaleen Kofradiako maiordomoa –gaurko lehendakariaren parekoa- Ana Maria Etxebarria izan zen.

Arrantza iharduerarekin lotuta dauden aktibitateetan lan egin duten emakumeak lau esparru nagusitan sailka ditzakegu: baxurako txalupetako “krixarak”, arrain saltzaileak, sare konpontzaileak eta arrain kontserba fabriketan lan egin duten emakumeak. Lau arlo hauez gain, emakumeek beste hainbat lan egiten zituzten, arrantza iharduerarekin lotura zuzena eduki arren, ezin ditzakegunak ogibidetzat hartu: hala nola, despixka, tretzak egitea, amuak enkarnatzea eta malutak egitea, otzaren mailegua, txirla bilketa eta abar.

XIX. mendeko erroldetan kostaldeko herrietako emakumeek arrantza sektorean betetzen zuten eginkizuna islatzen ez bada ere, beste agiri eta testigantza batzuei esker jakin badakigu emakumeek paper garrantzitsua jokatzen zutela arrantzaren inguruko ekonomia suspertzeko orduan. Gizonen ardura nagusia itsasora irten eta arraina ekartzea bazen behin lehorrean arrainaren deskarga, prestaketa, garraioa eta salmentaren ardura emakumeena zen, ia oso-osorik. Ez hori bakarrik: zenbait kasutan itsasora irteteko arrantzaleak deitzea ere –esnatzea, azken finean- emakumeen eginkizuna izaten zen; baita euren senar, aita, seme edo nebentzat, itsasorako janariak prestatzea eta jaki potoetan gordetzea edota euren arropak garbitzea.

Arrantzaleen emazteek gainera, bikotearen lan arriskutsuak eragiten duen urduritasuna jasan eta bere presentziarik gabe erabaki behar izaten dituzte seme alabak hezteak dakartzan konturik gehienak. Erabaki batzuk momentuan hartu behar izaten dira, eta ezin dira bikotea itzuli arte atzeratu. Ordurako, jada konponduta edo konponbidean dauden arazoak ez kontatzeko joera ere badago, eta zenbait egoeren larritasuna txikitzekoa; beste gauza batzuk ahaztu egiten dira. Etxean sortu daitezkeen arazo edota. Horietako batek bigarren umea erditu, eta egun batzuetara gizona mare luze bat egitera joan zitzaion, lehen aldiz: “… umi jaixo zan (…) eta bera jun zan itxosa hillin bixin, berrotabost eguneako. Ni ume biaz etxin: txikixe eun buzti near te near te near te near, kolikukin”.

Senarra atzerrian lehorreratzen zen astero, eta hutsik egin gabe deitzen zion, gauzak nola zihoazen galdetzeko: “– Zelanik eta? – Ondo… Z’esan bihi’netsan ba? Txarto? Zetako? (…) Zea ein bihi’stan berak handixek”. Egoera hauetan emakumeen artean elkartasuna garatzen da: “… beti topate’zu baten bat” dio batek, “… baiñe andrazku” zehazten du besteak, ohikoena familiako norbait, ama, ahizpa edo koinata, eta beste batzuetan auzokoren bat, etxe barrukoa.

Nahitaez, egunerokotasunean kezkarik gehienak norberak pilatu behar horrek, zama astuna bihurtzen da, arlo fisiko zein psikologikoan. Gaur egun, txalupen teknologiaren garapenari esker, itsas hondamendiak ez dira hain ohikoak, baina mendeetan zehar ustekabean sortutako galarrena bat nahikoa zen dozena erdi batel ondoratu eta berrogei arrantzaleri bizia kentzeko. Horrelako zorigaizto kolektiboak gertatzen zirenean, txaluparik gehienak etxekoak zirenez, ekaitz batean familia bereko hiruzpalau lagun hiltzea gertatzen zen.

Emakume hauetariko batzuk, arazoei aurre egiteko, -senarraren heriotza, gaixotasuna, alkoholismoa…- familia beste oinarri batzuen gainean berrantolatu behar izan dute, rol familiarren inbertsioarekin. Emakumeetariko batek dioskunez, gizonak edariari uztea lortu zuenean. Etxearen karguan gizona utzi eta hilerokoa irabazteko ardura beregain hartu zuen: “… neuk esan neban, bueno, ba ni neu kapaz na biximodu atateko; nik Ondarrun jende asko ezautzen dot, ta niri ondo erantzungo’ste, eta arriesga eingo na. Ein neban hoixe tabernioi hartu! Ta ein neban gizona itxosutik kendu (…) gero úmin kargu bera eitten zan”.

Zentzu honetan, inolako zalantzarik gabe baieztatu dezakegu emakumeen parte hartzerik gabe arrantza iharduerak ez zuela aurrera egingo, ez Ondarroan, ezta ziurrenik kostaldeko gainontzeko herrietan ere.

KRIXAREN LANA BAXURAKO ARRANTZAN

Ondarroan, sasoirik hoberenetan, 150-200 bat emakume arituko ziren krixaratzan, eta euren ekarpena funtsezkoa izan zen arrantzaren ekonomian. Italiarren kontserba fabrikak ailegatu zirenean, txalupa jabeek ez zuten begi onez ikusten emakumeak fabrika horietan lan egitea “… ain zuzen be emakumeak txalopen arduretako faltako ziran bildurrez”, A. Zubikaraik dioenez.

Txalupek atrakatzen zutenean krixaren lehen lana arrain mota eta kopurua jakin eta kofradian horren berri ematea izaten zen. Honen ostean “… maiñeruk arraiñe ataten haste’zin, andrak be laundu eitte’otsen baforetik moilla gaiñea maiñerúai, ta gerokun lihorrin moilla gaiñea altzatakun, harek benta eruti, (…) eskuko karrun te eskutan ekarte’ben krixarak, maiñeron batek laundute bebai, eta ekarten’ben kofraixa”, eta han idazkariak txalupa bakoitzeko krixarak zekarrena apuntatzen zuen.

Kofradiako beheko solairuan, arraina kopaletetan erakusten zuten. Muestra horietan oinarrituz, aurrikusten zuten erosleek salmentan eskainiko zuten prezioa. Prezio hau hiru faktorek baldintzaten zuten: arrain kopuruak, kalitateak eta tamainak. Arraina saldu ostean, krixarek arraina pisatzen zuten, erosle bakoitzari bere kaxak banatzeko. Gero erosleek eramandako “… otzarak jauetu, garbittu eta gerokun bodega erun”, edo txalupa ondoan sikatzen utzi behar zituzten. Premia zegoenean zortzi ordu baino gehiago egoten ziren arrainaren salmenta prozesuak zekarren lanetaz arduratzen, eta antxoa sasoian gehiago.

Neguan papardoetarako eta bisigutarako garnata legez erabiltzen zen antxoa txikia udazkenean arrantzatzen zenez, barriletan sartu eta gatza emanda kontserbatzen zen. Hotzak “… ure konjelate’ban”. Barriletan izoztutako garnata banatzeko, “… esate’ban iual bodegan emon bihi zanak ze: – Etorri zaitteze danok batea. Iá sartutakun emon bakoitxai, baldan emote’tsen ba raziñoi, (…) zemat tretza ba haetxenbeste (…) Ta gero bestik etorten zinin osteabe atzamarrak konjelata ta osteabe sartu ein bihir. Ta ongo moduku ez euan ee, katxarru sartu edo, keba, eskuaz eee ein bihi’zendun”.

Krixaratza”k zekarren esfortzu fisikoaz gain, aipagarria da emakume hauek jasaten zuten presio psikologiko etengabea. Arrain erosleek baldintzatutako salmentaren testuinguru ezegonkorrean, “zemat eta arraiñe ariñaua pixa eta zemat eta moilla gaiñin gitxiaua euki arraiñe hobeto, ze kamioi gitxi euan. Ordun gu ibiltten giñan (…) zeure arraiñe saltzen zaneako kamioneruai diar eiñ: – Zu laroi kaja dakat honentzako, edo ehun te berrotamar kaja akat, bentan dakat: danok ibiltten giñan alkarrei kamioneruk ohosten, alkarrei sakadaka, alkarrei burrunbadaka”.

Zein zen lan honen guztiaren ordaina? Ba krixara bien artean arrantzale baten soldataren hiru laurdenak kobratzen zuten. Hau da, krixara bakoitzak tostarteko baten soldataren 3/8 kobratzen zituen! Gainera batzuen kasuan lanaren ordainsaria ez zuen patrikerarako, bere soldata ekonomia familiarrean txertatzen baitzen: “… etxeako, gurasuntzako. A ver! Amak laako’tsun zeuri hartzen, gitxi baeukan diru”. Lehentasuna bizirautea zenean, familiak osatzen zuen unitate ekonomikoaren interesa, norbanakoen premien gainetik jartzen ziren “…gu gaztik giñan, eta ordun ba: – Zuek baakazue paateko e denpori te halaku te holaku te bestelaku te, ez gendun ordaindu, ez gendun kotizaten, bakarrik kotizaten gendun, azidenti ixe pasaten bagazkun

ARRAIN SALTZEN

Ondarroako arrain saltzaileen artean hiru talde bereiz ditzakegu: arrantzaleen emazteak, azokan postu bat zeukatenak eta herritik kanpo saltzen zutenak. Arrantzaleen emazteen edota alaben kasuan, etxeko gizonek ekarritako arraina saltzen zuten. Normalean ez zuten genero askorik edukitzen eta eurek zuzenean saltzen zuten, salmenta beste baten eskuetan uzteari baino etekin gehiago ateratzen zioten eta. Ez zeukaten postu bat arraina saltzeko, baina bai gutxi gorabehera leku finko bat.

Normalean postuaren ardura biren artean zeramaten, eta bata arraina saltzen zegoela, bestea sartzen ziren txalupengana hurbiltzen zen, arraina erostera: “.. mahaixe ipini bihi’zan, barra jun, arraiñe erosi, gero karretillan ekarri, eta saldu harei; (…) Gerokun, plazaku amaitzen zanin, ke trasto guztik hara, kalea pasa ostea be, han be ipini … eta egun guztin hantxe. Barra, illuntzin de, arraiñe ekarri, bestin ekarten ez gendunin, goixin ama jun dala ta ni geatu; eta holantxenik eitten gendun bat jun eta bat etorri”.

Beste arrain saltzaile bat hamalau urterekin hasi zen kokotxa eta tripaki salmentan: “… “Txapero”neko karretilli hartu (…) barra arte jun, harek lehenako kajak, zuek ez dozue ezautu be ein, kaja oholezku, holako totuerako kajak ixate’zin, kaji jauste’zanin, bum, eitte’ban. Holakoxe kajak hartu arraiñin, ee horrek e, tripa barruk, et’ekarri plaza, plazan pixo txiki bateaz saldu, eta ezin baneban dana saldu, hartu autobuse ta Mutrikure. Nekuan gixónan beste partilla haretxeaz. Osea gixónai tokaten baakoen hamar hoberleko, neuri be hamar hoberleko”.

Langostak jada egosita saltzen ziren. Hankak egoki tolestu eta subilarekin lotzen zituzten, soka fin bat, egosterakoan ez apurtzeko: “… gogor hori ein baik, eh? Patak ez eskapateko. Ze pata bat edo apurtzen bazan, iual handixek urtete’tsan dana ta (…) hutsittu eitten zan euran barruko ee, hori, mamiñe”. Behin egosita Urberuagako bainuetxean saltzen zituzten, udara aldean turistaz gainezka egoten zenean.

Beste emakume batzuek zuzenean Ondarroatik kanpoan saltzeko erosten zuten, hauek ere txikikari legez. Oinez joaten ziren Bolibar eta Iruzubieta inguruko baserrietaraino. Baita Itziar bidean “Aitzmotz” bidelapur famatuarekin topo egin zuenik ere. Autobusak hasi zirenean, Elgoibar eta Eibarrera hurbiltzea erraztu zen, kutxak autobuseko gordelekuetan sartuta.

SARE KONPONTZAILEAK

Beti sarik irabazi eitte’tsa pertsoniai Derrigorraren eta bokazioaren artean

Txalupa jabeak ziren etxeetan, beti prestatzen zituzten familiako pare bat edo hiru emakume sare konpontzen ikasteko. Saregile batek azaltzen duenez, “eskolatik urtenda be beti ama euan parajea juten nitxan, ta beti hantxe eoten nitxan. T’etxin be eitten neban iual, danak lota jun te gero, zati bat hartu, ebai neuk artazixakin te neu hasi konpontzen ta (…) Osea, berez ikasi neban edo, haiñ asko gusta ixan gazta sari konpontzi, nik pentsaten dot berez ikasi nebanela. Gero ama ixan neban maistri famau…”.

Txalupa jabeen familietakoak ez ziren emakumeek, “alogerin” lan egiten zuten, “… etorteko, hamar andra bihi’ttule harek eta, alogerea”, hau da, txalupa jabeen premiaren arabera, soldata baten truke. Baita txalupa jabeak ziren familietako emakumeak ere, eurenean lanik ez zutenean: “… lehelengo zeure txalopa juten ziñan, baiñe gero beste txalopeta”. Egon bazeuden txalupa edukita ere, etxean saregilerik ez zuten familiak, ez zekitelako edo ez zutelako horretara jarri nahi. Hauek saregileak kontratatu behar izaten zituzten.

Kotoizko sareetatik niloizko trainetara


Lehorrekoentzat guztia sarea bada ere, sarea eta trainaren gauza ezberdinak dira. Bolintxean zebiltzan txalupek erabiltzen zituzten sareak kotoizkoak ziren, trainekin alderatuz askoz txikiagoak, ahulagoak eta teknikoki sinpleagoak. Niloiaren aplikazioak trainak handiagoak, gogorragoak eta teknikoki konplexuagoak bihurtu ditu. Niloia Italiatik etorri zen; kotoiarekin alderatuz saskarragoa zen, berehala korapilatzen zen eta gogorragoa zen lanerako, saregileen atzamarren kalterako. Trainaren mekanismoa ezberdina da lehenako sareekin alderatuz, konplexuagoa: tranpillak, zirri-zarri, arrain-boltsi edo txikota…. Niloiaren sarreran trainen neurriak handitzeko aukera eman zuen. Gaur egun gutxienez 350 metrotako luzera daukate, eskatzen dituen beste kankamo guztiekin.

Trainen luzera handitzean, papuak josteko modua aldatu behar izan zen. Ohituraz beti papuak goitik behera josi izan dira, bat ezkerretik eskuinera josi behar zirela konturatu zen arte. Hasiera batean gutxik aplikatu zuten bere teoria, baina denborarekin bere intuizioa zuzena zela frogatu da: “… esan netsan: – Zeuk ze ideate’zu? Treiñe, hau goittik behera (…) botaten bada hau mailliau eitten da txikittu, itto, itto eitten da. Baiñe hau trabes eitten badakazu mailli eitten da zabaldu (…) harek ez ekixen. Nahibeste urtin patroi, ez ekixen”. Saregileak etengabe egon behar izan dira egokitzen arrantza arloan burutzen aldakuntza teknologikoetara.

Sarea apurtzen denean, gizonek soka zuriarekin erdi konpontzen dute, itsasoan bertan. Gero bilatzeko ere errazagoa da saregileentzat. Apurketa txikia bada traina lehorreratu beharrik ez da egoten, emakumeak eurak sartzen baitira txalupan. Txalupak katean lotzen ziren garaietan gainera, saregileak bateletan joan behar izaten ziren bertara, eta han gelditzen ziren, isolatuta eta eguraldiaren menpe. Marenek dioenez tingloian eta bodegetan lekurik bazegoen, han josten zituzten, aterpean. Bestela, kofradia berriko nasan josten zituzten, inolako aterperik ez zegoenean. Euri zaparrada botatzen bazuen lana uzten zuten, baina zirimiria hasten bazen, esku tartean zeukatena amaitzen ahalegintzen ziren.

Apurketa tarratara hutsa bada, konponketa errazagoa da, eta “a lo Clementina” deituriko teknikaren erabilpenak, lana arintzen du. Luzaketara barik, traina norabide ezberdinetan zehar triskatzen denean, beste modutako arazoak sortzen dira; trainak papuren bat galtzen badu, zer esanik ez. Aberixa zailak gertatzen direnean, nabaritzen da maistraren jakituria, apurketaren jatorria eta konponbidea identifikatzen ez duen bitartean gainontzeko saregileak ezin direlako lanean hasi. Aberixa baten aurrean, maistrak esku tartean dituen sare puxketekin eta begirada hutsarekin –esan bezala, traina ezin da oso-osorik zabaldu- apurketa aztertu eta kalkulu zehatza eginez, saregile bakoitza norabide jakin batean josten jarri behar du. Norabide hau ondo zehaztea funtsezkoa da, bestela lana bukaezina bihurtzen da. Arantzaren esanetan, “mailla erdika batek, oker hartu eta ezin bete treiñik”.

1960ko hamarkadan saregileek estuasunak izaten zituzten txalupa guztien eskakizunei erantzuteko: “Presiñoi, presiñoi handixe. Ta zapatutan biharra eitten gendun” Antxoatean lan asko egiten da jai egunetan, hain zuzen txalupak gelditu egiten direlako. Asteburuetan, arrantzaleak eta gainontzeko herritarrak atseden hartzen ari diren bitartean, saregileak lanez gainezka aurkitzen ziren sarri. Gaur egun, jada hasitako konponketa batekin jarraitzea ez bada, goizeko zortziak arte ez dute jakiten egun horretan lan egingo duten ala ez. Eguraldi txarrarekin apurtuta badatoz, ez da inoiz txalupa bakarra etortzen, bi edo hiru baizik. Beraz, egun batean lanik ez eduki arren biharamonean lanez gainezka egotea gertatzen da, guztiek ere trainak lehenbailehen konpontzea nahi izaten baitute.

Paradoxa hutsa da, autonomoak izanda, saregileak lanera deitzen dietenean joaten direla, hau da, jabeen premien arabera, soldatapeko langileak bezalaxe. Baxurako arrantzaren beherakadak bi esparru hauek zuzenean kolpatu ditu, eta familiari lotutako ogibide bat izatetik, kanpoko txalupen eskariaren menpe bizitzera pasatu dira saregileak.

1936ko gerraren aurretik saregile kopurua 200 ingurukoa zela kalkulatu dezakegu. Gaur egun, ordea, zazpi saregile baino ez dira gelditzen, horietatik bi maistrak. Gazteenak 49 urte izango ditu. Gazterik ez da apuntatzearen arrazoi nagusia finkotasun gabezia da. Erakunde ofizialen aldetik ez da ahalegin handirik egin ogibide hau mantendu eta zabaltzeko, eta ondorioz: “… desagertu eingo da. Harek bixak desagertzen dizenin, ba guk ez dou jakingo biharrai agarraten”.

KONTSERBAGINTZA

XIX. gizaldian kontserbagintza sustatu zuten hainbat faktore bildu ziren: 1851ean, Mutriku eta Ondarroaren arteko bidea egin zen, eta urte gutxitara Zubi Berria eraiki zen; horri esker, Deba Arrotik zehar Araba eta Gaztelarantz zihoan bidea zabalik gelditu zen Ondarroako arrainkientzat; ojalata edo burdin zuriaren asmakuntza ere funtsezkoa gertatu zen; arlo politikoan, liberalismoak arrantzaleen kofradiek mantentzen zuten monopolioa kendu, eta ekimen pribatuari ateak zabaldu zizkion kontserbagintzari. Ondarroako lehen fabrikaren aipamena 1863koa dugu, Jose Zelaiarena, eta bigarrena 1868koa, Eduardo Nafarraterena.

Antxoa gazitzearen teknika garatu zuten lehenak italiarrak izan ziren, batez ere siziliarrak. Ohituta zeuden euren itsasertzean harrapatzen zuten antxoa gazitzera, eta horrela prestatuta hainbat janariren osagarri lez erabiltzera. Baina XIX. gizaldiko azkenetan antxoaren arrantza gutxitu egin zen Mediterraneo aldean eta Kantauriko kostaldera hurbiltzen hasi ziren, lehengai preziatu honen bila. Hasiera batean antxoak gazitu eta barriletan sartuta zuzenean Italiara bidaltzen bazituzten ere, gero berton zabaldu zituzten zenbait fabrika. A. Zubikaraik dioenez “Ezin ukatu bizitasun barria emon eutsanik antxoa gaziketari eta geroago antxoa gazitua filetetan zabaldu eta gertatzeari”.

Antxoa gazitzeko fabrikek “emakumeentzako lana ekarren, ordurarte ez egoalako antxoak filetetan gertuteko oiturarik. Eta emakumien lan ugari eskatzen eban. Eta orduko giza egoera da errudun, bai eskoletan ibili bear eben neska mutil txikien eskulana be. Berez filetetan gertuten dan antxoa ez da besterik antxoa gazitua, arrantzatu eta alik ariñen gazitutakoa, buru eta sakatzak atarata, eta iru-lau illabetetan “osatzen” euki eta gero garbitu, gatza kendu, paparreko azurtxoak ebagi, zati bitan banatu erdiko azurra osorik kenduaz eta gero antxoa tira orreik banan-banan latetan sartu eta orioz estaldu eta gertutea baiño. Dana da emakumeen esku biarra, geroago lata itxi eta sarratzea izan ezik”, dio A. Zubikaraik.

Antxoa fabriketako otzarak, hiru arrokoak izaten ziren, hau da, 37’5 kilokoak. Kamioira altxatzeko, gizon birek hegaletatik eutsi eta hirugarren baten laguntza behar izaten zen, azpitik lagunduta kamiora altxatzeko. Gainera arraina zimeltzen zenean otzarak pisu gehiago hartzen zuen. Horri sangratako –odol-hustutako- deitzen zitzaion, eta gehiago preziatzen zen. Sareetan gelditutako antxoa izaten zen normalean, despixkatzerakoan apurtu eta aparteko otzaretara botatakoa. Otzara hark gehiago pisatzen zuen, antxoa apurtuta, zapalduta, prentsatuta zetorrelako. Garestiago ere bazen, esaten zenez odol-hustatutako antxoa hobea baitzen latarako.

Hozkailurik ez zegoen garaietan, antxoarik gehiena freskoan gazitu eta zuzenean latontzietan sartzen zen, “eun batetik bestea eo, eun bixan”. Hemen ohiturarik ez izan arren Italian, eta orokorrean Mediterraneo inguruko herrietan, horrela kontsumitzen da. Garai haietan kamioi gutxi zegoen eta batzuk gurdian eramaten zuten antxoa fabrikara, estalita, eguzkitik babesteko, eta han egurrezko tina handietara botatzen zen, eta gatz askorekin nahasten zen, kontserbatzeko. Tina bakoitzean hiru arroko hamar bat otzara sartzen ziren, hau da, 375 kilo gutxi gorabehera. Tinak pixka bat zabalagoak ziren goitik, eta beherantz estutu egiten ziren. Neskek deskargatzen zituzten kutxak banaka banaka egurrezko tina borobiletara: emakume bi kamioia deskargatzen aritzen ziren eta beste bi antxoa tinara botatzen. Bien bitartean gizon batek gatza botatzen zuen.

Denbora bat uzten zuten eta bazkalondoan burua kentzen hasten ziren; beste batzuk burua kendutako antxoa beste tina batzuetara botatzen zituzten, gatzunetan garbitzeko. Gatzuna ura da, gatz lodiarekin nahastua. Harri txikiak bezalako gatza, otzaretan egoten zen.: “Hori iá laaten’ben denpora baten, eta bazkaldu te gero edo juten giñanin edo noix zan, hasten giñan iá ba buru kentzen. Batzuk eoten zin buru kentzen eta ha buru kendutako hori eruten zin beste tiña batzuta garbitzeko, odola kentzeko (…) salmueran”. Gatzuna antxoa tinetatik ateratzeko ere erabiltzen zen, bestela apurtu egiten zen ateratzerakoan. Tinetan parrila antzeko batzuk ezartzen ziren, antxoaren ezkatak behera joateko. Buru kentzaileak antxoa tamainaren arabera sailkatzen dute. Izan ere, ezin dira tamaina ezberdinetako antxoak sartu lata batean.

Antxoa burua kenduta, tamainaren arabera sailkatuta eta garbituta, enpakatzaileen eskuetara igarotzen da. Antxoak sartzen hasi baino lehen gatz geruza bat botatzen da latan, azpiko ilarako antxoak latan itsatsita ez gelditzeko. Ilara bakoitzeko beste gatz neurri bat botatzen zaio. Antxoa prentsatu edo trinkotu egin behar zen, ura ateratzeko. Zeregin horretarako harri borobil astunak erabiltzen ziren, lataren diametroa baino zertxobait estuagoak.

Fabrika batzuetan antxoa txikiena xerrak egiteko gordetzen zen, moñoak edo pelotak eginda, barriletan. Moñoak ukabilaren tamainako eskuko bonben formako antxoa multzoak ziren, gatzez blai. Pelota edo “moño” horiek barriletan sartzen ziren, bueltan bueltan, kanpotik barrurako espiral baten antzera. Haren gainean bigarren geruza jartzen zen, eta prozesu hau errepikatzen zen 300 kiloko barrila goraino betetzen zen arte. Lateroak tapa zarratzen zion eta kanporatu egiten ziren, balandretan Bilborantz, eta handik Italiara, moñoz betetako barrilak.

Hegaluzea bi eratara gertutzen zen: gatzunetan egosita edo oliotan frijituta. Burua eta tripak kendu eta bendreska moztutako hegaluzearekin, trontzoak egin, parrila batzuetan sartu, eta kate batekin eutsita parrila horiek galdaretan sartzen zituzten. Atuna xerretan mozten zen makinarekin, eta parriletan jartzen ziren. Hegaluzearen haragi zuria enpakatzen hasi aurretik kontutan hartu behar da zein neurritako ontzian sartu behar den, zerran lan egiten duenak lataren lodieraren araberako tatoak moztu behar baititu.

Despiskan

Sareen mailak zabalagoak zirenean arrain txikiak mailetan trabatuta gelditzen ziren, eta txalupa lehorreratzen zenean arrain horiek –antxoa nagusiki- apurtu gabe mailatik atera behar izaten zen. Sarean etortzen zen antxoa, manjuakoa esaten zena, saretik libre etortzen zen, eta zuzenean otzaretara botatzen zuten, baina sareetan sartuta gelditu zirenak askatu egin behar ziren otzaretara bota baiño lehen, eta maniobra hau ondo egin behar zen, arraina apurtu gabe, aprobetxatzeko zen eta. Marenek dioenez arraina “… saritan enpatxaten zan. Ta gero ba harek sarik ba libra ein bihi’zin. Hartu /// kapoti edo zeoze jantzi norberak, hartu holanik, eta dsa, dsa, dsa, otzareta. Solta ta otzareta, solta ta otzareta… Ta gaiñea ondo jakin bihi’zendun soltaten ze, alperrik galdu baik”. Maren baieztatzen duenez despixkarako ez zuen edozeinek balio, arintasunaz gain trebezia behar zelako, antxoari burua apurtu gabe saretik askatzeko. Bi otzaratan botatzen ziren, tamainaren arabera, gero handiagoak kutxetan gainean jartzeko.

Arraina aprobetxatzeaz gain operazio honen bigarren helburua sarea garbitzea zen, Josebaren amonak zioenez kentzen ez zen antxoa buru bakoitzeko, antxoa bat gehiago harrapatzeko aukera bat galtzen zenuelako, litekeena baitzen hurrengo antxoa zulo berdinean gertatzea, eta ez trabatzea aurrekoaren burua kendu gabe zegoelako.

Despixkan” ez zegoen ordurik, gau eta egun lan egiten zen, premiaren arabera. Pilik ondo baino hobeto ezagutzen ditu despixkako kontuak, euren txalupak horren premia zuenean bera baitzen etxerik etxe joan eta zeregin horretan aritzen ziren emakumeei deitzearen arduraduna:

“Honek etorten zinin, despixkeruk, gure aittittak motorra zaatan ezautze’ban (…) hauntxe halakoxi ator ba tio Jose Mari, zan patroi, beran semi, geure tio, ontxe ator halakoxi: – Anda kontros, despixki, altza ein bihir despixka, despixkerúai diar eittea lehelengo. Ume moko bat nitxan ta jakiñ ein bihi’zan zeintzuk etorten zin despixka. Ta argirik bez on modun kalitan ta gauzetan ta…”

Ondarroako kale ilunetan barrena, etxez etxeko ibilalditxoa era honetara deskribatzen du: “Eta ni gazte, gazte, gazti dánai diar eittea juten nitxan: – Etorteko e tan tan tan tan tan, fulano! Etorteko despixka – Noa? – Koastenea – Bai, ondo da. Abante, bestea”. Ostera hauetan bizkor ibili beharra zegoen, sareak despixkatzeko premia zuten txalupa bat baino gehiago sartzen zirenean, euren arteko lehia egoten baitzen emakume trebeenak eskuratzeko. Hala, batzuetan, etxe batera heldu eta ordurako beste txalupa baterako hitza emanda edukitzea behin baino sarriago gertatzen baitzen. Gainera emakume hauek txalupa bat bukatzen zutenean beste batera joaten ziren, eskainitako alogeraren bila, “… hantxe irabazten gendun dirotxu bat ba”, Mirenen esanetan.

Despixka lanetan gizon zein emakume parte hartzen zuten arren, kontutan hartzekoa da emakume kopurua gizonena baino askoz altuagoa zela, gizonen kopurua txalupako arrantzaleetara mugatzen zen bitartean, emakumeak koadrilaka deitzen zituztelako. Trabatuta gelditutako arraina gutxi bazen despixka txalupan bertan burutzen zen, baina “… asko bazan ba ein bihi’zan altza moilla gaiñea, illaran jarri holanik, despixkan, hantxe eskiñan, moillan eskiñan ee moilla eskiñan jarri te, dale despixkan. Aa...”, kexatzen da Pili.

Despixka normalean gaur egungo Barazki Plazan burutzen zen, errio aldera zabalik zegoenean, “… ze dana libri zan, eta eskillarak bakarrik euazen”, Agurtzak dioenez. Plaza Gaina oraindik egin gabe bazegoen ere, plaza babesten zuen teilatutxoaren aterbean lan egiten zuten. Gizonek txalupetatik sarea Barazki Plazako moila gainera botatzen zuten, eta emakumeak arraina kendu ahala, sarea pasatzen joaten ziren. Sarea bustita egoten zenez, butxu-butxu eginda bukatzen zutela dio Mirenek:

“Eta han eskillaetatik altzate’ben txalopan ee sarik, eta altzate’oskuzen, ta gero guk e hartu, lau bost laun edo holan illaran jarten giñan, eta hartu e holan e hori, eta kendu te kendu… Hartu, kendutakun zati bat bota hona ostabe /// busti-busti-busti eindee…”

Barazki Plazaz gain Nasa Kaleko moila eta beranduago, Lesteko moila izan ziren despixkarako ohiko lekuak. Ordutegiei dagokionez, despixkara jaisteko abisua edozein unetan gertatu zitekeen, baina elkarrizketatuek gabeko lana gehiago gogoratzen dute. Agurtzak dioenez despixkan txandatan lan egiten zen, Mirenek zehazten duenez hiru txandatan, gaueko hamabietan hasita. Gauez hotz handia egiten zuenez Agurtzak kafesne beroa eta salda eramaten zizkion senarrari. Bere fabrikako nagusiari ez zitzaion gustatzen bere langileak despixkara joatea, nekatuago joaten zirelako bere fabrikara: “… ez gakon gustaten gure uazabai haraxe juti, ze esate’ban ze han biharra eindde, fabrikan bihir dan besteik ez dabela eingo”.

Arrantza mundutik bizi ziren familietako emazteen beste zereginetariko bat tretzetaz arduratzea zen. Hau da tretzak egitea, enkarnatzea –garnata ezartzea amuan- eta tretzak nahasten zirenean, askatzea. Baina azal dezagun lehenengo zer diren tretzak. Arraina sareekin harrapatu daiteke –antxoaren kasua-, edo kanaberarekin –atuna, esaterako-. Tretza, ordea, buiek eusten duten soka luze batean ezarritako amuen sistema da, normalean bisiguak eta lupiak harrapatzeko erabiltzen dena. Buia eta berunen bidez soka zein sakoneran luzatu nahi den neurtzen da, eta soka luze horretan, bost metrotik bost metrotara adibidez, beste soka meheagoak –subilak– ezartzen dira, eta hain puntan amua, garnatarekin. Tretzak luzatu eta denbora batez uzten dira. Zenbat eta arrain gehiagok irentsi amuak, tretzak pisu gehiago hartzen du, eta buiak gehiago ondoratzen dira. Hori izaten da tretzak batzeko seinalea. Baina ezer baino lehen tretzak egin egin behar dira, eta lan hori etxe barruan burutzen zen, emakume zein gizonek. Baina kontua da arrantzale bakoitza, hau da, familia bakoitza arduratzen zela bere tretzak egiteaz eta enkarnatzeaz, ez txaluparen jabea.

Tretzak egiterako orduan neurriak ondo hartzea funtsezkoa zen. Subilen luzera eta euren artean utzi behar zen tartearen arteko proportzioa gorde behar zen, subilak zenbat eta luzeagoak -edo tartea zenbat eta laburragoa- amuak elkarrekin nahasteko arriskua areagotzen baitzen. Zeregin horretarako mahaitxo berezi batzuk erabiltzen ziren. Jonek dioskunez bere aitak “… eukitze’ban, egurrezko mahai txikixak izaten zin, hamentxe eukitze’ban ultze bat, ta hamen holaxe ultzi, mahaixai sartute”. Amuak banan-banan iltze handi horretan trabatzen ziren, eta subilarekin orapiloa egin ostean, mahaiaren bukaerarainoko luzera ematen zioten, eta han moztu, subil guztiak neurri berdinekoak izateko. Jonek deskribapenarekin jarraituz:

“… hamen ultzin sartzen zan amu, sokiaz, amu josi sokiai, hamentxe, ta ha soki ekartzen gendun hona, ta ordun eitte’ban ebai, luzeri hartute eukitze’ban, hiruroi zentimetro, metro erdi eo… Ebai eitte’ban. Iual txorta baten berrotamar amo, ta gero harek amuk hartzen genduzen banan-banan, hola behetik agarrata, ta harek eitten gendun orapillu, harei danai. Soka guztiei, danai banan-banan-banan orapillu”.

Subil zati horiek buiek eusten zuten sokan lotzen ziren, elkarren artean bost bat metrotako tartea utziz. Garai hartako beste lan batzuekin alderatuz, ez zela lan gogorra diote elkarrizketatuek, batez ere etxe barruko epeletan burutzen zelako, baina bai astuna eta nekagarria. Bai behintzat tretza bakoitzak ehun amu inguru izaten zituela kontutan hartuta, eta familia bakoitzak bi edo hiru tretza egiteaz eta enkarnatzeaz arduratu behar zela.

Aurrerago aipatu denez, arrantzale familietako emakumeak lehenik eta behin txalupa jabearen arrain biltegira joan behar ziren, krixararen eskutik garnata jasotzeko. Emakumeak diogu eta ez emazteak, ezkonduta egon arren lan hori arrantzalearen amak betetzen zuen kasu bat baino gehiago aurkitu ditugulako. Arantzaren amak, adibidez, semearen tretzak enkarnatzen zituen, eta Arantzaren senarrarenak bere amak. Berak ez zuen lan hori maiz egin beharrik izan, baina tretzak enkarnatzeko prozesua ondo ezagutzen du:

“… bodega jun bihi’ziñan baldiaz bille ta emote’tsuen karnati, poto bi edo hiru poto edo, tretza bakoitxantzako ba honenbeste. Ta zuk ein bihi’zendun haxe, haxe ar haxe antxobi hantxe euana, hiru zati eitten gakon (…) beixe, beittik lehelengo sartze’zan amu, beixe, dobla ta buztena, holantxenik (…) eta abante ostabe, han zuz beste amuana. Ta amo batetik bestea iual eukiko’ban e metro bi edo metro bat edo (…) hantxe tablan ipinitte juten zin danak”.

Tretzak ondo enkarnatzen jakiteak bazuen garrantzia, eta emakume bakoitzak operazio horretan zuen trebetasuna edota kemena txalupan nabaritzen zen, tretzak luzatzerako orduan, ondo enkarnatuta ez zihoanaren garnata askatu egiten baitzen, tenik txikienarekin. Arantzaren esanetan “… hantxe be ondo enkarnata ixune ekarte’ban arrain gehixaua eta zeozelaik enkarnata ixune, bota antxoak juten zin ee, hara, kalatxoixakana, pir part, gorutz”.

Noizean behin tretzak nahastu egiten ziren, txalupatik luzatzeko operazioan: “Nahiku zan amo bat txarto, harek danak eruten zittuzen trabes. O obillu eindde jausten zin, eta harek alper alperrik euazen…”. Horrelakoetan askatu egin behar izaten ziren, soka moztu eta berriz lotzerik ez zutelako nahi. Arantzak dioenez: “… nahi ez ebai. Ze dana be ixango zan errezaua ebai te orapillu eitti, baiñe ebaitte be peni. Ta hareik ezin librata, luzera guztin ipiñi”. Nahastea oso handia zenean emakumeek kalera irteten zuten askatzera, gauzak artez egiteko lekua behar zelako. Emakumeen ardura izan arren, gizonek ere laguntzen omen zuten: “… etxin ezin bazan alameda ta bajaten zin, kofrai atzea ta kafeko atzea ta. Ta edozein gixonek laguntze’otsen. Ez nahi, apurtu nahi ez ta, ze apurtute gero orapillu, gero botateko ostabe txarto ba ta, libra nahi te hantxe”.

Pazientzia handia exigitzen zuen lana izaten zen: “Danak eukitte’ben amu te orapillu, amu te orapillu, gaitxe ixaten zan. Ta esakeri euan: – Zea. Mojak librako’tsue on hori e tretzioi, mojakana erun, haetxek dakarre pazientzixi ta”. Edonola ere, sasoi hartan telebistarik ez zegoenez, kaletik zebilen jende nagusiak eta umeek denbora izaten zuten, eta guztiek laguntzen zuten kalera ateratako tretzak askatzen. Arantzaren etxean trebeak ziren, baina hain trebeak ez ziren emakumeen oinazea aipatzen du, zeren “… derrigor ein bihi’zendun”.

ARRANTZALE FAMILIEN BIZIMODUA (I)

Hasteko, Ondarroako herritar gehienentzat arrantza ezinbesteko aukera zela aipatu behar da. Haurrek txikitatik zituzten lan ardurak (egurra biltzea, ur karriua, esnearen bila joatea…), eta behin nerabetasunera heltzen zirenean lanean hasten ziren, 11-12 urterekin komunio nagusia egin ostean. Haurra izatetik txo edo neskatila izatera behartzen zituen egoerak, bat-batean gainera. Praka luzeak itsasorako jazten zituzten estrainako.

Baldintza hauetan ez da harrigarria irakurtzen edota idazten ez zekitenak gehiengoa izatea. 1896an boto eskubidea zuten 763 ondarrutarretatik, 539 lagunek ez zekiten ez irakurtzen ezta idazten ere, eta horietatik 447 arrantzaleak ziren. Eskolaratze tasak hain baxuak izatearen arrazoiak, ekonomian txertatze goiztiarraz gain –umeak txikitatik hasten ziren despixkan, antxoari burua kentzen, anai-arreba txikiak zaintzen…-, eskolen euren baldintza eta egoera txarrean aurkitu behar ditugu. Bi eskola baino besterik ez zeuden, eta eurak erdaldunak eta higiene egoera kaxkarrean.

Familia guztiaren bizimodua itsasoari eta arrantzari lotuta zegoen. Eta familiarra zenez negozioa familia guztiak parte hartzen zuen, aiton amonengandik hasi eta bilobek arte. Haurren hilkortasun tasa oso altua zen eta bizi itxaropen tasa oso baxua.

Lana oso neketsua zen, gaurkoarekin alderatuz. Baporeen aurretik arraunean egin behar zen, edo haizearen menpe gelditu. Marea ere zaindu beharra zegoen, bai itsasoratzeko orduan, baita lehorrerakotan ere. Errioa “dragatzeaz” emakumeak arduratzen ziren, marea behean zegoela kopaletak hartu eta uxolak ekarritako basa eta harriak ateratzen. Mareaz gain, bat baino gehiagok Ondarroa kabran igaro behar izan du gaua, ilundu eta lehorreratu ezinik. Itsas hondamendiak gertatzen zirenean herriak haustura demografikoa jasaten zuen, sasoian zeuden gizonak galduz. Alargun berriak, horrenbeste umezurtzez kargutu ezin eta erbestera bidali beharrean aurkitzen ziren sarri. Umeengan deserrotzea beste arrisku bat zen.

Arrantza mundura itzuliz, lan ordu kopurua izugarria zen. Fogoneroak eta deitzaleak goizaldeko 3:30ean hasten zuten euren jarduna, goizeko lauretarako txalupa galdarak presio nahikoa eduki behar baitzuen, abante egiteko. Domeka eta jai egunak izan ezik, beste egun guztietan itsasora irten behar zen, eguraldiaren arabera. Atunetara joaten zirenean egunak igarotzen zituzten etxera etorri gabe; hasieran txalupek ez zuten kamañarik, eta arrantzaleek elkarren gainean lo egiten zuten. Dutxarik lehorrean ere ez zegoen, eta txalupan kaka, aberatsak zein pobreak atzeko latinetik egin behar. Atun kanpaina osoa Santander aldean igaro ostean, fogoneroek eta makinistek bertako erreketan garbitzeko ohitura omen zuten, azalean pilatutako ikatz eta kedar geruzak. Makina bat marinelek bizia erdia baino gehiago igaro dute etxeko ohean ez lo egin gabe, eta familiaren makina bat poz eta ospakizun ezin izan dituzte elkarrekin bizi. Horrek sortarazi omen du itsasoko emakumearen izaera indartsua.

ARRANTZALE FAMILIEN BIZIMODUA (II)

Jakia bakoitzak eramaten zuen bere jaki-potoetan; janari gorabeheran aukera handirik ere ez zegoen. Gehienetan eurek arrantzatutako arraina zen, sasoian sasoikoa. Txalupara edateko ura eramatea, txoaren ardura zen, eta ez edonongoa: batzuei soilik San Juan Txurrukoa gustatzen zitzaien. Ura ere neurtuta erabiltzen zen, galdarak ere ura behar zuen eta. Hainbat etxara eta eskuz ala ondoren, porturatu, deskarga, despixka egin eta gero sareak garbitu eta lehortzeko eskegi, batzuetan tindatu eta konpondu ere. Etxe batzuk bodega bihurtzen ziren,eta neguan etxeko gelarik onena treinkajarentzat gordetzeko erabiltzen, txalupak eta tresneria zirelako euren ondasun bakarrak.

Salmentak ez ziren beti onuragarriak gertatzen. Lehia bizia egoten zen bentara lehenen iristeko. Gainera, hondarrez blai zegoen itsasadarrean sartzerakoan, arrainaren pisuaz txalupek ondoa jotzen zuten sarri, eta arrantzale gajoak txalupatik jaitsi eta gerriraino uretan sartuta, bultzaka eta atoian, ahal zen moduan bentara lehenak ailegatzeko. Ikustekoa! Kanpaina eskasa gertatzen zenean familia asko zorretan bizi ziren, eta dendan zotzean utzi behar eguneroko ogia. Eguneroko dieta oso pobrea zen, eta hiruzpalau produktutan oinarritzen zen, inguruko baserrietan landutakoak: porru salda, berakatz zopa, baina patatak, indiabak, gaztainak, sagar erreak, taloa eta morokila.

Lan baldintza gogor hauetan, oreka emozionala gordetzea ez da batera erraza. Etxetik aparte, bizitza arriskuan, irabaziak txikiak eta ziurtasun gabekoak, atseden gutxi eta atun kanpainan familiaren berotasunik gabe… Baldintza hauetan ez da harritzekoa hainbat eta hainbat arrantzale ardoaren atzamarretan erori izana. Ordu gutxi daude lehorrean igarotzeko, eta neurri gabeko jan edanak kulturalak dira. Esaera batek dioenez: “Ardaun mozkorra txarra da, baiñe txarraua da urana”. 1925ean egindako inkesta batek aitortzen duenez, Ondarroako gaixotasunik arruntenak tuberkulosia eta alkoholismoa ziren.

Etxebizitzen egoerak ez zuen laguntzen osasuna mantentzen. Aipaturiko inkestak argitzen digunez Santa Klara kofradiako arrantzale guztiak alokairuan bizi ziren. Etxebizitzak txikiak ziren, argitasunik eta aireztapenik gabekoak, umelak… Familiak ugariak ziren, eta etxe barruan ez zegoen komunik ezta ur korronterik ere, berandu arte.

Bizimodu gogorra, baina era berean erakargarria. Bere xarma izango du itsasoak, jubilatu ostean ere makina bat arrantzale adintsu ikusten baita Ondarroako betiko itsasoak zaintzen.

OHZ II. Errepublika garaiko ondarrutar idazleen kronikak jaso eta katalogatzen dabil. Lan horren berri emateko eta idazle horiek zeintzuk ziren erakusteko, 2009ko uztailean erakusketa bat ikusi ahal izan da Ondarroako Kofradia Zaharrean.

P1000757

P1000759

OHZk eta Mutrikuko herritar talde batek Saturrarango espetxeari buruzko jardunaldiak burutu zituen 2008ko azaroan. Bertan erakusketa bat ikusi ahal izan zen eta hitzaldiak entzun. Gainera, espetxean egondako emakumeei eta hauei lagundu zieten Mutriku eta Ondarroako familiei omenaldia egin zitzaien.

Horretaz gain, OHZ  espetxekoei lagundu zieten familien izenak batzen dabil. Hemen duzu zerrenda:

Laguntzaileen zerrenda

Hildakoen zerrenda

Bateren bat falta dela ikusten baduzu abisatu!

Bideo guztiak hemen: http://www.youtube.com/user/ondarroakohz

dscn7742

dscn7767

dscn7776

dscn7832

dscn7825

dscn7865

dscn7871

dscn7875

pasion3

3280957

OHZk Jose Mari Etxaburu “Kamiñazpik” bildutako herriko abestien liburua argitaratu zuen.

pict10371

sin-titulo

Jose Mari Etxaburu “Kamiñazpi” ondarrutar euskaltzale eta idazleari omenaldia egin zion OHZk eta Kamiñazpiko herritar talde batek 2008ko ekainean, auzoko jaiak zirela aprobetxatuta. Gainera, “Kamiñazpiren” Ondarroako Abestiak liburua ere argitaratu zuen.

Jose Mari Etxaburu 1913ko irailaren 23an jaio zen Ondarroan eta 2006ko abenduaren 28an hil Hondarribian. 1966ko azaroaren 25ean euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Hemen klikatuz, bere Neure lau urteko ibillerak liburua irakurri dezakezue.

“Kamiñazpiren” bibliografia

  • Txolintxu (1972, Edili)
  • Ondarribia-ko kondaira (1986)
  • Neure lau urteko ibillerak (1989, Auspoa)
  • Neure idazlan bilduma (1991)
  • Ondarroa’ko kontuak (1995, Auspoa)

Argazkiak. Omenaldia Kamiñazpiren etxen aurrean:

Kamiñazpiren etxe aurrean omenaldia

Omenaldia KAmiñazpiren ertxe aurrean 2

Gainera, Kamiñazpi auzoaren sorreraren 50 urteurrena aprobetxatuta, OHZk argazki zaharren erakusketa bat egin zuen, auzotarren laguntzarekin.

004

009

Kamiñazpi auzoaren inaugurazio ekitaldia, 1958ko ekainaren 23an:

73-kaminazpi-1958-06-23

Kamiñazpi 1957an:

33-1957

Ibaiondoko etxeak egiten:

kaminazpi03